Iruñeko Udalak eta Euskaltzaindiak hizkuntza-aholkularitzako eta euskara sustatzeko hitzarmen bat sinatu dute
- Hitzarmen honen bidez, Euskaltzaindia Iruñeko Udalari aholkularitza emateko zereginetan arituko da, euskararekin zerikusirik duten hizkuntza-aferez bezainbatean. Informazio- eta aholkularitza-zerbitzuak emanen ditu, bai eta txostenak eta ziurtagiriak ere, herritarrek horrelakoak eskatu ahala. Halaber, kultur hedapenerako jarduerak, ikastaroak, hitzaldiak eta abar bultzatuko ditu, kasuan-kasuko erakundeekin eta elkarteekin elkarlanean arituta. Azkenik, Euskaltzaindiak sustatzen dituen argitalpen, aldizkari eta edizioen zenbait ale emanen dizkie udal-liburutegi publikoei eta Iruñeko Udaleko Euskara Zerbitzuari.
- Irudietan, Andres Iñigo, Sagrario Aleman eta Patxi Zabaleta euskaltzain nafarrak, Aritz Romeo Hizkuntza Politikako zinegotziarekin eta Inma Errea Udaletxeko Euskara zuzendariarekin.
Iruñeko Udalak eta Euskaltzaindiak interes bat eta bera daukate euskara normalizatu eta sustatzeko, eta hori dela eta biek ala biek hartzen dute helburu gisa euskara normalizatu eta sustatzea Iruñeko biztanleen artean, hala hiztunen kopuruari nola hizkuntzaren erabileraren kalitateari dagokienez. Euskarari buruzko Foru Legeak Euskaltzaindia izendatzen du erakunde aholku-emaile ofizial, Foru Erkidegoan aplikatzekoak diren hizkuntza-arauak ezartzeko orduan.
Hitzarmen honen bidez Euskaltzaindiak jasotzen duen diru-laguntza bideratzen da (12.000 euro), eta xedatzen dira bere gain hartzen dituen baldintzak eta konpromisoak. Horien artean daude Iruñean duen egoitza edo ordezkaritza mantentzea eta bertatik herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak ematea.