Kanpion

Kike Diez de Ulzurrun

Inoiz ez bezalako gauza ikusgarriak eta sorpresak agindu dizkigu alkate jaunak Sanferminetarako. Bi urtez festarik ospatu gabe, badaki jendea gogoz dabilela eta Sanferminak indar handiz itzuliko direla, baldin eta zazpigarren olatuak dena galarazi eta zapuzten ez badu. Bere alde baliatu nahi du ageriko sentimendu hori. Asteburuan ere inaute giro izugarria izan da, otsail idor hondarreko eguzki goxoak bultzaturik.

Eta gaur, goiz-eguerdian, segida, Iruinkokoa, erran nahi baita, Iruñeko inauteri euskalduna, Bortuz haraindiko airea dakarren eta hiriburuan molde berezia eman zaion inautea, sorkuntza-lana, herri kultura irekia, auzolana, 9:30ean Zaldiko Maldikotik abiatua; emanaldia, eguerdi eta erdian Santa Ana plazan. Alkateak, beraz, sorpresa ederrik iragarri du, baina nekez izanen da atzo Alde Zaharrean ikusitakoa, gozatutakoa, bezain handia. Hantxe agertu baitzen ezustean On Arturo, biziberritua, sasoi onean, bere izena daraman euskaltegiaren mende erdiaren ospakizunari hasiera emateko. Ibilbide luze horretako emaitza emankorra izan baita, zinez: berrehun bat irakasle, milaka ikasle eta hainbat belaunalditako jende olde handia euskaldundurik.

Zenbait ikasturtetan, konparazio batera, milatik gora lagun ere matrikulaturik, jende gaztea, oro har. Gero, D ereduak aitzina egin ahala, eta euskaltegi eskaintza zabaltzearekin batera, gauzak aldatu eta egun bestelako jendea dabil euskara ikasten, adin honetakoak eta hartakoak. Hortxe dago, beraz, euskaltegiak gure hiriari eta euskarari egindako ekarpen baliosa.

Eginen al dio Udalak aitortzarik? Gorazarrerik? Tira, alkateak bere baitarik erabaki du nork botako duen txupinazoa, festarik izanen ote den jakin gabe. Zer gerta ere, Iruñean dagoeneko txupinazoa izan dugu aurten, sekulakoa, atzo, On Arturok berak euskaltegiko balkoi nagusitik Enrique Diez de Ulzurrun