Vianako eta Lodosako ikastolen Oinez Basoa bikoitza izanen da

Oinez basoa Lodosa-Viana

Oinez basoa Lodosa-Viana


Lodosako Ibaialde eta Vianako Erentzun ikastolek, elkarlanean abian jarri duten Oinez Basoaren edizio berria aurkeztu zuten atzo. Lehenengoz bi ikastolen artean antolatuko den Nafarroa Oinezak bere neurriko Oinez Basoa behar zuen, hartara, hau ere bikoitza izanen dela adierazi zuten Xabier Carnicer proiektuko kideak eta Iñigo Telleria Ibaialde Ikastolako zuzendariak: “Batetik, Andosillan, bertako ekosistema desberdinen konserbazioan lagunduko duen basoberri-tzea aurrera eramango da eta bestetik Sartagudan, herriko naturgune desberdinak lotuko dituen interes bereziko sakan bat zuhaitzez hornituko da”.

Sartagudako eremuari dagokionez, Memoriaren Parkea eta Ebro ibaiaren erriberako naturguneak lotzen dituen sakanaren ertzeetan baso ilarak sortuko dira eta bidean zehar zuhaitzez beteriko etorbide bat eratuko da. “Gaur egun zonalde hau erabat utzita dago eta hainbat zuhaitz gaixorik daude”, azaldu du Carnicerrek, “lanak sakanak berak duen interes naturala indartuko du eta landare aniztasun handiagoa emango dio”. Bertan, lertxuna, artea, haltza eta basaka bezalako zuhai-tzak eta oilara, olibondoa, basa arrosa, elorri beltza, legeltxorra eta elorri zuria zuhaixkak landatuko dituzte.

Andosillako Gurutze Santuaren ermitaren ondoan dagoen 2 hektareako lurzoruan baso-berritze lanak egingo dira, bestalde. “Gaur egun zonalde hau herritarrentzat aski ezaguna den aisialdi gunea dugu. Dagoeneko pinu baso zahar bat existitzen da eta ekimen honi esker eremu natural hori zabaltzea lortuko da eta hegaztiak ikus ahal izateko gune ezin aproposa dela kontuan izanik, hegaztien behatoki bat eraikitzeko asmoa ere badago. Gainera orain dagoen askaldegian ere berri-tze eta mantentze lanak burutuko dira”. Landatuko den espeziea Aleppo pinua izango da.

Denetara, duela zortzi urte sortu zen Oinez Basoa sareari 5.000 zuhaitz gehituko dizkio Hartu, tenka, tira! lemapean ospatuko den Nafarroa Oinezak, bi landaketa hauekin. Desafioa handia da eta erakargarria ere”, adierazi zuen Carnicerrek, “azken finean bi ikastetxek eskualde-ikastolen izaera duten heinean, beraien helburu nagusietako bat, beraien lana inguruko herrietan isla izatea da”. Ekimen honen inguruko informazio gehiago www.oinezbasoa.eus helbidean aurkitu daiteke, baita zuhaitzak erosteko aukera ere.

2008an, Arbizun ekin zitzaion Oinez Basoari, Nafarroa Oinez bestak eragin zezakeen ingurugiro kaltea murrizte aldera. Ordutik, bost baso landatu dira: “Sakanan mendebaldeko oihana dugu; mediterraneo basoa Tafallan; Erriberako basoa Tuteran; bi baso ezberdin Zangozan; eta Baztanen sortu berri dugun basoa”.

Diario de Noticias, 8 de Junio de 2016