Jai giroa nagusi Nafarroaren Egunaren 40. Urteurrenean

Nafarroaren Eguna 2018 Baigorrin
Nafarroaren Eguna 2018 ˆ Saint Etienne de Baigorry

Nafarroaren Eguna 2018 Baigorrin Nafarroaren Eguna 2018 ˆ Saint Etienne de Baigorry



Errepide erdian behiak ager daitezkeela ohartarazteko bide bazterretan diren panelen ondoan ezarritako pankartek Euskal Herri osotik gerturatu ziren euskaltzaleei ongi etorria ematen zieten: “40. Nafarroaren Eguna, 1979-2018”.


Autoa non aparkatu esateko herri sarreretan peto berdeekin ziren antolakuntzako kideek bisitarien galderak erantzuten zituzten, eta, haien ondoan, oinez gerturatzen zen jendeari esku orriak banatzen zebiltzan elkarte desberdinetako kideak zeuden. “Check Point” gunea pasa ostean, Baigorriko kaleak, beste behin ere musikaz blai ziren.

Ekitaldia, Gaineko Plazan

«Dantzariak plazatik abiatuko dira, eta han bada eliza ondoan, Gaineko Plaza, han izango dira ikuskizunak», erantzuten zion informazio guneko boluntario batek familiarekin egun pasa gerturatu zen gipuzkoar bati.

Baigorriko ikastolako gurasoek eskainitako gosariek sekulako arrakasta izan zuten. Goizeko hamaiketan, esku bakoitzean arrautza bana zuela, sukaldari batek iragarri zuen: «Azken arrautzak dira». Ordurako 300 gosari banatuak zituzten.

Artean, musikariak norabide guztietan gurutzatzen hasiak ziren, dantzariak beroketa lanetan zebiltzan, eta kale nagusia zeharkatu behar zuten jiganteen arropen jostunak ere azken ukituak ematen ari ziren.

Baigorriko erdigunetik abiatu zen desfileari bidea irekitzeko ardura Anhauzeko joaldunek hartu zuten eta haiek izan ziren Eliza ondoko frontoira iristen lehenak. Haien atzetik, Amikuzeko makilariak sartu ziren, eta, horrela, pixkanaka, plaza dantzari, musikari eta erraldoiez bete zen.

Altsasurekin anaikidetza

Donapaleuko dantzariak, Elizondoko gaiteroak edo Uztaritzeko Txaranga, guztiak aurkeztu zituen aurkezleak, baina, «elkartasunez, aparteko esku zartak» eskatu zituen Altsasuko Etorkizuna dantza taldeko kideentzat. Izan ere, aurtengo Nafarroa Garaiko gonbidatua Altsasu zen. Basaizea elkarteko Amaia Kastorenek «sostengu osoa» erakutsi eta zera aldarrikatu zuen: «Injustizia honen aitzinean, guztiok izan gaitezen euri tanta, uhin handi bat osatzeko».

Duela 40 urte Nafarroaren Eguna antolatzen hasteko zituzten arrazoiek egunerokotasun handikoak izaten jarraitzen dutela ohartarazi zuen Kastorenek, eta, «bakea eraikitzeko tenorea» den honetan, «gurekin ez direnak» ere gogora ekarri zituen.

«Gora Nafarroa» eta irrintzilarien aiene indartsuekin amaitu zen hitzaldiaren ostean, dantzaldi jendetsu bat hasi zen, eta, zeruak ateri eutsi zion artean, giro bikaina izan zen. Mintzalariaren esanetan, «mirakulu bat gertatu da, ez du euririk egin».

Berrogeigarrenez

Ez zuen, ordea, asko iraun «mirakuluak», Elizondo gelan ekitaldi instituzionala egiten ari zirenean erori zen-eta lehen euri jasa. Politikari ezagunez lepo zen aretoan, besteak beste, Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramaileak hitz egin zuen herrialdeen arteko «anaitasuna» eta urtean zeharreko elkarlana goraipatzeko.

Aitzitik, kalean ez zen ekitaldi solemneentzako lekurik. Herri bazkarirako ia mila txartel saldu zituzten, eta, denborak aurrera egin ahala, jendea Baigorriko plazan pilatzen hasi zen. Karpa batean kontzertuak, beste batean jakiak, eta musika eta giro ona nonahi. Berriz ere bestak Baigorri hartu zuen, eta, urtero lez, gaua erori arte atsedenik hartu gabe jarraitu zuen, aurtengoan, berrogeigarrenez.

Gara, 2018/04/30



Nafarroa osoa elkarturik, Baigorrin

Nafarroako Egunaren 40. edizioan, ekimenaren sortzaileak eta Altsasuko gazteak gogoan izan zituzten antolatzaileek


Nafarroa osoa elkarturik, Baigorrin.


Nafarroa osoa elkarturik, Baigorrin.

Ehunka lagun elkartu ziren atzo Baigorrin, urtez urte gero eta jende gehiago biltzen dituen Nafarroaren Eguna ospatzeko. Berrogehigarren edizioa izanda, urteurren berezia zuen ipar eta hego Nafarroaren elkartasuna erakustea helburu duen bestak, eta merezitako moduan ospatu zuten Euskal Herri osotik bertaratu ziren guztiek. Basaizea elkarteak, bestaren antolatzaileak, ekimena zertarako sortu zen gogoratu zuen: «Mugarik gabeko Nafarroa baten zizelkatzeko, eta bide beretik, Euskal Herri batu bat eraikitzeko». Hala, tradizioa, folklorea eta, nola ez, euskera izan zituen ardatz nagusi bestak. Eguraldia lagun izan zen egun osoan zehar, euria mehatxu bazen ere.

1978-2018 lemapean, goizean goizik ekin zitzaion egun handiari, 08.00etatik 11.00tara luzatu zen eta Txakatuk taldeak alaitu zuen askariarekin. Halaber, artisau merkatua eta euskal makil borroka erakustaldiaz gozatzeko parada izan zuten bertaratu zirenek. Gaineko plazan, folklore erakustaldi ederra eskaini zen ondoren: dantza taldeak (Altsasuko Etorkizuna, Donapaleuko Burgaintzi eta Baztango dantza taldea), erraldoiak (Baigorri, Elizondo eta Donapaleukoak), txarangak (Kuxkuxtu, Ezpela eta Uztaritzeko txaranga), gaiteroak, txistulariak, trikitilariak…

Goiz erdian ospatu zen desfile tradizionalean izan zuen egunak bere une gorena, ordu horretarako jendez beteta baitzegoen Baigorri. Jende ezagunaren artean, hego Nafarroako arlo politikoko ordezkarietako batzuk ikusi ahal izan ziren, María Solana Hezkuntza kontseilaria edo Floren Aoiz politikaria erraterako.

«1978an egin zuen bere lehen agerraldia Nafarroaren Eguna ekitaldiak», gogoratu zuten antolatzaileek, desfilearen akabailan, jendez gainezka zegoen Baigorriko plazan. «Gaur, lehen antolatzaileak omendu nahi genituzke. Denboran haiek erein zituzten haziak loratu dira. Xedeak zituzten, euskararen erabilpena sustatu, euskal kultura hedatu eta Euskal Herri batu bat eraiki».

Basaizeko kideek, halaber, Altsasuko gazteen prozesua gogoan izan zuten egun berezi honetan, eta Altsasuko Gurasoenganako elkartasuna agertu, horrelako gertakariak bake prozesuaren kontra jo-tzen dutela azpimarratuz. «Injustizia honen aitzinean, bakoitza izan gaitezen euri tanta, denak elkartuz uhin baten sortzeko eta gertakari honi aterabidea emateko».

Eguerdian, 1200 lagun ingururentzako bazkari herrikoia eman zen Ezpela, Uztaritze eta Kuxkuxtu txarangen animazioarekin, eta arratsaldean aitzinera jarraitu zuen bestak. Haurrek, Irrien Lagunekin gozatzeko parada izan zuten eta, Herriko Etxearen atarian, Niarawa batukadak, Bokale Brass Bandek eta Jaia Txarangak eguna alaitu zuten euren musikarekin. Plazan, dantza erakustaldiaz gain, hainbat kontzertu eskaini ziren arratsalde partean (Kiki Bordatxo, Zezenaren taldea, Tximberos karaokea, Kuartz eta Anita Parker) eta TirriyTery-ren musika pintxaldiarekin eman zitzaion akabera bestari, goizeko ordu txikietan.

Diario de Noticias, 0 de Abril de 2018