Mikel Garciandia: “Euskal Pastoraltza eta irakurlearen arteko komunikazio zubi bat eraiki nahi du

Mikel Garciandia

Mikel Garciandia


Aralarko San Migel santutegiko lan arkeologikoak, euskal kultura eta gramatikaren inguruan argitaratutako lanak, memoria historikoan murgiltzen diren saiakerak… Orrialdearen helburua, egunerokoan lantzen dituzten gai hauen berri emateaz gain, irakurleekin joan-etorriko komunikazio zubi bat eraikitzea da. Mikel Garciandia San Migeleko kapilaua eta taldeko zuzendariak adierazi bezala, berezko ahotsa agertzeko une egokia da hauxe eliza kristauarentza.Hasi gaitezen aurkezpenak egiten. Zer da Euskal Pastoraltza eta nondik sortzen da taldea?

-Aspaldidanik, Iruñeko elizbarrutian euskararen presentzia bermatzea helburu duen idazkaritza bat dago. Talde honen lan nagusia itzulpenak izan dira betidanik: katekesiko materiala, Sakramentuko Liburuko garai bateko itzulpen potoloak, Elizako bizitzako edozein ekitaldiko edukiak… Hori da gure lana, eremu desberdinetan euskararen presentzia bermatzea. Duela urte batzuk, jende gehiago bildu genuen gure taldean. Gaur egun, hamar-hamabi lagun gaude. Javier Mangadok urte batzuk darama idazkari lanetan, eta horrek bultzada handia eman dio gure lanari, idazkaritza bat egoteak gure lanari segida bat ematen diolako.

Azken aldian, alta, itzulpenak baino gehiago eskaintzea edo proposatzea erabaki duzue talde bezala, ezta?

-Duela hiru urte, pentsatzen hasi ginen euskal sailaren lan bat izan zitekeela proposamen munduan, kultura arloan, komunikabide arloan, Elizaren ahotsa euskaraz ematea. Elizak mende luzeak daramatza hemen eta baditugu materialak, datuak, oso interesgarriak izan litezkeenak. Ezagutza oso positiboa da. Aspaldian ikusi dugu Elizak etsai bat baldin badauka, hori ezjakintasuna dela. Egunkari honetan presentzia bat eduki nahi genuen eta hala eskatu genuenean baietz esan ziguten, bagenuela hilabetean behin orri bat argitaratzkeo aukera. Aspalditik materialtxo batzuk prestatzen ari garela eta hau hedabide egokia izan daitekeela uste dut.

Zer nolako jardueretan parte har-tzen du Euskal Pastoraltzak?

-Adibidez, San Migel inguruan dauzkagun aktibitateei, indusketa arkeologikoei edota azterketa historikoei, hedapena ematen diegu. Garai batean San Migel inguruan egon ziren Done Jakue bideak susatzen ditugu, halaber. Baztango jendea ere badago euskal mitoen inguruan ikertu duena: material oso interegarriak baditugu. Bestalde, fede kristauaren inguruan hainbat mito daude: fedea Euskal Herrira nola eta noiz iritsi zen, horren inguruko datu politak baditugu. Lantzen dugun beste gaietako bat gure lurraldean garai batean egondako terrorismo eta indarkeria da, lan talde bat badaukagu horren inguruko saiakerak idazten.

Alde horretatik, gure herriaren memoria historikoaren inguruan egin dezakezuen ekarpena norainokoa erranen zenuke dela?

-Zabala da. Uste dut horren inguruan erabat ezezagunak diren hainbat gauza badaudela. Adibidez, seminario honetan, apaiza zen nire amonaren lehengusu batek euskal gramatikaren inguruko hiztegi bat egin zuen. Material oso politak dauzkagu, Elizak euskararekin izan duen lotura erakusten dutenak. XVIII. menderaino, euskal literatura guztia eliz-gizonek egindakoa zen. Gure kulturarekin edo gure nortasunarekin Elizak ezer ikustekorik ez duela pentsatzen dutenen-tzat erabat ezezagunak diren gauzak dira.

Aipatu duzun Elizaren inguruko ezjakintasun hori, zergatik uste duzu ematen dela?

-Alde batetik, Eliza bera oso motelak izan da bere nortasuna adieraztekoan. Bestalde, ukaezina da azken boladako egoera politikoaren baitan Elizak botere izugarria izan duela, erdi-erdian egon da instituzio bezala, eta horrek ezin besteko atzerakada ekarri du ondoren. Urte asko pasatu dira diktadura bukatu zenetik, eta orain iruditzen zait gauzak berera itzuli behar direla.

Eta zer da berera itzultze hori? Zein da transmititu nahi duzuen nortasuna?

-Eliza, ekarpen handiak egiten dituen instituzio bat, jende talde bat da. Iruditzen zait jendeak eskubideda duela nor garen eta zer garen jakiteko. Argitaratu behar dugun orrialde honetan ez dugu soilik eduki batzuk argitaratu nahi . Gure ametsa da sekzio horretan jendeak galderak egitea eta iri-tziak botatzea. Joan-etorrizko orri bizi bat sortu nahi dugu, irakurlearekin komunikazio zubi bat eraiki nahi dugu.

Jarrera irikiago bat erakutsiz?

-Jarrera itxia baldin bada, ahula da. Egun, nortasun monolitiko batek ez dauka zentzu handirik. Gure nortasuna mezulariak izatea baldin bada, mezu hori guretzat gordetzea kontraesan nabarmena da. Proposamen hori, noski, erabateko askatasunez eta era lasai eta gozoan egiten dugu.

Garai berri batean zaudetela erranen zenuke? Edo Elizaren barrenean eliza desberdin aunitz daude, akaso?

-Beti egon daitezke sentsibilidade desberdinak, eta egon badira. Baina gure garaia oso itxaropentsua da: garai bateko mamuak desagertu dira eta hasi gaitezke zerbait berria egiten, inolako nostalgiarik gabe. Gustura gaude, gauden garaia bizitzea tokatu zaigulako, gizarte anitz batean. Pentsa-tzen dugunez gure esperientzia balio-t-sua izan daitekela hainbat pertsonentzako, eskura jarri nahi dugu.

Komunikazio zubiak eraikiz?

-Bai. Elizaren inguruko albisteak ateratzen direnean polemikoak izan ohi dira. Eta jakina, gai polemikoak badaude, baina arraroa dena da Eliza izanda instituzio bat non gehienok modu garbian gauden besteen onerako, saltsa bat dagoenean soilik ager-tzea. Normaltasun hori bilatu nahi dugu, bere ekimenak eta asmoak azaltzen dituen beste edozein instituzio bezala. Denentzako oso positiboa izanen dela uste dut.

las claves

“Normaltasuna lortu nahi dugu, bere ekimenak eta asmoak azaltzen dituen beste edozein erakunde bezala”

Diario de Noticias, 1 de Octubre de 2017