Salatu dute Iruñeko haur eskolek ez dituztela izango euskarazko plaza gehiago

Manifa Euskera Iruñean

Manifa Euskera Iruñean


Haur Eskolak Euskaraz taldeak kritikatu duenez, ez dute aldaketarik egingo Nafarroako Gobernuak kudeatutako Iruñeko bost haur eskoletan

«Nafarroako Gobernuak garrantzi handiko erabaki politiko bat hartu du. Iruñeko haur eskolen mapa goitik behera aldatzeko aukera zuen, eta ez du hala egin nahi izan. Gaur-gaurkoz, aurkeztu dugun mapan ikusten denez, hamasei haur eskoletatik bakarrak edukiko du D eredua, eta beste bostetan, tokien erdiak euskarazko murgiltze eredurik gabe edota ingelesarekin eta gaztelerarekin nahastuta eskainiko dira. Iruñea erdia, hegoaldean bizi dena, ia lekurik gabe geratu da». Horrela laburbildu du Iruñeko haur eskoletako egoera Haur Eskolak Euskaraz plataformak. Taldeak azaldu duenez, Hezkuntza Departamentuak dagoeneko osatuta dauka Iruñeko haur eskolen mapa, ofizialki jakinarazi ez badu ere, eta haiek zuzenean kudeatzen dituzten bost haur eskoletan ez dute aldaketarik egingo.

EH Bilduk duela bi aste ohartarazi zuen Iruñeko Udalak ingelesezko ekintzak ere sartu nahi dituela Printzearen Harresi haur eskolan egiten den euskarazko eta gaztelerazko jardunean. Horrela, koalizioaren irudiko, udalak euskarazko murgiltzea amaitu nahi du, «euskarazko ereduan ingelesezko jarduerak sartzera behartuz». Otsailaren 4an onartu zuen udalbatzak proposamena, Navarra Sumaren eta PSNren aldeko botoekin. Plataformak, berriz, Hezkuntza Departamentuari eskatu zion euskarazko eredua hirian zabaltzeko, eta «gutxieneko proposamen bat» egin zion: Iruñeko mapa lau eremutan banatu zuten, eta eskatu barruti horietako bakoitzean euskarazko murgiltze eredua bermatzeko.

Baina erantzuna ikusita, plataformak Nafarroako Gobernuaren jarrera kritikatu du: «Nola uler daiteke gobernu aurrerakoi batek Navarra Sumaren jarrera bera edo okerragoa ahalbidetzea?». Eta kezkaz hartu dute beste indar batzuek hartutako jarrera ere: «Kezkatuta gaude zenbait indar euskaltzalek erabaki honetan eragiteko agertu duten borondate eskasarekin».

Grebak eta protestak

Datozen egunak «mugituak» izango direla aurreratu du plataformak. LAB, CCOO eta Afapna sindikatuek grebara deitu dituzte Iruñeko haur eskoletako langileak, ostiralerako. Hori babesteko, Haur Eskolak Euskaraz plataformak gurasoei eskatu die haurrak haur eskolara ez eramateko. Gainera, ostiralean bertan manifestazioa egingo dute, 17:30ean

Berria