Nafarroko Administrazio Auzitegia: Euskaldunak kaltzeko ahalmena
«Auzitegi honek ez du jurisdikziorik toki-erakundeen enpresa publikoen gainean». Horixe esan zuen, hitzez hitz, Nafarroako Administrazio Auzitegiak, 2020ko martxoan emandako Ebazpenean, 19-02539 errekurtsoan. Errekurtso hori Administrazioan Euskaraz Taldeak bultzatu zuen, Iruñeko Udalaren sozietate publiko batek ez zuelako betetzen Iruñeko Udalaren Euskararen Ordenantza (Pamplona Centro Histórico – Iruña Biziberritzen SA sozietatea).
Orain dela gutxi, ordea, Nafarroako Administrazio Auzitegiak bertan behera utzi du Berrikilan sozietate publikoaren erabaki bat, diskriminatzailea delakoan. Sozietate publiko horrek kudeatzen du Berriozarko kiroldegiko taberna, eta, besteak beste, bi eskakizun egin zituen: tabernan, arreta gaztelaniaz emateaz gain, euskaraz ere ematea, eta tabernako komunikabideetan, gaztelaniaz gain, euskararen presentzia ere bermatzea.
Beraz, Nafarroako Administrazio Auzitegiak badu edo ez du eskumenik udalen sozietate publikoen gainean? Edo euskararen kontra jotzea da kontu bakarra? Zer da diskriminatzailea ez dena? Nafarroako Administrazio Auzitegiaren plaka, adibidez, urteak eta urteak daramatzana gaztelania hutsean?
Nahiz eta batzuetan, gutxitan, euskararen aldeko ebazpenen bat eman, Nafarroako Administrazio Auzitegia erakunde euskarafobikoa da. Lanpostu elebidunak kendu izan ditu herri hauetako udaletan: Zizur Nagusia, Berriobeiti, Antsoain, Uharte, Atarrabia, eta orain, Berriozar.
Baina herri horiek guztiak eremu mistoan daude, eta hauxe dio 1986ko Euskararen Foru Legeak, 17. artikuluan, eremu mistorako:
“Herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Nafarroako Administrazio Publikoei zuzentzeko.
Eskubide honen erabilera bermatzeko, aipatutako administrazioek honako hau egin dezakete:
- a) Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztea zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea.
- b) Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskara jakitea merezimendu moduan baloratzea”.
Beraz, Euskararen Foru Legea urratzen du Nafarroako Administrazio Auzitegiak, eta, Berriozarko kasuan, legea nahi bezala interpretatzen du, euskararen kontra jotzeko hala edo nola.
Berriozarko Udalari eskatzen diogu Nafarroako Administrazio Auzitegiaren Ebazpen hau errekurritzeko
ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA