Gernikako Arbola Kantuz elkarteak deituta, Zazpiak Bat osoaren imajinario kolektiboa sendotzeko eta Jose Maria Iparragirre omentzeko bildu dira Urkiolan bazter guztietako euskaldunak.
‘Gernikako arbola’ ereserkiaren aldarrikapena Jose Maria Iparragirre konpositorearen heriotzaren 145. urteurrenean.
Jose Maria Iparragirre hil zenetik 145 urte betetzen diren honetan, bazter guztietako euskaldunak batu dira larunbat honetan Urkiolan ‘Gernikako Arbola’ ereserkia aldarrikatzeko asmoz. Ez dute erabaki leku hori kasualitatez. Hain zuzen, 1854. urtean, Urkiola mendian, musikari historikoak doinu horiek zabaldu zituen lau haizetara. Harrez geroztik, mende bat baino gehiago igaro ondoren, euskal gizarteak kantatzen jarraitzen du.
Egitarau zabala prestatu dute larunbat honetarako. Goizeko 10.30ean hasi dira iristen lehen herritarrak, eguraldia lagun; ez hotz handirik, ez bero itogarririk. Batzartu ondoren, eguerdirako, une hunkigarria izan dute hurbildu diren pertsonek: ‘Gernikako Arbola’ abestu dute denak batera, irribarretsu bezain gogotsu.
Aurpegi ezagunak izan dira ere larunbat honetako hitzorduan; besteak beste Adolfo Araiz, Laura Mintegi, Edorta Jimenez, Ima Garrastatxu, Jose Mari Esparza edo Patxi Bisquert ibili dira kantari, Gontzal Mendibilek gitarra jotzen zuen bitartean.
Iparragirreren omenezko eskulturan bildu dira kantatzera
Ondoren, Iparragirre omentzeko tartea hartu dute, abeslariaren omenezko monolitoa inguratu dute eta, berriz ere, heldu diote abesteari; 1854ko ekainaren 13an, San Antonio egunean, Iparragirrek lehenengoz abestu zuen txokotik, alegia.
Esparzak, hain justu ere, liburu bat ondu zuen ereserki honen inguruan, eta nabarmendu zuen «eduki politiko eta emantzipatzailez» bete zuela Urretxuko bardoak abestiarekin. Aitortu duenez, ‘Gernikako Arbola’ ereserki oso egokia izan daitekeela: «abesti naturalista eta historikoa da, gainera balio antifaxista du atzetik».
"Gu gaurko euskaldunok
gure aitasoen illezkorren
oroipenean, bildu gera
emen gure legea gorde
nai degula erakusteko".
"Nosotros, los vascos de
hoy, nos hemos reunido
aquí en inmortal recuerdo
de nuestros antepasados,
para demostrar que queremos
seguir manteniendo
nuestra ley".