“Menpekotasunetik askatasunera, BURUJABE HOBE” izango da Independentistak Sareak Iruñean deitu duen Aberri Eguneko lema

Imprimir

Imprimir


2018ko Aberri Eguna, apirilaren 1ean, Iruñean, ospatzeko deia zabaldu zuen Independentistak Sareak duela hilabete. Ohiko moduan, aldarrikapena eta ospakizuna uztartuz, egun osoko egitaraua izango da: eguerdian manifestazioa eta ekitaldi politikoa egingo dira eta, ondoren, ospakizunak segida izango du Iruñeko kaleetan zehar.

Aurten, eguerdiko manifestazioaren ohiko ibilbidea aldatu egingo da, Sarasate Pasealekutik irtengo da 12.00etan eta, erdiguneko hainbat kaletan zehar ibili ondoren, toki berean amaituko da. Bertan egingo da ekitaldi politikoa.

Diskurtso politikoaren elementu zentrala burujabetza izango da, eta ildo horretan doa deialdiaren lema: «Menpekotasunetik askatasunera. BURUJABE HOBE. Un futuro para todas y todos entre todas y todos»

Kataluniako prozesuaren aurrean Estatu espainiarrak bere mozorro guziak kentu eta argi erakutsi du zer errealitatetan gauden. Espainiako Erresuman, alderdien arteko indar korrelazio eta joko politikoetatik harago, Estatuaren botere faktikoek hartu dute zuzen-zuzenean politikaren lema. Egundoko inboluzio politiko eta soziala jarri dute martxan eta, aldi berean, aldarrikapen independentistak errotik suntsitzeko eraso bortitza. Kataluniaren aurkako erasoa, orokorrean Estatu osora eta bereziki Euskal Herria begira, jadanik martxan dagoen estrategia da.

Azken urteotan gero eta nabarmenago ikusi izan ditugu menpekotasunaren kalteak arlo guztietan, eta Euskal Herriaren etorkizun politiko eta ekonomikoa zein soziala eta kulturalaren eraikuntzaren aurkako etengabeko desprogramazio ahaleginak, eta eraso eta sabotaia zuzenak, argi utzi dute burujabetzaren bide dela alternatiba bakarra.

78ko erregimenaren ageriko higadurak transizio progresistago bati ateak zabalduko zizkiola eta, agian, burujabetza bidean urratsak egiteko aukera egongo zela pentsatzen bagenuen, orain, errealitatea kontrako bidetik doa. Estatuak ate guztiak itxi ditu eta estatus berri baterako aukerak ukatzeaz gain oraingo estatus quo bera ere hankaz gora jartzeko mehatxua jarri du mahai gainean.

Baina egoera larri honi ezin zaio aurre egin beldurraren eta jarrera defentsiboen ildotik. Oinarri soziala aktibatu, ilusionatu, eta gehiengo sozial independentista eraikitzeko garaia da. Prozesu soberanista sostengatuko duen indarra metatzeko ordua da: demokrazian, justizia sozialean, aniztasunean eta askatasunean oinarritutako etorkizun komun bat partekatzeko prest gauden herritar guztion artean osatu behar dugun subjektu soberanista.

Euskal gizartearen gelditasun eta despolitizazio sentsazioaren erdian, pentsionisten mobilizazio erraldoiek eta martxoaren 8ko eztanda feministak ilusio eta itxaropen berriak biztu dituzte gure artean. Oinarri sozialean badagoela borrokarako grina eta indarra erakutsi dute. Orain, mugimendu independentistaren ardura da milaka eta milaka herritar horiei guztiei erakustea beraien aldarrikapenak eta burujabetzaren aldeko borroka bide beretik doazela. Espainiako Erresuma gero eta demofobo eta atzerakoian epe oso luzera ere ezinezkoa izango den aldaketa politiko eta soziala, posiblea izango delako denon artean eraikitako Euskal Estatu demokratiko eta sozialean.

Menpekotasunetik askatasunera jauzi egiteko ordua da. Burujabetza prozesuaren ordua da. Horixe da Aberri Egunean argi eta garbi adieraziko duguna: <<Menpekotasunetik askatasunera. BURUJABE HOBE.>>