Museo bilakatu nahi duten Euskal Herria defendatzeko herri-uholdea piztu du Nafarroaren Egunak

Nafarroaren Eguna 2018 Baigorrin
Nafarroaren Eguna 2018 ˆ Saint Etienne de Baigorry

Zigante, basajaun, dantzari eta musikarien festak Baigorri euskal kulturaz blaitu du igandeon. Nafarroaren Egunean piztu den herri-uholdea indartzeko deia egin du Basaizea elkarte antolatzaileak, euskararen eta Euskal Herriaren kontra eraikitzen ari diren murruak eraisteko.

Hegoko edo iparreko, dena nafar da igandeotako bezalako egunetan, eta Nafarroa anitzenaren euskara bakarrak «uholde» bat sortzeaz hitz egin du, saltzen jarri nahi duten euskal folklorearekin hausteaz, herri hau arriskuan jartzera datozen masa turismoak, makroproiektuak, hizkuntzaren aurkako oldarraldi judizialak Euskal Herria galtzera eraman ez dezaten, borrokatzeaz eta saretzeaz.

Euri-iragarpenak atzera bota ez dituen oro udaberri giroko Baigorri eder batekin topatu dira; ezin giro hoberik Nafarroaren Eguneko festarako. Goizean mauka motza janztera atrebitu ez direnak damu ziren eguerdirako, eta ziganteen gonapean gerizpea aurkitu duten dantzariek izerdiz bustita amaitu dituzte emanaldiak.

Atera dira, zalapartatsu eta mehatxari, basaldun iletsuak, muturra bezain zorrotz hortzak, Baigorrin ziren haurrak izutzera. Altxatu dira ziganteak beheko jende-saldoa zorabiatzera; biratu dituzte makilari gazteek, zirkuko artistek bezain trebe, makilak eskutik eskura, eta kriskitinak kolpatu dituzte dantzariek. Abiatu da nafar artisten oldea Beheko Plazatik goikora, kalearen ertz biak jendez lepo zirela. Berotan egin dute ibilbidea, baina dantzariek adi izan dituzte lagunak, geldialdiro garagardo trago batez lagundu baitiete. Tradizioak, baina, ez du zertan zorrotz izan behar: txistu eta danborrez bestelako doinuak eskaini ditu elektrotxarangak, eta txokolatez zikindutako aurpegiek salatu dute ume askok nahiago izan dutela nutellazko taloa hartu, xingarrezkoa baino.

Desfilea Goiko Plazara iristerako, tranpetan zen ehunka pertsona, batzuk merkatuko larruzko zapatilei, belarritakoei edo artilezko txanoei begira eta, beste batzuk, Baigorriko ikastolan jarritako txosnan eztarriak bustitzen. Baina aise inguratu dute denak plaza, kasik bata bestearen gainean jarrita, emanaldia ikusteko.

Anauzetik erdu dira duela 15 urte Euskal Herriko bazterrak ikaratzen hasi ziren basaldunak, eta makilak aireratu eta bueltan jaso dituzten makilari gazteak. Ziganteetako batzuk, berriz, Tafallatik etorri dira, eta etxean ziren besteak, Baigorrikoak. 120 dantzari biltzen dituen Ortzadar dantza-taldeko kideak goizean goiz abiatu dira Iruñetik, baina, antza, Baigorriz tronpatu dira eta berandu iritsi, baina garaiz, hanketako txintxarriak saltoka astintzera.

Zigante, dantzari, basaldun eta musikarien emanaldien atzetik, bertsolariek «urte guztian nafar eta euskaldun» izateko grinari kantatu diote, eta festa antolatzen duen Basaizea elkarteko kideei pasatu diote hitza.

«Euskara bera euskaratik sustatu dezagun eta gure arnasguneak sor ditzagun»

«Defendatu dezagun gure etxea»

«Nafarroaren Eguna, gaur ere, herri-uholdea osatzeko eta ospatzeko eguna da», agertu dute Basaizeakoek. Uholde horrek, baina, gaurtik landa ere «martxan» behar duela ohartarazi dute, asko baitira Euskal Herriaren kontra, eta bereziki euskararen aurka, altxatzen ari diren murruak.

Zentzu honetan, euskararen kontrako oldarraldi judizialaz aritu dira, ez baitute nahi hizkuntza «justizia erabakien jomuga izaterik». «Instituzioen ahulezia eta hizkuntzaren gainbehera handiak diren heinean, euskaratik eta euskaraz antolatu daitezen. Ez dugu nahi euskara bigarren planora pasatu dadin. Borroka gaitezen, hizkuntza gure lehentasuna izan dadin», aldarrikatu dute.

Plazan eskegita zegoen pankarta batek, hain zuzen, zera zioen: ‘Elebitasun orekatuari ez! Euskal Herrian euskaraz!’. Eta, zentzu honetan, berretsi dute «faltsua» dela elebitasun orekatuaren kontzeptua, eta ez dutela halakorik onartuko, «aniztasunaren aitzakiarekin» egin nahi badute ere. «Euskara bera euskaratik sustatu dezagun eta gure arnasguneak sor ditzagun», berretsi dute.

Hizkuntza «marketing eta folkloreko» produktu bilakatzeko ahaleginak antzeman dituzte, eta «gure herria museo batean sartzeko» asmoak gaitzetsi dituzte, gero turistei erakusteko. «Herrian bizitzeko gogoa ez da sekula itzaliko, ez eta masa turismoaren kontra borrokatzeko nahia ere ez», baietsi dute.

«Erakuts dezagun ez garela produktu soilak, baizik eta egiten eta antolatzen den herria», esan dute.

Beraz, euskararen eta euskal identitatearen kontra altxatzen ari diren murruak eraistera dei egin dute, ez baitira gutxi. Horretarako, «iturri txikietatik» sortzen den herri-uholdea indartu behar dela nabarmendu dute, gai izateko «herri kultura zabaltzeko eta mugaz gaindiko sareak osatzeko».

Ohartarazi dute halaber, Euskal Herriko lur eta paisaiak mehatxatzen dituzten makroproiektuen inguruan, Erdizeko kasua aipatuz, eta «lurralde erakargarri gisa promozionatu» ostean bertan planteatzen diren etxebizitza proiektu handiak gaitzetsi dituzte.

«Merkatuko arauen kontra eta herria museo bihurtu ez dadin, defendatu dezagun gure etxea. Sor ditzagun gure kultura hauspotzeko gune gehiago, herria eraikitzeko bidea kulturak eta hizkuntzak emanen baitute. Sor ditzagun gure hizkuntza eta kultura plazaratzeko gune eroso eta seguruak», ondorioztatu dute.

Naiz