Nafarroaren Egunak 40 urte bete ditu

Nafarroaren Eguna 2018 Baigorrin
Nafarroaren Eguna 2018 ˆ Saint Etienne de Baigorry

EUSKAL-HERRIA


Aspaldiko partez eguzkia lagun dute Nafarroa egunean eta hori «berrikuntza bat» dela azpimarratu du irribarrez Amaia Castorene, Basaizea elkarteko kideak. Programak urterokoa izaten jarraitzen duen arren, ekitaldien arteko hutsuneak betetzen saiatu direla adierazi du Castorenek eta haurrentzako gunean eskaintza zabaltzeko egin duten ahalegina ere azpimarratu du.

Gaur da egun handia, baina aurreko asteetan egin dituzten hitzaldiak ere «oso positiboki» baloratu ditu. Atzo Xoko plazan ere izan zen zer ikusi eta zer entzun, Zine-kontzertua izan baitzen. Bertaratu ziren lagunek aitortu zutenez, «urtero etorri ohi diren lagun batzuk falta dira, hauteskundeen ondorioz», eta gaurkoan ere hitzetik hortzera dabil hauteskundeen gaia Nafarroa egunera bertaratu direnen artean.

Gaur ere, berrogeigarren aldiz, Nafarroako hiriburua Iruñetik Baigorrira lekualdatu da, eta urtero lez Nafarroa osoko dantzari, musikari eta jiganteak eliza ondoko plazan bildu dira. Amaieran, Basaizeako kideek duela 40 urte «euskara, euskal kultura eta euskaldun izatea defenditzeko» elkartu zirela oroitarazi dute, eta Nafarroa Egunaren helburua azpimarratu dute: «Nafarroa eta Euskal Herri osoa Baigorrin batzea, bat izaiteko nahia ospatuz.

Urtero lez, aurtengoan ere gai zehatz bat nabarmendu du Basaizea elkarteak dantzarien ostean eskaini duen hitzaldian. «Muga fisikoa desagertu» zen arren, oraindik «muga mentala arras barneratua dugula» salatu dute, eta haien iritziz, «honek du kalte gehien egiten». Horren aurrean, «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko tenorea iritsi dela aldarrikatu dute. Hitzaldia amaitzeko, xede nagusia zein den aditzera eman dute: «Eguneroko ekintza txikietan gure euskal Herriaren mapa jos dezagun hainbeste amesten dugun Euskal Herria eraikitzeko».

Nafarroaren-eguna

Dantzariek eta musikariek eman diote erritmoa Nafarroaren Egunari.

Desfilea, dantzak eta hitzaldia amaitu ostean, eliza ondoko plazan zen jendea Baigorriko karriketan barrena zabaldu da, pixkanaka euskal herri osotik zetorren jendearekin batu eta giroa berotuz. Mila laguni bazkaria emateko urtero jartzen duten karpa erraldoiak aurtengoan ez du jendea euriaz babestu beharrik izan, baina itzal egiteko ere aproposa denez, beste behin ere giro paregabean gozatu dute sabel gosetuek bertako produktuekin egindako bazkari goxoaz.

Arratsaldean, festa Baigorriko frontoian eta inguruetako ostatuetara iragaten da. Dantza erakustaldiak eta kontzertuak dira eskaintza nagusiak, baina lagun talde desberdinek antolatutako txaranga eta musika emankizunak ere nonahi ikus daitezke. Horrela, Baigorri guztia izaten da giro onez «bustia», gauak azpian hartzen duen arte.

Naiz, 28/04/2019