Lujanbio: txapela bete indar, mingaina dantzari

Mailen Lujanbio

Maialen Lujanbio txapeldun, hirugarrenez. Lana erruz egin zuen egun osoan, kontzentratuta eta betarte serioz, nahi zituen bideak zartatzen. Buruz burukoan lasaitu zitzaion bisaia eta piztu begirada, Amets Arzallusek eta biek plaza harrotuko zutela erabaki zutenean. Iñaki Muruak hunkituta jantzi zion txapela eta horrela jaso zuen hernaniarrak.

Bertsolariak bizi den garaiari abesten dio. Gaurkotasun beteko jardun tradizionala da. Bertsolariek abestutakoetan irudika daiteke garai baten, herri baten kronika. Maialen Lujanbiok finalaren aurretik esana zuen bertsoa ezin dela errealitate soziopolitikotik aldendu, horri atera behar diola punta. Hasi eta buka, proposatutako gai bakoitza, lur zati bakoitza, nahi eran harrotu, ongarritu, zapaldu zuen hernaniarrak. Hirugarren txapela beretzat. Bukaerako agurrean ere ez zituen erantzi finaleko zapatak, zapata horietatik kantatu zuen. «Herriak ta hizkuntzak zuten norantzari/ gai gehio lotu zaio lehengo ardatzari/ ta munduak hartu duen itxura latzari/ aurre egiteko, beraz, laguna altxa hadi / bultza hainbat borroka ederren martxari/ kontrapisu eginez eskuin balantzari/ txapela bete indar, mingaina dantzari / borroka irabazteko desesperantzari».

Plaza zutik, 13.300 aulki tarte batez hutsik utzita, txaloetan bakarrik ez zelako kabitzen horrelako poz kolektiboa. Eta plazak ez zuen irabazlea bakarrik goratu horrelako grinaz, zortzi bertsolariak mimatu zituen indartsu.

Arratsaldeko saioa elegante joan zen. Buruz burukorako kinielak askotarikoak ziren. Baina gehienetan toki bakarra zen zalantzan. Lujanbio seguru jotzen zen azken txanpan. Azkenean Amets Arzallus izan zuen ondoan, akaso kiniela askotan agertzen ez zen izena. Azken puntuaketa eskuan, Aitor Mendiluzek baino bi puntu gehiago batuta sartu zen buruz buruzkora. Egun osoko jardunean, berdinketaren pare.

Aparteko buruz burukoa

osatu zuten Lujanbiok eta Arzallusek. Bertso egun eder batentzat erremate bikaina. Hirugarren aldia da buruz buruko hori errepikatzen dena; 2009an, 2013an eta 2022an. Hiru horietatik bitan Lujanbio gailendu da. Atzoko buruz burukora 46,5 puntuko diferentziarekin sartu zen Lujanbio, eta buruz burukoan ere gainetik geratu zen puntutan.

“Iparragirre abila dela” doinuan aritu ziren lehendabizi. Gehiegizko lotsa lantzeko terapian ezagutu zuten elkar eta hitz egiten hasteko ordua zen. «Ia berrogei urte beteak ta edozerk nau lotsatzen/ eta hemen zu ezagutzerik ene enuen pentsatzen/ maitasun harremanak sortzen dizkidan lanak, beti mutu naiz geratzen/ ezpainetatik muxua beste gauzik etzait ateratzen», hasi zen Arzallus. Eta, Lujanbiok, «Eta lurrera begira nengon ni bere lotsa tarteko/ zure ahotsa hor aditu det ta ez horren aparteko/ ta aipatu du muxua, lehenengotikan sua, pentsatu ze danbateko/ bai zu bastante ausarta lotsatia izateko». Maila beretik eraman zuten ofizioa eskutik biek eta plazak barre egin zuen gustura.

Zortziko txikian Lujanbiok okurrentzia jenialak izan zituen. Eta Arzallus ere goitik. Gaia ere zelebrea: «Maialen, zuri buruzko pelikula biografiko bat egin behar dute. Amets da zure papera jokatu behar duen aktorea».

«Nik bai zerbait nuela androgino kutsu/ norbait aukeratuko eta hautatu zu/ kortxo puntari eman metxeroakin su/ betartea pixka bat belztu beharko duzu». «Lasai ni ere banaiz mira beltzekoa/ ta hemen sentitzen naiz aski etxekoa/ errea egiteko zure antzekoa/ nahita hautatu naute Iparraldekoa», segitu Arzallusek. Eta, Lujanbiok plaza lehertu zuen hurrengoarekin: «Bastante ona zara errean kopian/ nere kolorerik ez dezu bekokian/ burua nola jarri pinta egokian/ ilea dugu juxtu kontrako tokian».

Bederatzikoa Oreka hitzari abestu zioten, txukun biek. Eta Ganbarakoan, Lujanbiok berriz erakustaldia. Hauxe zuten gaia: “Ez dago B planik”. Hauxe, bigarrena: «Orain dena da pribatizatzen, ezker-eskuin, dinbi-danba/ osasungintza adibide bat nola jaitsi duten langa/ Hezkuntzak ere latza pasa du ta ai gazteen demanda/ bi urte luzez musuko hori klaseetan eraman da/ egin genuen elkar zaintza ta auzo zaintzen propaganda/ baina aukera heldu denean edo ekiteko txanda/ komuna izan ziteken dena komun zulotik joan da». «Ez nago ziur agintaritzan dagon jende arlotea/ ez dakit zer den gauza hobea santxo ala kixotea/ ze amestea garai batzutan ez da hain gauza torpea/ mentalitate excell honekin galdu baitugu zortea/ eta aurrera begira dugu apustu haundikotea/ etorkizuna gure eskutan dago, bai, hala ote a/ beldurgarria da etorkizuna gure esku egotea».

Amaieran, sailkapeneko postua ez zen bertsolarien pozarekin proportzionala. Denak pozik. Zortzien oinatzak geratu dira bertsozaleen memorian. Arzallusen agurra: «Zorionak, Maialen maite, denok gaituzu goratzen/ ez dut terapia beharrik postuaz ez naiz lotsatzen/ euskaldun bat sor liteke Zumaian edo Goiatzen/ euskalduna sor liteke Konakrin edo La Pazen/ euskara da beltzik beltzen/ euskara da transik transen/ gorputz onartu gabe bat mundu berriak asmatzen/ ta ibili gabe inori pasaporterik eskatzen/ euskaratik has gaitezen bizitza oro askatzen».

Gara