Nafar guztien euskaraz ikasteko eskubidearen defentsan elkarretaratzea egin dute sindikatuek

Manifa sindicatos Euskara

Manifa sindicatos Euskara


LAB, Steilas eta ELA sindikatuek deituta, elkarretaratzea egin dute hainbat herritarrek ostegun honetan Iruñean, nafar guztien euskaraz ikasteko eskubidearen defentsan.

‘Euskaraz ikasi nahi dugu. Hizkuntza eskubideak errespetatu!’ lelopean, LAB, STEILAS eta ELA sindikatuek deituta, elkarretaratzea egin dute hainbat herritarrek ostegun honetan Iruñean, Parlamentu aurrean, nafar guztien euskaraz ikasteko eskubidearen defentsa eginez, maila eta zonalde guztietan.

«Herritarrek euskaraz ikasteko eskubidea bermatuta behar dute izan. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak guraizeak dantzan jarri ditu hezkuntzan murrizketak egiteko. Bere biktimak, euskaraz ikasten duten ikasleak berriro ere, eta ez da kasualitatea. Oraingoan, ordea, teorian egoera zaurgarrian dauden ikasleen ‘banaketa orekatua’ lortu nahi duen legezko marko berrituaren testuinguruaren aitzakiapean datoz murrizketa horietako batzuk. Aitzakia honekin, D ereduko hainbat ikasle are kaltetuagoak suertatuko dira A-G ereduko ikasleekin alderatuta», agertu dute sindikatuek ohar batean.

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak datorren ikasturteko aurrematrikula garaiari begira ikasleen harrera arautzen duen legezko markoa berritu du berriki, eta helburua egoerarik zaurgarrienean dauden eta hezkuntza-premia espezifikoak dituzten ikasleen banaketa orekatuagoa lortzea dela segurtatu duen arren, sindikatuek salatu dute ez dutela haien eta hezkuntza eragileen hitza kontuan hartu Foru Dekretua eta Agindua berritzerakoan.

«Izan ere, nagusiki jatorri sozioekonomikoagatik zaurgarriak diren ikasleen banaketa hutsa arautzera mugatu dira, diagnosi, prebentzio eta ikasleen arreta espezifikoari erreparatu gabe. Departamentuak, eskola segregatuetan ratioak jaisteko eta baliabide gehiago esleitzeko aukera aurreikusten badu ere, ez du inongo konkreziorik zehaztu nahi izan», gaitzetsi dute.

Horrekin batera, ohartarazi dute Hezkuntza Sailak deuseztatu egin duela «Nafarroan oso larria den hizkuntza segregazioa ekiditeko» neurriak hartzea: «Are gehiago, ikasleen harrera dekretuan ezarritako baremo berriak euskaraz ikasteko hautua egiten duten familiei ez dizkie bermatuko gazteleraz ikasi nahi duten familien eskubide berberak».

Ondorioz, D ereduko ikasleak are baztertuago utzi ditu Nafarroako Gobernuak sindikatuen iritziz, eta berau demostratzen duten adibide batzuk bota dituzte: kasurako, Pirinioetako ikasleak 16 urterekin derrigortuta daude beraien herria uztera eta 80-90 kilometro mugitzera ikasketak jarraitu ahal izateko. Orain arte, Iruñeko ikastetxe batean tokia bermatzen zitzaien, baina hori bertan behera utzi du dekretu berriak, ikasleak plaza edukiko duten jakin gabe utzirik. Eta Tafallaldean eta Zangozaldean DBH euskaraz ikasten duten ikasleek ezin dute ikasketekin Tafallan edo Zangozan jarraitu, A-G eredukoek bezala.

«Hainbat alderdik errealitate soziologikoa euskal hiztunen eskubideak murrizteko soilik erabiltzen dute. Aldiz, errealitatea eta eskaria horien aldekoak direnean, beti daude beste aitzakia batzuk euskaraz ikasteko eskubidea urratzeko. Hau guztia ere segregazioa da, eta egoera lazgarri sistemiko honi prebarikazioz eusten dioten erantzule politikoak daude», gaineratu dute ELA, LAB eta Steilasek.

Naiz