Maravillas Lamberto Lizarra eta Tafalla arteko herri txiki batean, Larragan, bizi zen 14 urteko gaztetxoa zen. Bere aita, Vicente Lamberto, UGT (Unión General de Trabajadores) sindikatuko militantea zen. 1936ko abuztuaren 15ean, espainiar Errepublikaren aurkako estatu-kolpe saiakeratik hilabete eskasera, Guardia Zibilak ostikoz bota zien etxeko atea, Vicente atxilotuta eramateko. Maravillasek, hiru ahizpetan nagusienak, aitari lagundu nahi izan zion eta Larragako udaletxera eraman zituzten biak.
Aita giltzaperatu egin zuten; alaba, aldiz, hainbat aldiz bortxatu zuten. Biak hil zituzten gero eta haurraren gorpu biluzia txakurrei eman zieten. Atzo 85 urte bete ziren krimen anker horretatik, baina sare sozialetan islatu zenez, herriak ongi gogoan du Larragako loretxoa.
Memoriaren lege ausarta zor
Besteak beste, Bel Pozueta Altsasuko ama eta Madrilgo Kongresuko EH Bilduko diputatuak «Orreagako garaipena eta Maravillas Lamberto Nafarroako memoriaren bi adierazpen bizi» direla idatzi zuen Twitterren. «Urteetan isilarazitakoen memoria ahanzturan eror ez dadin, memoriaren lege ausarta zor diegu bizia galdu zuten guztiei, egia, justizia eta erreparazioa bermatzeko», adierazi zuen.
Kongresu bereko bertze diputatu batek, ERCko Gabriel Rufianek, honako txioa plazaratu zuen, gaztelaniaz: «Faxista batzuek sindikalista bat eta haren alaba eraman zituzten beren etxetik. Udaletxean, alaba bortxatu egin zuten aitaren aurrean. 14 urte zituen. Biharamun goizean erail zituzten. Neskatxa txakurrengana bota zuten. Maravillas eta Vicente Lamberto zuten izena eta gaur 85 urte bete dira».
Lambertotarren familiaren tragedia ez zen han amaitu. Paulina Yoldi amak herritik ihes egin behar izan zuen bi alaba txikiekin, 10 urteko Pilar eta 7ko Josefinarekin. Azken hau komentu batean sartu zen ikasten ahalko zuen esperantzan, baina 30 urtez esklabo gisa tratatu zuten. Pakistango Karatxira eraman zuten eta ez zioten itzultzen uzten.
Azkenean lortu zuen Iruñera etortzea. Bertan, Paris 365 jatetxe sozialean lan egin du boluntario bezala eta erreferente izan da memoria historikoaren aldarrikapenean. Bere aitaren gorpua ez dute oraindik topatu eta 2012ra arte itxaron behar izan zen Larragako Udalak oroimen plaka bat jar zezan behintzat. Joan den irailean estreinatu zen “Florecica” dokumentalean kontatzen da historia latz hau.
Balentzia eta Berri Txarrak
Fermin Balentzia kantautore nafarra izan da Maravillasen oroimena lau haizeetara zabaltzen gehien lagundu dutenetako bat, Youtuben kasik 160.000 ikustaldi dituen balada hunkigarri baten bidez. Estilo erabat desberdin batekin, urte batzuk geroago Berri Txarrak Lekunberriko talde arrakastatsuak “Maravillas” abestia kaleratu zuen “Payola” diskoan (2009).
Inposatutako hamarkadatako memoria faltaren ondotik, Maravillas Lambertok kale bat du gaur egun Iruñean, Joseba Asironen gobernu taldearen ekimenez. Alde Zaharreko gaztetxeari ere izena eman zion. 85. urteurren honetan, beraz, bere oroimena inoiz baino biziago dagoela erran daiteke.