2109ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa

Bertso Egunaz baliatuz, urteko batzarra egin zuen Nafarroako Bertsozale Elkarteak, atzo, Barañainen, eta hura amaitu ostean eman zuen txapelketaren nondik norakoen berri. Han izan ziren, besteak beste, txapelketan parte hartuko duten bertsolari, gai jartzaile eta epaileetako batzuk. Antolatzaileen esanetan, lau helburu nagusi ditu txapelketak: zaletasuna dagoen tokietan bertsolaritza sustatzea, eta ez dagoenetan, bertsolaritza ezagutaraztea; Nafarroako bertsolariei goi mailako plazak eskaintzea; Nafarroako bertsolaritzaren ekosistema elikatzea eta saretzea; eta bertsolaritza prestigiozko adierazpide gisa egonkortzea.
Hasiera batean, 30 lagunek eman zuten izena aurtengo txapelketarako, eta urtarrilaren 18an eta 19an bi aurrekanporaketa egin ziren, zein 24 bertsolarik egingo zuten aurrera ikusteko. Saio horietan, txapelketa batean sekula parte hartu gabeko sei bertsolari eta duela bi urteko txapelketako azken sei sailkatuak aritu ziren, hamabi bertsolari guztira. Horietatik, Joana Zigandak, Xabat Illarregik, Endika Legarrak, Saats Karasatorrek, Diego Rian?ok eta Sahats Alemanek lortu zuten txartela.
Guztiak, hasieratik
Final-laurdenetatik hasiko dira kantuan bertsolari guztiak, baita Julio Soto azken txapelduna ere —beste txapelketa batzuetan, finalaurrekoetarako edo finalerako sailkatuta egoten da zuzenean azken txapelduna—. Lehen fase horretatik, hemezortzi bertsolari sailkatuko dira finalaurrekoetarako. Hiru saio izango dira bigarren fase horretan, eta hortik zortzi pasatuko dira finalera. Irun?eko Anaitasuna kiroldegian izango da azken saio hori, eta puntu gehien eskuratzen duten bi bertsolariek buruz burukoa jokatuko dute.
Txapelketa urte osoan bertsolaritza transmititzeko egiten den «lan isilaren fruitua» dela azaldu dute elkarteko ordezkariek. Bertsolaritza irakaskuntzan egitasmoaren bidez, urtero 2.400 ikasle baino gehiagok lantzen dituzte bertsolaritza nahiz ahozkotasuna eskolako orduetan. Bertso eskolen sareak, berriz, herrietan eta auzoetan egiten du transmisio lana, eta horiekin batera, aisialdiaren eremuan antolatutako egitasmoek osatzen dute transmisioaren alorra. «Txapelketa, beraz, bertsogintzaren eta euskararen aldeko lan horri bultzada emateko aukera ederra da». Urtero, berrehun bertso saio inguru egiten dira Nafarroan, nahiz eta horietako batzuetan ez den herrialdeko bertsolaririk aritzen kantuan. «Horiei protagonismoa ematea da txapelketaren helburua».
Saio guztietarako sarrerak aurrez Internetez erosteko aukera izango da, www.bertsosarrerak.eus atariaren bitartez. Saioen aurretik ere irekiko dituzte leihatilak, 16:00etatik aurrera (15:30etik aurrera finalean). Era berean, saioak egingo diren herrietan ere salmentarako guneak egongo dira.
2011ra arte, urtero jokatzen zen Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Ordutik, bi urtean behin egiten da, eta banakako txapelketarik ez dagoen urteetan Bardoak izeneko taldekako lehia izaten da. Bertso eskolen sarea indartzea da egitasmo horren asmoa, eta auzolana eta talde lana ditu ardatz. Joan den urtean, adibidez, 113 parte hartzaile aritu ziren hamasei taldetan banatuta.
Berria, 2019ko urtarrilak 27
Eneko Lazkozek bertso finalerako pasea eskuratu du
Etxarri Aranazko bertsolariak garaipena eskuratu zuen Atarrabian jokatutako finalaurrekoan
Lazkoz, Atarrabian igandean jokatutako saioan.
Lazkozek, 399 puntu bildu zituen denetara, eta tarte zabalarekin eskuratu zuen lehenengo postua. Haren atzetik, Xabi Maia (352,5), Aimar Karrika (349), Saats Karasatorre (335), Sarai Robles (326,5) eta Joana Ziganda (312) bertsolariak sailkatu ziren. Bost bertsolari hauek hiru finalaurrekoak igaro arte itxaron beharko dute, finalera sailkatzen diren jakiteko. Osotara, 8 bertsolari pasako dira finalera, finalaurrekoan aritu diren 18etatik.
Atarrabiako Herriko Kultur Etxean ospatutako saioak Maider Ansa izan zuen gai-jartzaile. Epaile lanetan berriz, Jon Abril, Nerea Bruño, Mikel Beaumont eta Joseba Beltza aritu ziren.
Hurrengo finalaurrekoa, larunbateanDatorren larunbatean izanen du segida Nafarroako Bertsolari Txapelketak, Etxarri Aranazko Kultur Etxean izango den bigarren finalaurrekoan, 17:30ean. Han ariko dira Julio Soto, Xabier Terreros, Julen Zelaieta, Diego Riaño, Iker Gorosterrazu eta Iban Garro, Alaitz Rekondo gai-jartzailearen aginduetara. www.bertsosarrerak.eusatarian eta Etxarri Aranazko Xapatero tabernan eskuratu daitezke sarrerak. Saioaren egunean bertan, gainera, leihatila irekiko da 16.00etan, baldin eta aurre-salmentako sarrera guztiak bukatu ez badira.
Azkenik, igandean, martxoak 10, Lesakan jokatuko da hirugarren eta azken finalaurrekoa, finaleko zortzikotea zein izanen den erabakiko duena.
Noticias de Navarra, 5 de Marzo de 2019