Nafarroaren Egunaren bezperan, ilunak eta argiak

EUSKAL-HERRIA

EUSKAL-HERRIA
Bi egun handi dakartza egutegiak jarraian Euskal Herrian: Aberri Eguna eta Nafarroaren Eguna. Lehenengoa igaro da, eta bigarrena datorren igandean ospatuko da, Baigorrin. Muga artifizialak hautsitako herrialdearen bi aldeek bat egingo dute, Nafarroa zatiezina dela erakutsiz, festa giroan. Baina aldarrikapenerako tokia ere izango da: Nafarroa Behereak, eta Ipar Euskal Herria osoak, baditu etorkizunari baikortasunez begiratzeko arrazoiak, baina kezkatzeko motiboak ere bai, bat eta bi baino gehiago.

Urteurren polita beteko du igandean Nafarroaren Egunak. 35 urte dira aurreneko edizioa egin zenetik, 1979an. Oso jaiotza apala izan zuen, eta berrehun bat lagun bildu ziren orduko hartan, ikuspegi politiko batetik sortutako ekitaldi kulturalean. Nafarroa Beherea hustutzen ari zela ikusten zuten bertako abertzaleek, gazteek kanpora alde egiten baitzuten lan egitera, bertan aurkitu ezinik. Hizkuntzaren egoera ere okerrera zihoan. Sukalde batean egindako lau lagunen bileratik jaio zen Nafarroaren Eguna.

Filipe Bidart baigorriarrak ondo gogoan ditu hasierako garai haiek: «Aski zaila izan zen. Herrian bertan baziren kontrako anitz. Zubiak eraikitzea zen gure helburua; bai Baxe Nafarroa eta Nafarroa Garaia lotzea eta bai Euskal Herria bera batzea ere. Zailtasunak zailtasun, sekulako gogoa genuen eta zinez esan dezakegu harreman anaikorrak lotu genituela. Gero, sasian izanik, luzaz egon nintzen Nafarroaren Egunera azaldu gabe, duela bi urte itzuli ahal izan dudan arte. Harrituta geratu naiz zer hedadura hartu duen ikusita, zenbait jende, zer antolaketa… Gure garaian lagun arteko kontu bat zen, hedatzeko asmoz sortua, baina oso apala. Gaur egungo gazteek egiten dutena sekulakoa da».

Donibane Garazi ondoan dago Lasa herria, eta bertako gelan bildu dira, Nafarroaren Egunaren bezperetan, lurralde honetan bizi eta lan egiten duten hainbat pertsona, egungo aukera eta zailtasunez mintzatzeko elkarrekin. «Herrian bizi, herria biziarazi» du lelotzat bilkurak, eta ehun bat lagun bertaratu dira. Gehienak Ipar Euskal Herrikoak, baina hegoaldeko batzuk ere bai. Datorren igandean festa izango da Baigorrin, baina apirila osoan Kulturaldia antolatu da, eta ekimen horretan kokatzen da mahai-inguru hau.

Lasan egindako bilkura

Ekonomia da egun, duela 35 urte bezalaxe, kezka nagusietako bat. Kezka bikoitza du Ximun Olhagaray itsasuarrak, azken urteotan gazteek erakutsitako jarrera ere ez baita izan berak nahiko lukeena. «Duela 30 urte ere lelo hauxe erabiltzen genuen, orain baino ere modagoan zegoen! Pauen, Tolosan, Bordelen… ikasten ari ginen lagun mordo batek kooperatiba mugimenduan hastea erabaki genuen, geure burua hemen ikusten genuelako, Euskal Herrian, eta horretarako lanpostuak guk geuk sortu beharra zegoelako. Eta sortu genituen. Baina gaur egun ezkorra naiz. Hitzaldi asko eman izan ditugu lizeoetan eta, kooperatibak zer diren, nola sortzen diren, merezi duela azaltzen… baina 90 urteak iritsi ziren, diruaren urteak, sosaren urteak, eta gure ideiak bazterrean geratu ziren. Gazteek, ikasketan bukatutakoan, kanpora jotzen jarraitzen dute, soldata handien bila. Eta horiek guztiak galdu egiten ditugu, giza kapitala etengabe galtzen ari gara» dio Olhagarayk.

Gazteak: etorkizuna eta kezka

Gazteak behin eta berriro dira hizketagai. Horiengan dago etorkizuna, eta horiengan kezka. Lasako areto honetan bildu direnek eusteko asmo tinkoa daukate, etorkizuna Euskal Herrian eraikitzeko gogoa. Baina zail daukate. Hasteko eta behin, lanik ezaren arazoa. Ondoren, etxebizitza lortzeko zailtasunak. Euskaraz bizitzea ere geroz eta errazagoa ez. Ikasketak burutzeko garaian hasten dira sortzen arazoak, Ihintza Bidartek azaldu digunez. Unibertsitatera joaten direnek Frantzian barrena abiatu beharra daukate, edota Hego Euskal Herrira. Gutxi batzuk baino ez dute ikasten Baionako fakultateetan, karrera aukera murritza baita Lapurdiko hiriburuan. Lana topatzeko ere, Baiona dute askok aukera gertukoena; hor ez bada, urrunago jo behar.

Nafarroa Beherea eta Nafarroa Garaiaren arteko gazteek elkarren arteko harremana badute, Ihintza Bidartek dioenez: «Beti izan dugu lotura. Esaterako, Baigorrikoak askotan izaten gara Baztanen. Gipuzkoarako joera ere badugu. Ez daukagu mugarik». Esandakoaren erakusle, igandean Agoitz, Iruñea, Leitza, Monteagudo eta Lizarrako dantzariak arituko dira Baigorrin, goiz eta arratsaldez. Bazkaria, kabalkada, kirolak, kontzertuak… denetarik dago aurrikusia egitarauan. Udal hauteskundeak duela aste gutxi izan dira Baigorrin eta abertzaleak izan direlarik garaile ongietorria egingo diote agintari berriek Nafarroaren Egunari.

Ekonomia eta hizkuntza

Argiak eta ilunak ikusten ditu, Nafarroa Beherari begira, Filipe Bidartek. Ekonomia eta hizkuntza aipatzen ditu puntu ahulenen artean. Euskara dakiten askok ez dutela hitz egiten, horrek kezkatzen eta mintzen du. Baina, era berean, esperantza edukitzeko arrazoiak ere ikusten ditu: «Gazteengan dago esperantza, bai hemen eta bai Zuberoan eta Lapurdin ere. Oso garbi daukate zer nahi duten, eta hemen bizitzea lortuko dutelakoan nago» esan digu, mahai ingurura hurbildu aurretik.

Jakoba Errekondo ari da hitz egiten momentu honetan. Laborantza Ganbararekin aspaldiko harremana dauka eta Gipuzkoako Zerain herriko esperientziaren berri ematen ari da, Ipar Euskal Herrian ere baliagarri izan daitekeela sinesturik. Ondarea herri guztiek daukatela dio, «izan agrologikoa, basokoa, kirolekoa edo arkeologikoa», eta ondare horretaz auzolanean baliatzean dagoela gakoa. Zeraindarrek meategiak berreskuratu dituzten bezalaxe, beste erabilera bat emateko, Bankakoek ere aukera badutela azaldu du. Entzule batek kaierrean idatzi du: «Zerain? Banka? Aztertu».

Gara, 23/04/2014