Euskera: Txibitek azalpen bat zor digu

Euskaraz bizi nahi dut

Bandera Navarra - Euskera


Txibitek 2020ko urtarrilean eskatu zion Nafarroako Kontseiluari, presaz eskatu ere, «irizpen bat euskara eremu ez-euskaldunean merezimendu gisa aplikatzearen gainean». Otsailean berean erantzun zion Nafarroako Kontseiluak, oso erantzun argia (7/2020 Irizpena, 15. orrialdea):

«Gerta daiteke gaztelania ez den beste hizkuntza bat baloratzea; halakoetan, ez da arrazoirik ikusten ingelesa edo frantsesa baloratzeko, esaterako, eta ez euskara, ‘Nafarroako berezko hizkuntza’ baita, eta herritar guztiek baitute ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea, hala ezartzen baitu Euskarari buruzko Foru Legearen 2. artikuluak (…), gainera, Europako hizkuntza bakar bat ere ez dago posizio horretan».

Urte eta erdi geroago, Txibiteren gobernuak azaldu du Euskarari buruzko Foru Dekretu berriak ez duela euskara baloratuko eremu «ez-euskaldunean», nahiz eta alemana, ingelesa eta frantsesa Nafarroa guztian baloratu.

Hortaz, Txibitek azalpen bat zor digu: Zergatik ez dio jarraituko Nafarroako Kontseiluaren irizpenari? Zertan ez dago ados? Zergatik eskatu zion irizpena Nafarroako Kontseiluari baldin erabakia aldez aurretik hartua bazuen?

Eta, Euskararen Foru Dekretu berria iritsi bitartean, Txibitek alemana, ingelesa eta frantsesa baloratzen ditu Nafarroa guztian, eta euskara ez du baloratzen ez eremu «ez-euskaldunean» ez eremu mistoan. Barcina lehendakari ohia ere ez zen hainbesteraino ausartu.

Txibite, Gimeno, Remírez… Haien politika, euskararen arloan, errespetu falta etengabea da Nafarroako euskaltzaleen kontra eta beren gobernukide eta aliatuen kontra.

Administrazioan Euskaraz Taldea