Manex Pagola, aberriari eta euskarari idatzi zion kantagilea

Manex Pagola

Manex Pagola


Hurbila. Umila. Konprometitua. Hala oroitzen dute Manex Pagola hura ezagutu eta harekin jardunean aritu zirenek. Landibarren jaiotako kantagile, herrigile eta euskaltzalea atzo zendu zen Baionan, euskal kantagintzari ehunka abesti utzita, horietariko gehienak Euskal Herriari eta euskarari lotuak eta Ipar Euskal Herriko hainbat kantariren ahotsetan zabalduak. «Berak ez zuela kanturako ahotsik esan ohi zuen», oroitu du Maite Idirinek.

«Manex Pagola joan zaigu. Bagenekien azken egunetan gogorrak pasatzen ari zela eta, azkenean, joan zaigu», azaldu du telefonoaren beste aldetik Peio Ospitalek. Ordubete eskas da Manex Pagolaren heriotzaren berri izan duela eta hunkituta, eta maitasun betez, oroitu du haren emaria. Anje Duhaldek bezalaxe: «Aitzindari bat da. Nik uste dut Mixel Labegerieren ondorengo pausoa izan zela, bera eta beste batzuk, baina bera gehienbat, eta Euskal Herriko kantagintzari ikaragarrizko ekarpena egin diola. Ni neu bere oinordeko sentitzen naiz, bera maisu bat izan zelako».

Biek abestu dituzte, beste hainbat kantarik bezala –nagusiki Ipar Euskal Herrikoak– baxenabartarrak idatzitako kantuak. Baita Maite Idirinek ere: «Niretzako, lehenik, lagun handi bat zen. Beti lagunak izan gara, beti ibili gara oso hurbil bata bestearengandik ideietan eta denean, eta niretzat galera handia da. Oraindino ez zen horren adindua, eta pena da».

Manex Pagola Landibarren (Nafarroa Beherea) jaio zen 1941eko ekainaren 28an eta atzo zendu zen Baionan, 76 urte zituela. Antropologia Sozial eta Kulturalean doktorea, Euskal Museoko kargudun izan zen, baita Seaska eta Enbataren sortzaileetariko bat ere. «Oso urte bereziak izan ziren –oroitu zuen Pagolak berak 2014an GARAk egin zion elkarrizketa batean–. Guk genuen asmoa nahi genuen herrian zabaldu, baina kontrakoak asko eta mota askotakoak ziren. Nahiko kemen izan genuen iraultzeko, gurean sinesten genuen eta kontrastatua zen gizartean zuzen ginela».

Musika ikasketarik propio egin gabea, zaletasuna elizan piztu zitzaiola esan ohi zuen («nire kontserbatorioa izan da») eta Etxahun-Iruri eta Etxahun Barkoxeren bidez jabetu zen Euskal Herriaren izateaz. Gero, Mixel Labegerieren musikarekin euskarazko sorkuntza modernoa eta garaikidea ezagutu zituen eta, bere ekarpena egin asmoz, lehenik bertsoak eta ostean abestiak idazten hasi zen. Orotara 120 kantutik gora idatzi zituen, baina bi disko soilik grabatu zituen, bata Elkar-ekin 1972an eta, bigarrena, Burgosko prozesuko auzipetuei elkartasuna adierazteko, 1969an, Goiztiri diskoetxearekin.

70eko hamarkadan, Ez Dok Amairuren “Baga Biga Higa” ikuskizunaren arrakasta ikusita Ipar Euskal Herrirako antzeko zerbait egitea otu eta hainbat musikari bildu zituen “Zazpiribai” ikuskizunean, tartean Pantxoa Carrere eta Peio Ospital, Ugutz Robles-Arangiz, Iñaki Urtizberea, Patxika Erramuzpe, Benito Lertxundi, Xabier Lete eta Lourdes Iriondo. Bederatzi emanaldi egin zituzten.

Soiltasunaren aberastasuna

«Berak esaten zuen beti bere ahotsak ez zuela askorik balio –aipatu du Idirinek–. Umila zen eta egia da ez zuela ahots bereziki ederra, baina hala ere beti kantatzen zuen eta pozik sentitzen zen bere kantuak besteen ahotsean entzunda. Kantari batek hartuta ere, bereak zituen». Hala, eta bere kantuek besteek abestuta harrera ona zutela ikusita, kantuan aritzeari uztea deliberatu zuen. Ez, ordea, kantuak idazteari. “Biziaren altzotik” liburuan bildu zituen bere kantu ezagunenak.

Peio eta Pantxoaren ahotsean egin dira ezagun Pagolaren abesti gehienak, tartean Idirin, Duhalde, Martxel Brave, Jean-Noel Bessonart edota Erramun Martikorenak ere abestu badituzte ere. Horien artean leudeke “Eñaut Bidegorri”, “Ttakolin” edota “Urtxintxa”, “Kanta aberria”, “Azken dantza”, Peio eta Pantxoaren ahotsean ezagun egin direnak. «Manex gure belaunaldiko kantugile emankorrenetarikoa izan da eta uste dut Euskal Herriaren problematika inork ez bezala plazaratu duela bere kantuen bidez. Manexen kantuek izan dute sinpletasunaren, soiltasunaren freskotasuna eta aberastasuna aldi berean. Etxeko hizkuntza arruntaren bidez jakin izan du gure herriak bizi izan dituen arazo nagusiak plazaratzen eta kanporatzen, adibide batzuk emateko, hizkuntzaren galera, ihes ekonomikoa, aberri-mina… Sinpletasunaren freskotasuna, horrek egiten du kantuaren arrakasta», adierazi du Ospitalek. Iritzi berekoa da Duhalde ere: «Nahiz eta kantu errazak izan itxuraz, oso kantu sarkorrak dira, herrian errotuta daudenak». «Bere kantuetariko asko daude aberriarekin lotuta. Bera oso abertzalea zen, eta hori antzematen da bere kantuetan», gehitu du Idirinek.

Duhaldek herrigintzan egindako lana goraipatu nahi izan du: «Ez zen bakarrik kantaria. Gizarte gizona ere bazen. Enbataren munduan sartuta guztiz, idazkari izandakoa eta sozialki lan asko egindakoa. Kultur gizon handia zen, Euskal Museoan, euskal erakustokian ere lan oparoa egin zuen eta politikan ere nahiko inplikatua izan zen, Iparraldeko Eusko Alkartasunaren sorreran inplikatu zen».

Idirinek gaineratu du Euskal Museoan egindako ibilbidea garrantzitsua izan zela Pagolarentzat: «Aktibitate handia izan zuen eta oso inportantea izan zen bere ekarpena, baina bera oso umila eta maitagarria zen eta ez zuen aipatzen. Ez nion sekula galdetu, baina nik uste dut bere lan egiteko manera eraman zuela museora. Oso pertsona preziatua zen, oso maitatua». Amaitzeko, Duhaldek: «Nik uste galera handi bat dela guretzat, pertsona bezala, baina bere obra hor gelditzen da eta funtsezkoa hori da azken finean»

Gara, 2018/06/08