Zabalza biktima deklaratzea urrats handia izanagatik, bidea falta da

mikel_zabalza

Mikel Zabalza Garateren sendiak sentimendu «gazi-gozoak» izan zituen atzo Orbaizetan egin zen ekitaldian. Orain 36 urte etxean agertu eta atxilotuta eraman zuten Mikel, eta handik 19 egunera hilik itzuli zuten. Biktimek egia, justizia eta erreparazioa behar dituzte. «Gu hirugarrenetik hasi gara, baina ez diegu uko egiten aurreneko biei».

Mikel Zabalza Garate torturaren biktima deklaratu du Lakuako Gobernuak, eta familiarentzat «aurrerapauso handia» izan da. «Erreparazioa ebazten du eta badu egia eta justizia parte txiki bat ere, printzipio horiek elkarri lotuta daudelako», adierazi zion GARAri Idoia Zabalza arrebak Orbaizetako omenaldiaren ondotik egindako elkarrizketan.

Urrats garrantzitsua izanagatik, ez diete uko egiten egia eta justiziari. «Bide luzea gelditzen da egiteko».

1952an Mikel jaiotzen ikusi zuen herrian, 1985ean gertatutakoa eurena bezala bizi izan duten herrikideekin batera, Lakua eta Nafarroako gobernuetako ordezkariak bildu ziren atzo. «Urte hauetan instituzioen aitortza sumatu dugu eta horrek babestu egiten gaitu», nabarmendu zuen arrebak.

Jendartea eta justizia

Auzitegietan, ordea, bi saiakera egin eta biek huts egin dute. «Bide hori guztiz itxita dago une honetan; aurrean dugun horma handi bat da, ez gara pauso bat ere mugitu, nahiz eta zantzuak eta frogak agertu diren bertsio ofiziala bertan behera utz zezaketenak. Ez dute ezertarako balio izan».

Bertze aldean, «gizarteak ez du inoiz ontzat hartu bertsio ofiziala. Baina gizartearentzat egia dena justiziarentzat ez da egia». Azken audioak, kasua zabalik zegoen bitartean aurkeztu baina frogatzat hartu ez zirenak, duela urtebete eman ziren ezagutzera eta zalaparta handia sortu zen. «Ondorioz, Nafarroako Parlamentua, Donostiako Udala, Iruñekoa, alderdi guztiak etorri ziren bat kasua argitu behar zela eskatzeko. Baina, berriz ere, hain agerikoa den gauza batean, edozein ideologiatakoek argi ikusten badute ere, inori ez dagokio pausorik ematea, bakarrik guri, froga berriak aurkeztuz eta abar. Argi gelditu zen Espainiako Gobernuak eta Estatuko fiskaltzak ez dutela pausorik emanen argitzeko».

«Badakigu zein dugun aurrean: Estatuaren instituzio batzuk, irmoki, eta inor ez da haien kontra joatera ausartzen. Instituzio horiek blindatuta daude, garaian Estatuko indar polizialek egindako guztia itxita mantentzen dute ezagutzera ez emateko».

Arretxe, Aierbe eta gurasoak

Omenaldi ekitaldian, Mikel Zabalzarekin batera atxilotu zuten Jon Arretxek zer utzi zuen oroitu zuten. «Bere esperientzia pertsonala idatzi zuen liburu batean, baina neurri batean Mikelena ere bazen, eta tortura jasan dutenena. Balio handia du, tortura jasan duten pertsonek oso zaila izaten dutelako zer bizi izan zuten eta nola eragin zien adieraztea, eta Arretxe hori guztia esateko gauza izan zen. Tortura dagoela egiaztatzeko ezinbesteko testigantza utzi zuen».

Idoia Aierbe Mikelen bikotekidea zena duela urte gutxi hil zen. «Ezin duzu imajinatu Mikelen heriotzak nola markatu zuen bizitza osoan, atxiloketak ere bai, baina laguna bertan gelditu zen eta zauri hori betiko izan zuen, gogor gainera».

«Gure gurasoak ere sekulako minarekin joan ziren. Hau aringarri bat izango zatekeen eurentzat», agertu zuen Idoia Zabalzak. «Argia itzaltzen da, hotza egiten da nagusi, eta halako ekitaldiek bero puntu bat ematen digute. Babesa sentitu izan dugu beti, oro har gizarte osoarena eta bereziki Orbaizetako eta Aezkoako jendearena. Haiena bezala bizi dute Mikelena».

«Orain esaten zidan Mikel hil zutenean alkate zenak inork ez zuela pentsatuko Euskal Herriko txoko honetatik halako zarata egingo genuela. Lehenik mugitu zirenak Aezkoakoak izan ziren eta horri eutsi diote, beti lagun izan ditugu».

Berezia emaitza izan zen

«Torturak eragindako puntako kasu bat» izan zen Zabalzarena. «Kontziente gara emaitza izan zela bereziena: hilik agertu zela, baita eman zuten bertsio aldrebesa ere. Gainerakoa milaka pertsonak izandako esperientzia bera da: tortura».

Gogoan izan zuten hori ekitaldian. «Ez zen salbuespen bat, aitzitik: ongi diseinatutako estrategia bat izan da, agente asko behar izan zituena, goitik behera antolatua, inpunitatean egin dena, ondorioz milaka biktima utzi dituena».

Artolazabal, sendiarekin

Ana Ollo Hualde Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako sailburuarekin eta Orbaizetako Udaleko kideekin batera, Lakuako Gobernuaren ordezkaritza bat izan zen Orbaizetako Olan, Zabalza familiaren etxean, egindako omenaldian, Beatriz Artolazabal Justizia sailburua buru. Honek Zabalza biktima gisa onartzen duen ebazpena eman zion familiari. Bertan, motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan, Mikel giza eskubideak urratzearen biktima dela onartzen da. Balorazio batzordeak aho batez erabaki du hori, 50 orrialdetik gora dituen dokumentu batean, zeinetan zalantzan jartzen den bertsio ofiziala.

Horretaz gain, batzordeak «Estatuko erakundeetara jo dezatela» gomendatu die Lakuari eta Gasteizko Legebiltzarrari, «zentzu berean jardun dezaten, aztertutako gertakarietan Segurtasun Indar eta Kidegoek duten erantzukizuna kontuan hartuta». «Gaur egun oso berezia da, Mikel Zabalzaren egiaren bidean urrats garrantzitsua eman dugulako», adierazi zuen Artolazabalek. «Gaur, egiaren izenean, ebazpenak hitzez hitz aipatzen duen bezala, behar bezala egiaztatuta geratu dira bai 1985eko azaroaren 26tik abenduaren 15era bitartean gertatutakoak, bai Estatuaren eta Guardia Zibilaren agenteen inplikazioa».

«Indarkeriaren eta eskubide urraketen biktima guztiak lehen mailako biktimak» direla baieztatu zuen sailburuak. «Gaur, hemen, Orbaizetatik justiziarako eskubidea gauzatzeko eskatzen dugu. Bere heriotzak, bere egiak, amaierara iristea eskatzen du», azpimarratu zuen.

Gara, 2022/02/28