Iruñeko haur eskolak: Euskarazko eskaintza urria eta auzoetan desorekatua
Iruñeko Haur Eskolek abuztuaren 16an hasi zuten ikasturte berria. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak duten euskarazko eskaintza eskaeraren oso azpitik dago.
Euskarazko eskaria % 40’77 izan zen euskarazko eskaintza izan zuten auzoetan edo adin taldeetan, nahiz eta Txantrean eta Arrotxapean erosoago izan gaztelania aukeratzea (haur eskola gehiago egoteagatik erdaraz). Nola iritsi gara emaitza horretara? Hona hemen.
Euskarazko eskaintza izan zen Arrotxapean, Txantrean, Sanduzelain, Alde Zaharrean, Buztintxurin (soilik bularreko haurrentzat eta «ibiltariak» deitutakoentzat) eta Arrosadian (hor ere soilik bularreko haurrentzat eta «ibiltariak» deitutakoentzat). Txantrean hiru haur eskoletatik bakarra da euskaraz, eta Arrotxapean bi haur eskoletatik erdia. Gauzak horrela, euskarazko eskaintza izandako auzoetan edo adin taldeetan plazen % 39’88 ziren euskaraz eta % 60 baino gehiago gaztelaniaz (ingelesarekin edo gabe). Zein izan da gurasoen hautua auzo horietan? Gurasoen % 40’77k euskarazko haur eskola aukeratu zuen. Portzentaje handiagoa izan zen Alde Zaharrean (gurasoen % 50’98k) eta Txantrean (gurasoen % 50’39k, nahiz eta euskarazko haur eskola bakarra izan eta gaztelaniazkoak bi).
Beste auzoetan, euskarazko eskaintzarik ez zuten auzoetan, gurasoek ez zuten euskara aukeratzerik izan, bistan da (Mendebaldean, Mendillorrin, Azpilagañan eta Donibanen). Arrosadiko eta Buztintxuriko haur handienen bi taldeetan ere ez zen euskarazko eskaintzarik, eta, beraz, gurasoek ez zuten aukeratzerik izan.
Datuek erakusten dutena oso argia da: Euskarazko eskaintza urria da, eta auzoen arabera desorekatua. Eta, eskaera-eskaintza gorabehera, eskubidea da euskarazko haur eskolak izatea Iruñeko auzo guztietan.
Aipatzekoa da, bestalde, Donibaneko haur eskolan kendu eginen dutela euskarazko eskaintza, nahiz eta mantenduko zaien aurreko ikasturtean euskaraz hasitakoei.
Egoera aldatzeko, borroka eta mobilizazioa beharko dira.
Administrazioan Euskaraz Taldea