Nafarroan Euskararen gaurko egoera bere historiari loluta dago

Jobeba Otano

Euskaraz bizi nahi dut


Euskarak nahiko ongi eutsi zion erromatarren inbasioari Euskal Herriko gaurko eremuan, ondoko lurralde eremu zabalak galdu arren.

Erresuma bihurtu zen euskararen gordailu. 1200 urtearen inguruan Gaztelak gaurko Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak osatzen duten eremua kendu zion Nafarroako Erresumari eta gaztelaniatze prozesua hasi zen lurralde horietan, nahiko geldo hasiera batean.

1.512. urtean gaztelaniatze prozesu hori gaurko Nafarroan hasi zen, Gaztelak orduko Nafarroako Erresuma konkistatu ondoren. Nafarroa Beherea izan zen Nafarroako Erresumaren azken tokia, baina azkenean Iparralde osoa Frantziaren menpe geratu zen, indarrez, eta horrek frantseste bidean jarri zituen, Frantziako Iraultzak 1789an eta batez ere 1914-18 epean Lehenengo Mundu Gerrak bultzada handia emanda.

Nafarroan euskararen galera hau besterik ez da izan: Hizkuntz komunitate bat (gaztelaniaduna) euskal hiztun komunitatearen gainean jartzea, honen lurraldean.

Bigarren Gerra Karlista baino lehen, oraindik jende euskalduna gehiengoa zen, baina gerra eta Foruak (antzinako subiranotasunaren aztarnak) galduta, maldan behera joan zen euskara, XX. mendeko lehenengo hamarkadetan Nafarroan gutxiengoaren hizkuntza bihurtu arte. Francoren diktadurak euskararen jazarpena areagotu zuen. Hortik aterata, % 10 inguru ziren euskaldunak Nafarroan.

Euskara eta gaztelania, bi hizkuntzen arteko talka ez da amaitu. Euskara bizirik dago eta berreskuratze prozesuaren aldekoak daude alde batean eta desagertze prozesua bukatu nahi dutenak bestean (hauek, noski, Espainiako Estatuaren laguntzarekin).

Gaur egun, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritza dugu Nafarroan (egitura koloniala), baina bertako instituzio ia guztiak gaztelania ardatza dutela jarduten dira.

Nafarroako Gobernuak Osasunbidean puntuatzen zuen euskara eremu euskaldunean eta mistoan, baina epaileek Euskararen Dekretuaren bi artikulu baliogabetu ondoren, eremu mistorako puntuazioa desagertu da. Beraz, euskara soilik Osasunbideak eremu euskalduneko lanpostuetan puntuatuko du (eta ia puntu berberak lor daitezke beste merituekin). Osasunbidetik kanpo (salbuespen anekdotikoak kenduta), Nafarroako Gobernuak ez du puntuatuko euskara, ezta eremu euskaldunean ere. Bitartean, irakasleak kenduta, Nafarroako Gobernuaren administrazioan hizkuntz profil elebiduneko lanpostuak % 1 besterik ez dira.

Irakaskuntzan, euskararen ezagutza unibertsala bultzatzeko oso urruti dugu legea. Eremu euskaldunean A eredua indarrean dago, B eta D ereduekin batera. Eremu mistoan eta “ez euskaldunean” ere hiru ereduak indarrean daude. Eremu mistoan, hala ere, arazoak noizbehinka agertzen dira (Mendigorria, kasu). Eremu “ez euskaldunean” urte askotan debekatuta egon ondoren, tradizio falta da arazoa orain hedatzen joateko (pixkanaka ari bada ere).

PAI (gaztelania eta zenbait ikasgai ingelesez) bultzatu zuen UPNren azken Gobernuak (PSNren laguntzarekin). Horrek D ereduaren eskaera geldiarazi zuen. Oposizioak osatutako laukoa boterera iritsi zenean, ez zen inondik inora gai izan estrategia horri buelta emateko. PAIk irabazitako eremua eremu itxia izan da D ereduarentzat.

Helduen euskalduntze eta alfabetatze mugimenduak eta euskal hedabideek Barcinaren garaiko lehortea gainditu dute, baina diru laguntza batzuk ez dira nahikoa bultzada erabakigarria izateko.

Lan mundua ere hein oso oso handian gaztelaniak hartuta dauka eta horri buelta eman gabe, euskarak jai dauka. Ez dago inolako plangintzarik horri buelta emateko.

Panorama iluna, bai, baina euskaldunak eta euskaltzaleak badira Nafarroan. 1512an hasitako talka ez da amaitu. Borrokan segitzen dugu. Kale erabileran gehiegi nabaritu ez bada ere, Francoren diktaduraren bukaeran baino sendoago dago euskara. Hori bai, horrela izatea ez zen zaila.

Joseba Otano Villanueva (Administrazioan Euskaraz taldeko kidea)