Txema Hidalgo ‘kapare’ kantuzalea eta folklorista: «Nafarroako euskal kantugintzan gure historia guztia biltzen da»

txema_kapare

txema_kapare

XV. mendetik hasi eta Espainiako Gerra Zibileko urteetaraino, Nafarroako lurralde guztian zehar abesten ziren kantuen testigantza handiena osatzea lortu du Txema Hidalgo ‘Kaparek’. ‘Nafar aire zaharretan’ bilduma gaur aurkeztuko da, 20.00etan, Iruñeko Civican aretoan.

Lau urtez Nafarroako herri eta liburutegietan egindako bilketa erraldoiaren ondorio bezala sortu duen Nafar aire zaharretan lanean, Aita Donostia eta Resurreccion Maria de Azkuek, besteak beste, XVIII eta XX mendeetan bildutako kantei Kaparek berak jasotakoei ba-tzen zaie. Denetara, nafar herriaren historiaren isla bilakatzen diren 1.500 abesti, bakoitza bere partitura eta letraren itzulpenekin. Kanta guztiak, halaber, liburuarekin batera datorren disko batean bildu ditu. Ahozko transmisioa eta kantagin-tza oinarritzat izan duen herriaren memoria historikoa berreskura-tzeko ezinbesteko lana, dudarik gabe.

Iruñea Kantuz taldearen kide bezala, urteak daramazkizu euskal kantak berreskuratzeko ahaleginean. Hortik sortzen da bilduma zabal hau osatzeko ideia?

Bai. Taldea sortu genuenean gero eta ahulagoa zen abestearen ohitura berreskuratzea zen gure helburu nagusia. Gaur egun afera egonkortu egin da baina gureak ziren abestiak ezagutzeko beharra sentitzen genuen. Beste talde batzuekin abestera joaten ginenean, Donostiara adibidez, euren berezko abestiak zituztela konturatzen ginen. Nafarrok, ordea, umezurtz bezala senti-tzen ginen, gureak ez ziren abestiak kantatuz. Hartara, liburutegietan begiratzen hasi nintzen, nafar jatorriko abestien bila. Resurrección Maria de Azkueren kantutegiarekin hasi nintzen, bera Euskal Herri guztian barrena ibili baitzen abestiak biltzen. Bertako kantuen %40a nafar jatorrikoak zirela konturatu nin-tzen, Nafarroa Beherea eta Garaia bakar bat bezala ulertuz, noski.

Izugarrizko dokumentazio lana izan da, beraz.

Lau urtez egon naiz informazioa biltzen, herriz herri, jendearekin hizketan… Gauza interesgarriak lortzen nituela ikusita aurrera jarraitu nuen. Lekarozko ikastetxeko kaputxinoetan egon zen bitartean Aita Donostiak egindako lana hartu nuen erreferentzia nagusi bezala.

Bi liburuetan biltzen diren kantuak XV. mendetik XX. mendera artekoak dira, ezta?

Aurkitutako lehenengo idatzizko testigantza 1484koa da, eta Albreteko Joanes Nafarroako errege izendatu zutenekoa Katalina Foixkoarekin ezkondu ondoren, Nafarroako erresuma independentea zenean. Zoritxarrez letra soilik dago kasu honetan, melodiarik ezin izan da aurkitu. Ordutik Espainiako Gerra Zibila arte, 1.500 kantu biltzen dira denetara.

Dudarik gabe, Nafarroaren historiaren testigantza garrantzitsua bilduko da abesti guzti hauen bitartez.

Noski, letra eta nota guzti hauetan Nafarroako bizimodu herrikoiaren tradizio guztia biltzen da. Ahozko transmisioa nagusi izan den herri honetan, kantuak berebiziko garrantzia dauka. Elizan kantatzen ziren horietatik hasi eta lan-kantuetara, ezkontza, bataio, sehaska kanta edo jolas kantuetatik igarota. Baztanen, adibidez, artoa zuritzen zuten bitartean emakumeek kanta piloa abesten zuten; gerrara soldadu joaten ziren horiek ere bazituzten euren kantak. Gizarteko arlo guztietan eta jarduera guztietan abesten zen. Dantzak ere abesten ziren, txistularirik ez zegoenean, Muxikoak dantzatzeko adibidez. Euskalkiei eta azpi-euskalkiei dagokienez ere kantuetan islatzen dira, izan ere, jatorrizko bertsioak mantendu ditut, ortografia ezertan aldatu gabe.

Bilketa lanaz aparte, berreskurapen lana ere nabarmena da lan honetan, ezta?

Bai, hemen biltzen diren kanta guztien %80a ez da gaur egun ezaguna. Memoria historikoari dagokionez asko galdu da zentzu honetan. Nolabait ere, guzti honek indarra hartu behar du, Nafarroak bere buruaren kontzientzia izan dezan. Liburu honek daukan gauzarik tristeenetako bat galtzen utzi dugun guzti hori erakusten duela da.

Orain arte kantugintzan zegoen dokumentazio hutsune hori bete-tzen du, beraz, lan honek.

Bai, izan ere, Nafarroako kantutegi guztia lan bakar batean biltzen da. Kantu hauetako asko hiltzen utzi da eta pena ikaragarria da. Liburu honek, gainera, duela mende bat Nafarroa guztian euskara bizi-bizirik zegoela erakusten da.

Diario de Noticias, 10/12/2013