PSNren hizkuntz politika

Bandera Navarra - Euskera

Bandera Navarra - Euskera


.

..

2020-09-16ko Aldizkari Ofizialean deialdi bat argitaratu da fisioterapeuten lanpostuak betetzeko, Osasunbiderako. Hartan, alemanak, frantsesak eta ingelesak bi puntu ematen dituzte bakoitzak, eta euskara ez da baloratzen eremu mistoan eta «ez-euskaldunean».

UPNk eremu mistoan behintzat baloratzen zuen. 2020ko otsailean jada Nafarroako Kontseiluak erabaki zuen euskara balora zitekeela Nafarroa guztian, inolako trabarik gabe, hizkuntzak oro har baloratzen zirenean, kontuan izanik, gainera, euskarak estatus handiagoa duela atzerriko hizkuntzek baino (Nafarroako Kontseilua da Nafarroako Foru Komunitatearen organo aholku-emaile gorena). Urtebete darama PSNk horrela jokatzen.

Txibite lehendakariari elkarrizketa egin zioten irailaren 1ean SER irrati katean, eta hartan galdetu: «Hain zaila al da Nafarroako berezko hizkuntza bat arautzeko ados jartzea?», eta Txibitek erantzun: «Bada lantalde bat lanean ari dena…» Eta horrela igaroko da legealdi guztia: atzerriko hizkuntzak baloratzen eta euskara baloratu gabe.

Bestalde, Gimeno kontseilariak berriki ukatu die Mendigorriko familiei euskaraz ikasteko aukera. «Nik ez dut ezertxo ere Mendigorrian euskarazko eredua ezartzearen aurka» esan zuen Berrian, irailaren 5ean. Nola sinetsiko diogu? PSNk 2019ko urtarrilaren 11n zabaldutako tweet, batean, Gimenok esan zuen D eredua, euskarazko irakaskuntza, «segregatzailea» zela. Euskarazko irakaskuntzaren etsaia, Hezkuntzako kontseilari. PSOEren La lucha de clases astekariak, 1899an, esaten zuen: «Euskararen heriotzaren alde gaude (…) Espainiera ez diren beste hizkuntzek eragiten dute jendeak etsai gisa ikustea elkar, anai-arreba gisa ikusi ordez». PSNrentzat, euskarazko irakaskuntza «segregatzailea» da. Ez dira asko aldatu.

ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA


Arartekoaren gomendioa: Eremu mistoan ere, Euskara gutxienez atzerriko hiskuntzen pare

Nafarroako Arartekoak hainbatetan gomendatu dio Nafarroako Gobernuari euskara baloratzeko gutxienez ere atzerriko hizkuntzen pare, legeak «eremu ez-euskaldun» deitutakoan. Oraingoan, ordea, gomendio bera egin dio baita mistorako ere; izan ere, PSNren, Geroa Bairen eta Ahal Duguren gobernu hau hasi da euskara ez baloratzen eremu mistoan ere, alemana, ingelesa eta frantsesa baloratzen dituen bitartean.

Zehazki, hau dio Arartekoak abuztuaren 24ko Q20/458 espedientean:

Arau baten bidez berma dezala «euskara, Nafarroako berezko hizkuntza izanik, ez dela baloratuko atzerriko hizkuntzak baino gutxiago, horiek merezimendu orokor gisa baloratzen direnean».

Eta bai, Nafarroako Gobernua ari da arau hori prestatzen, baina urtebete baino gehiago igaro da eta bitartean alemana baloratzen eta euskara EZ baloratzen aritu da eremu mistoan eta «ez-euskaldunean». Zenbat denbora beharko dute PSNk, Geroa Baik eta Ahal Duguk euskara atzerriko hizkuntzak ADINA gutxienez baloratzen hasteko? Zergatik ez dago arazorik alemana, ingelesa eta frantsesa baloratzeko lan deialdietan eta zergatik dago hainbeste arazo geure hizkuntza baloratzeko? Zenbat denbora gehiago beharko da geure hizkuntza gutxienez atzerriko hizkuntzak adina baloratzeko Nafarroa guztian?

ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA