Tortura…
Baikorrek pentsatuko dute agian publiko egin den azken elkarrizketa horrekin, Mikel Zabalzarena, badakizue zertaz ari naizen, torturen inguruan egon den isiltasunaren amaiera edo, gutxienez, amaiera horren hasiera ikusiko dugula. Ni ez naiz baikorra. Milaka izan dira torturatuak eta milaka lekukotzak.
Eta hori ez da hiperbolea. Pako Etxebarriaren taldeak egin zuen txosten ospetsuaren arabera, 4.113 tortura kasu egon ziren 1960tik 2014ra doan denbora tartean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan ez da horrelako lanik egin. Badirudi 2011n salatu zirela azken tratu txarrak; hiruk salaketa jarri eta irabazi zuten. Estrasburgon, jakina. Europako epaitegiek behin baino gehiagotan aurpegiratu diete Espainiako Erresumari eta bertako epaileei ez dutela tortura salaketarik ikertzen. Berdin dio. Epaile horietako bat Barne ministroa da egun.
Baikorra ez naizenez, oso zaila zait sinestea 2011tik gaur arte ez denik torturarik edo tratu txarrik egon. Kalean ikusten duguna ikusita, ez dut pentsatu nahi zer gerta daitekeen «inkomunikazio» deitzen den zulo beltz horretan. Gaur erabiliko diren sistemak sofistikatuagoak izango dira, markak uzten ez dituztenak, adibidez. Izan ere, grabazio horietan izugarria da zelako zehaztasunekin dagoen deskribatuta poltsaren tortura sistema, nolakoa izan behar duen poltsak, zeintzuk diren torturatuaren gorputzean eta gogoan agertuko diren erreakzioak. Izugarria den bezala jakitea grabazioak aspaldikoak direla ezagunak eta epaile batek alboratu zituela. Eta izugarria den bezala entzutea grabazioan bertan nola hil zituzten Lasa eta Zabala.
Baikorra ez naizenez, ez dut ikerketa sakonik espero, ez kasu honetan, ezta beste kasuetan ere; ez dut garbiketa-prozesurik espero Guardia Zibilean; ez dut Guardia Zibilaren itxierarik espero (ez eskandalizatu, beste herrialde batzuetan horrelakoak egiten dira); ez dut Guardia Zibila Euskal Herritik aterako dutenik (gutxienekoa izango litzateke, ikusi duguna ikusi eta gero).
Ricardo Arregi (Diario de Noticias)