Josu Reparaz:»Ikastolen proiektuak, zorionez edo zoritxarrez, egoera guztien gainetik aurrera egiten ikasi du»

Josu Reparaz Leiza

Nafarroa Oinez bertan behera uzteko erabakia ez zela samurra izan aitortzen du Reparazek, nahiz eta itxaropenez eta aldarte onez begiratzen duen aurrera.

Josu Reparaz,Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendaria.

Josu Reparaz,Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendaria.

Egoera dela eta, aurten ez da Nafarroa Oinez ospatuko. Ez zen erraza suertatuko horrelako erabaki bat hartzea, sekula ez zen aurretik gertatu. Zer nolakoa izan zen momentu hori?

–Momentua ez zen ez, inolaz ere, samurra izan baina argi izan genuen suertatutako larrialdi egoera aintzat hartuta eman genezakeen erantzun zentzudun bakarra zela. Une hauetan etorkizuna nolakoa izango den jakiterik ez badugu ere, duela hilabete ba-tzuk are gutxiago. Inork ere ezin zuen imajinatu zetorkiguna. Erabateko ziurgabetasuna egunerokoaren jabe bilakatuta, argi ikusi genuen, Lizarra Ikastolak Oinezaren bitartez eskuratu nahi zituen helburuak lortzeko baldintzarik ez genuela, ez eta baliabiderik ere.

Zer suposatzen du halako erabaki batek, kasu honetan, Lizarrako Ikastolarentzat?

–Lizarra Ikastolak ikastolen festa 2021era atzeratzea eskatu zuen, antolaketaren ardura urtebetez luzatuz. Erabaki gogorra izan zen Orduz geroztik irudimenari eman diote aurrera begira jarriz. Izugarrizko ardura eta sakrifizioa izaten ari dira. Ikastolak dituen behar propioak bigarren maila batean utzita Nafarroa Oinez ekimena garatzeko konpromisoa berrestea, ez urte batez soilik baizik eta bi urtez. Jakina da Oinezen bitartez Nafarroako ikastolek zenbait helburu lortu nahi izaten dituztela, baita ikastola antolatzailearen proiektua gauzatzeko behar izaten den finantziazioa eskuratzea ere. Kasu honetan, Lizarrak bere asmoak bigarren maila batean kokatu ditu. Nafarroa Oinez ekimenak bere 40. urteurrena du aurtengoan eta auzolanean egindako bideari jarraipena ematea lehenetsi du Lizarrak.

Eta orokorrean, ikastolen mugimenduarentzat?

–Gogorra da. Ikastolek euren jaien bitartez bost plaza handi eskaintzen dizkiote euskarari eta euskal kulturari. Halaber, ikastola proiektua ezagutarazteko aukera eskaintzen digute. Aurten ezinezkoa izan da urteari lotutako jarduera programak biltzen zituen jarduera eta ekimen gehienak gauzatzea, ez eta eguna bera ere. Hortaz, galera handia izan da bi norabideetan. Horretaz gain, ikastolek aurrera egin ahal izateko behar duten finantziazioa eskuratzeko aukera izugarri murriztu da.

Herri Urrats, Ibilaldia eta Araba Euskaraz ere bertan behera gelditu dira aurten. Kolpea handia izaten ari da Ikastolen Elkartearen-tzat, alde horretatik?

–Jakina. Ikastola proiektua auzolanean eraikitako ekimena da. Herritik, herriarekin eta herriarentzat sortua. Zerbitzu publikoa eskaintzeko asmoaz, nahi duen orok eskura izan dezan pretentsioaz. Hartara, familien eta erakundeen ekarpenaz gain, gizartearen laguntza, ekarpena behar da aurrera egin ahal izateko. Bost jaiak bertan behera geratu izanak, zailtasun ugari ekarri ditu berekin. Gure jaietara jendea ongi pasatzera dator, dibertitzera, dantzatzera, lagunekin egun eder bat igarotzera€Jai hauek helburu ugari dituzte: auzolanaren bitartez ikastolakideon artean, ikastolen artean eta ikastolen eta herrietako eragileen artean harremanak estutzen ditugu: euskal kulturari bost plaza handi eskaintzen dizkiogu gure jaien bitartez; euskarari bozgorailu handi bat jartzen diogu; ikastola eredua zabaltzen dugu eta hainbat proiektu aurrera ateratzeko finantzaketa lortzen dugu. Bost helburu horietatik lehenari eutsi ahal izan diogu, auzolan hori, elkarlan hori, burutu dugu. Besteak, aldiz, ezin izan ditugu bete. Tamalgarria da, euskal kulturaren adierazpen askotarikoaren bost agertoki handienik gabe geratu garelako, euskararen bozgorailurik gabe geratu garelako, eta finantzaketa lortu beharrean, galerak ere izango ditugulako.

Zer nolako aldartearekin egiten ari da aurre guzti honi Lizarrako Ikastolako komunitatea? Gurasoak, irakasleak, haurrak berak…

–Lizarra Ikastolako komunitatearen jarrera eredugarria izan da. Ikastolan kontziente dira egokitu zaienarekin eta argi dute une hauetan ez duela balio kexatzeak edo eta bere egunean hartutako konpromisoari muzin egiteak. Argi dute 2021eko Nafarroa Oinez ez dela ohiko Oinez bat izango baina, modu berean, ez dute ahazten pandemia heldu aurretik ere ekimenak bere bilakaera izan duela. Guztia aldatzen da etengabean. XXI. mendeko ikastolen jaiak 80 edo 90 hamarkadan ospatzen zirenekin ezberdinak dira. Hala ikastolek, nola gizarteak aldaketen aurrean egoki-tzeko gaitasuna izan dute eta oraingoan ere, moldatzen jakin beharko dugu. Koronabirusak eragiten duen ziurgabetasuna kudeatzen ikastea izango da 2021eko Nafarroa Oinezen helburuetako bat.

Aurten, gainera, bere 50 urte bete ditu ikastolak. Nola ospatzen ari dira urteurrena?

–Ez aurreikusitako moduan. Izan ere, 2020ko Nafarroa Oinezek ikastolaren 50. urteurrenarekin uztartzeko nahia zuten ikastolan. Agerian da larrialdi egoerak asmoa eragotzi duela. Gainera, azken aste hauetan zehar Nafarroako kutsadura datuek pandemiaren aurkako neurriak gogortzea ekarri du, eta beraz, ospakizunarekiko mugak areagotu egin dira. Gauzak honela, ospakizuna era dosifikatuan burutzen ari dira ikastolan. Txikienek urteurrena kantuen bitartez ospatu dute. Bestalde, Lizarra Ikastolarekin zerikusia izan duen orori argazkiak edo eta mezuak igortzeko eskaera zabaldu da. Jasotako argazki eta mezuak sare sozialen bitartez zabaltzeko asmoa dute baita, posible balitz, fisikoki erakustea ere. Azkenik, egoerak ahalbidetzen badu, azaroan ekitaldi xume bat antolatuko da. 50 urte ospakizuna merezi duen adina da.

2020ko Nafarroa Oinezaren helburuetako bat Lizarrako Ikastolako Haur Eskolaren egokitzapena zen. Posible izanen da helburu hori erdiestea?

–Lizarra Ikastolak benetako adorea eta konpromisoa agertu du ikastola proiektua zein euskararekiko. Lehenago esan dudan bezala, Nafarroa Oinez ekimenari, bi urtez, eusteko apustua egin du. Apustua ez da batere makala, ekimena antolatzeak inbertsioa eskatzen duelako. Lizarrak 2020rako inbertsioa egin du, aldiz, diru sarrerarik ez du izan apenas. Beste urte batez aurrea egin ahal izateko, inbertitzen jarraitu beharko du, aldiz, ez guk, ez inork, ez daki hurrengo hilabeteetan egoerak zein bilakaera izango duen eta beraz, jarduerak eta eguna bera ospatzerik izango den eta ondorioz, diru sarrerarik eskuratzerik izango dugun. Hortaz, itxaron egin behar da. Ikastolak ez du amore eman eta ahalegina egingo du, ezarritako helburu guztiak bete daitezen. Ikastola proiektuak egoera guztien gainetik aurrera egiten ikasi du. Egoera zaila da eta aurreikusitako prozedurak ez du berdin funtzionatuko, baina jakin badakigu moldatzen ikasiko dugula.

Ikastolentzat, urtero ospatzen diren bestak hori baino askoz ere gehiago dira. Elkartasunaren seinale izaten dira, euskalgintzarako hauspoa, eta baliabideei dagokienez ere aurrera egiteko bide garrantzitsua.

Jaiak ezin ospatzeak eragiten duen hutsunea estaltzea ez da batere erraza. Hala ere, tamalez edo zorionez, ikastoletan eskarmentu handia dugu arazoak eta oztopoak gainditzeko garaian eta oraingoan ere jorratu dugu bidea. Aurten ikastolen jaien bitartez euskara eta euskal kulturari eskaintzen zaizkien 5 plazak faltan izanik, ETB-ren eskutik, Ikastolak herriari ikuskizuna eramango dugu Euskal Herriko etxeetara. Ikastolen bost jaien artean antolatutako ikuskizuna izango da, Kursaalean grabatuko dena azaroaren 13an. Ekitaldi horrekin plaza txiki bat eskaini nahi izan diogu euskal musika eta dantzari. Anje Duhalde, Pauline & Juliette, Korrontzi, Xabi Solano, Demode Quartet eta Nogen arituko dira, eta baita Oinkari eta Kimua dantza taldeak ere. Jai guztiok antolatu dugu, ekitaldi nazional bat izango da. Plaza txiki bat izango da, 600 lagunentzako bakarrik eskaini ahal izango dugulako bertan, baina, era berean, jai handi bat ere izango da, hurrengo astean ETBk emitituko baitu. Modu horretara, gure jaietara etortzerik izan ez duten guztien etxeetara eramango ditugu gure jaiak.

Nolakoa izaten ari da jendartearen erantzuna Nafarroa Oinez ospatu ezinaren aurrean?

Tristura puntu bat sumatzen dugu, baina aldi berean, animoa goratzea helburu duten mezu ugari jasotzen ari gara baita ez etsitzeagatik esker-ona erakusten duten mezuak ere. Lizarran argi dugu garenaren neurria, dugunarekin egiten duguna dela eta horretan dihardugu, dugunarekin ahal dugun guztia egingo dugu.

Aurrera begira, Nafarroa Oinez berreskuratuko den formatu bat izango da?

Ikusi behar. Pandemia heldu aurretik ikastolok jai ereduaren inguruko hausnarketan murgilduta genbiltzan. Egoera berriak ordea, aldaketa ugari inposatu dizkigu eta inork ez daki noiz arte mantendu beharko ditugun. Hortaz, une hauetan kontua ez da nolako Nafarroa Oinez antolatu nahi dugun baizik eta, nolako Nafarroa Oinez antolatu ahal dugun. Datozen hilabeteetan zehar birusak izan dezakeen garapena eta beroni aurre egiteko eskuratzen diren baliabideen baitan aztertu beharko dugu ekimenaren formatuaren aldaketa, hala badagokio. Egoera berri honek gainera, beste bide batzuk jorratzen behartu gaitu, eta izur nago, eskarmentuaren harira lezio berriak ikasiko ditugula. Betiko galderek, betiko erantzunak dakar-tzate. Sarritan sormena galdera berriak egitearekin aktibatzen da.

Diario de Noticias, 18.10.2020