Urriak 21, «Nafarroa Oinez» Altsasun

Nafarroa Oinez 2018

Nafarroa Oinez 2018


Laugarren Oineza. Zergatik? Urteak aurrera egin eta ikastolaren proiektuak bere horretan jarraitzen badu ere, gure ibilbidearen hasieran sortutako azpiegiturak zaharberritze baten beharrean daude. Horixe da besteak beste, aurtengo helburuetako bat. Hori eta gure hezkuntza eredua sendotzen eta zabaltzen jarraitu, ikastolan eta kalean, euskara eskolan bai baina kalean ere ezaguna eta erabilia izan daitezen.


Lehendabiziko Nafarroa Oineza Altsasuko ikastolak eta Etxarri Aranazkoak antolatu zuten elkarlanean, 1981. urtean.

Etxarri Aranatzek eta Altsasuk ikastola bana sortu ostean, 1993. urtean, Iñigo Aritza ikastolak antolatu zuen bere bigarren Nafarroa Oinez festa. Gaur egun ikastolako gure ikurra den txoria orduko Nafarroa Oinezerako diseinatu zen.

Eta 2005ean Iñigo Aritza ikastolak berriro ere Nafarroako ikastolen festa erraldoia antolatu zuen, Oinknez! leloarekin.

Orain, 2018ko urriaren 21ean Nafarroa Oinez festa antolatzeko erronka dugu aurrean.

Erronka berria, inklusiboak izan

Aurten erronka berri bat dugu eskuartean: Nafarroa Oinez INKLUSIBOA egitea.

Zer esan nahi du horrek? Beno bada urteak dira gure ikastolak inklusibitatearen aldeko apustua egin zuela, pertsona guztientzako kalitatezko hezkuntza baten bidean eta ikasleen aniztasunari arreta jarriz.

Oraingoan ikastola espazio fisikotik atera eta aisialdian benetako pausu kualitatibo bat emateko erronka abian dugu. Honela, Nafarroa Oinez inklusibo bat diseinatu eta garatzeko apustua egiten dugu. Egingo ditugun ekitaldi eta jarduera guztietan inklusiboak izaten ahaleginduko gara, hori da gure apustua eta gure erronka.

nafarroa_oinez_2018_egitaraua