Tuteran badira, bagara

argia_turerako_ikastolari

argia_turerako_ikastolari
Mondragon Unibertsitateko hiru ikasle Argia ikastolari buruzko dokumental bat grabatzen ari dira euskarak Erriberan duen egoera euskal herritarrei ezagutarazteko. Euskarak dituen arazoak euskaldun ororen arazoak direla uste dute Olatz Artola, Itxaso Frau eta Marta Prol Mondragon Unibertsitateko ikasleek. Horregatik, Badira bagara dokumentala grabatzen ari dira. Lan horren bidez Tuterako Argia ikastolaren egoera erakutsi nahi diote Euskal Herriari, eta, bidenabar, karrera bukaerako proiektua egin. Mezu nagusia azaldu du Olatz Artolak: «Haiek izan behar dute gu ere izateko; haiek euskara galtzen badute, Euskal Herri osoak galtzen du».

Getxo, Eibar eta Tolosako gazteentzat Tutera urruti zegoen, eta kilometroak kontatuz distantzia berera jarraitzen badute ere, dagoeneko Argia ikastolakoak «familiako» parte dira. «Haienganako sentsibilizazio handiagorekin eta gertutasun handiagoarekin sentitzen gara hara joan garenetik», esan du Artolak. Zuzendaria, irakasleak, gurasoak, ikasleak… denak ezagutu dituzte bertatik bertara, eta besoak zabalik hartu dituzte haienean. «Hartu-emana iritsi ginen lehenengo momentutik oso gertukoa izan zen, eta oso ondo sentitu ginen haiekin». Argia ikastola familia txiki bat dela dio Artolak, guraso izateaz gainera langile boluntarioak ere badirelako. Egoera, baina, ez da batere xamurra. Artolak esan duenez, 25 urte daramatzate «esfortzua» egiten. «Haiekin zoazenean autobusean toki batera kamisetak saltzera, buelta eman eta beste norabait, autoan batekin eta bestearekin, eta ikusita haien 24 orduak ikastola bizirik mantentzeko lana direla, harritu egiten zara, egunero horrela bizitzeak oso gogorra izan behar baitu». Hala ere, gurasoek ez dute sufrimendu gisa ikusten.

Euskara gizarteratu

Lan bikoitza dute Tuteran: alde batetik, ikastolari eutsi behar diote, eta, bestetik, euskara gizarteratu. Aitatxi eta amatxien eguna ospatzen dute bigarren helburu hori lortzeko. Ikastola «zerbait arraro gisa» dute hainbatek, eta egun horrekin lortu egin dute amatxi eta aitatxiek euskararekiko zuten ikuspuntua aldatzea. Besta horretan parte hartzen duen amatxi batekin mintzatzeko aukera izan dutela azaldu du Artolak: «Amonak ez zuen euskararen existentziaren inguruko berririk, alabak haurrak ikastolara eraman zituen arte».

Mondragon Unibertsitateko ikasleak Tuterara itzuli dira egun hauetan amatxi eta aitatxien eguna grabatzera. Uztailean aurkeztuko dute proiektua; beraz, azken ordura arte lanean ibiliko direla esan dute. Proiektu osoak hiru atal izanen ditu: lan idatzia, dokumentala eta webgunea. Lehenbizikoak grabaketak hasi aurreko dokumentazio lana egiteko balio izan die. Webgunea, berriz, dokumentala zabaltzeko erabiliko dute, eta, gainera, bertan bilduko dituzte bideoan sartzen ez diren testigantzak.

Oraingoa ez da Tuteran izanen duten azkenengo lana. Urrian Nafarroa Oinez besta antolatuko du Argia ikastolak, eta hiru ikasleek ez dute hutsik eginen. «Nafarroa Oinez-ekin egin duten lan guzia ikusita, inoiz baino gogo handiagoa pizten zaigu joateko», aitortu du Artolak. Tuterako euskaltzaleen testigantzek hunkitu egin dituzte. Hiru gazte horietaz gainera, euskaldun ororen atxikimendua nahi du Argia ikastolak, eta guzien bihotzera heldu nahi dute. Leloa horren lekuko: Taupadaz bat egin!

Berria, 2013-05-29.