«Piztu!»: Zangozako Oinezen leloa, aurtengoaren arrakastaren ostean
Etxarri Aranatzen izan zen Nafarroa Oinezen arrakasta nabarmentzearekin batera, 2024koa hartuko duen Zangozako Ikastolaren leloa, «Piztu!», logoa eta erronkak aurkeztu dituzte. Hezkuntzari, auzolanari, baliabideei eta energia berriztagarriei erreferentzia egiten die.
‘Hotsein!’ lelopean Etxarri Aranatzen duela bi aste pasatxo ospatu zen Nafarroa Oinez festak izandako «harrera bikaina» nabarmendu zuen atzo Nafarroako Ikastolen Elkarteak. Bide batez, datorren urrian Zangozan ospatuko den jaia aurkeztu zuten hango ikastolako ordezkariek.
Urriaren 8an «milaka eta milaka euskaltzale» gerturatu zirela adierazi eta boluntarioen lana bereziki eskertu zuten. Iñigo Orella Andra Mari Ikastolako zuzendariak gogoratu zuenez, duela urte eta erdi hasi ziren jaia antolatzen, eta ordutik berrehun pertsonatik gora lanean ibili dira urtean zehar, eta mila inguru egunean bertan.
«Auzolanaren filosofia, ideia, oraindik bizirik dagoela erakutsi digu. Nafarroa Oinez honek gauza asko eman dizkio gure ikastolari, baina bat azpimarratu nahiko nuke: kohesioa. Azken urte eta erdi honen ondoren komunitate kohesionatuagoa gara», laburbildu zuen Orellak.
Zangozan, Nafarroan euskararen normalizazioa lortzearen aldeko ahaleginaz gain, seme-alabei auzolanaren balioa erakusten segitu nahi dute, bai eta eskualdeko, Nafarroako eta Euskal Herriko bizilagunei ere. «Gure hizkuntza eta kultura zaindu nahi ditugu, gure eskualdea hobetzen eta gure lurra defendatzen», esan zuen Carlos Arcelus ikastolako lehendakariordeak.
Finantzaketari dagokionez, beste bi helburu izango ditu ikastolak. Familiek 2005ean inauguratu zen Haur Hezkuntzako eraikinaren zorrari aurre egin behar diote eta, bestalde, LH eta DBHko eraikina gaur egungo behar energetikoetara moldatu nahi dute. Isolamendu eskasa duen eraikuntza da eta hezetasunak kentzeko eta jasangarritasun energetikoa hobetzeko lanak behar ditu, baita leiho berriak ere.
Logoa diseinatzeko, Piztu! argiarekin erlazionatu zuten. Bide horretatik abiatuta, eguzkia eta eguzki izpien ideiekin lan egiten hasi ziren. Azkenean, eguzki izpiei kolorea emateko eta Nafarroa Oinez 2024ren helburuekin bat egiteko, bost kolore erabili dituzte, bakoitzak helburu bat irudikatzeko. Asier Santa Cruz da sortzailea.
Gara