Iruñeko Ezkirotz kalean, elkarretaratzea: Administrazioan Euskaraz Taldea, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren aurka
2021eko uztailaren 31n, arratsaldeko ordubatean, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren aurrean (Iturrama kalea 10, sarrera Ezkirotz kaletik), Administrazioan Euskaraz Taldeak elkarretaratzea antolatu du erakunde euskarafobiko horren aurka, Berriozarko Udalaren kontra berriki egindako ebazpena salatzeko.
Berriozarko Udaleko Berrikilan sozietate publikoak legalitatea urratu du udal kiroldegiko tabernako langileek euskarazko arreta emateko gai izan behar direla ezartzeagatik tabernaren esleipenerako Baldintza Orrietan. Gainera, euskarazko hedabideen presentzia ziurtatzea ere eskatu du taberna esleitzeko baldintzetan. Ilegalitate bikoitza.
Zorionez, On Kixote moduan, hor dago Nafarroako Administrazio Auzitegia erakunde euskarafobikoa horrelako bidegabekeriak zuzentzeko.
Iruñeko Udaleko Euskararen Ordenantzak lan deialdietan euskarari % 5eko balioa ematea ezarrita zuenean, erakunde euskarafobiko horrek ez zuen bere burua gai ikusi, Iruñeko Udaleko sozietate publikoetan Ordenantza ezartzeko, eremu administratibotik kanpo ikusi zituelako.
Hala ere, Udalen akordio administratiboak kontrolatzen duen erakunde euskarafobiko hau zezenen moduan oldartu du Berriozarko Berrikilan sozietate publikoaren aurka.
1986ko Euskararen Legeak, 17. artikuluan, hauxe ezartzen du eremu mistorako:
“Herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Nafarroako Administrazio Publikoei zuzentzeko.
Eskubide honen erabilera bermatzeko, aipatutako administrazioek honako hau egin dezakete:
a) Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztea zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea.
b) Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskara jakitea merezimendu moduan baloratzea”.
Hala ere, Nafarroako Administrazio Auzitegiak ahalmen hori ukatu dio eremu mistoko Berriozarko Udaleko sozietate publiko horri. Azkeneko hilabeteetan finkatu duen doktrinak hauxe dio: Jendearen arreta ematea funtzio nagusia duten lanpostuei soilik ezarri dakieke profila; bestela, euskaraz ez dakitenekiko diskriminazioa da.
Oso nabaria da taberna batean langileen funtzio nagusia edariak eta bestelakoak zerbitzatzea dela, ez jendeari arreta ematea. Guztiz diskriminatorioa, beraz, baldintza hori.
Oraindik Konstituzio Epaitegiak ez du erabaki Euskararen Legearen artikulu hori inkonstituzionala denik, baina hala erabaki balu bezala jokatzen du Nafarroako Administrazio Auzitegiak, Legea aplikatzeari muzin eginez.
Zizur Nagusiko, Berriobeitiko, Antsoaingo, Uharteko eta Atarrabiako Udalei jarritako zigor bera erabaki du orain Berriozarko Udalaren eta horko biztanle euskaldunen aurka.
Administrazioan Euskaraz Taldeak hiritar euskaldunak eta euskaltzaleak deitzen ditu elkarretaratzean parte hartzeko eta erakunde euskarafobiko horri gure arbuioa erakusteko.