Euskal Herriak 3.142.982 biztanle ditu, %80 hiriguneetan

plano-korrika-2017

plano-korrika-2017


Euskal Herriak 9.860 biztanle irabazi zituen 2017an. Gaindegiak argitaratutako datuen arabera, guztira 3.142.982 bizilagun ditu eta gero eta nabariago den errealitate bat, biztanleria hiriguneetan metatzen ari da, ia %80 hiriguneetan eta bitarteko hiriguneetan bizi da.

Gaindegia-01

Euskal Herriak ia 10.000 biztanle irabazi du azken urtean, eta gaur egun 3.142.982 bizilagun ditu guztira. Datuok Gaindegiak argitaratu zituen atzo, estatistika erakundeek emandako azken zenbakietan oinarrituta.

Ekonomia eta gizarte garapenerako behatokiak zehazten du iaztik 9.860 biztanle gehiago dagoela lurraldean. Bidasoko bi aldeetako datuei dagokienez, egun 2.839.539 dira Hego Euskal Herrian bizi direnak, eta 303.443 Ipar Euskal Herriak dituen bizilagunak. Hazkundeari dagokionez, Zuberoa izan ezik, herrialde guztiek biztanleria irabazi dute, eta atal honetan Lapurdiko kasua nabarmendu zuen Gaindegiak, populazioaren hazkunde tasa handia izan baita han, %1,1ekoa, azken urtebetean.

Hazkunde «joera hau ez da berria, ordea. Milurtekoaren hasieratik etengabekoa izan da eremu honetako hazkundea», azaldu zuenez. Igoera handiena Bidaxunek izan zuen (%17,8), atzetik Errobi (%17,1) eta Errobi-Aturri ingurua (%13,7).

«Metropolizazioa»

Datuek baieztatzen duten beste errealitate bat mahaigaineratu zuen Gaindegiak, Ipar Euskal Herriko barnealdean gertatzen ari den despopulazioa eta «lurraldearen metropolizazioa», hain zuzen ere. Kasu honetan daude Lapurdiko kosta eta Aturri hirigunearen eremua. Behatokiak nabarmendu zuenez, Euskal Herriko herritarren erdiak (%50,6) hirigunean bizi dira, eta heren bat (%29,1) bitarteko hiriguneetan. Gauzak horrela, biztanleriaren ia %80 hiri gisako udalerrietan bizi da.

Eskualdeka begiratuta, desoreka nabarmenak daudela esan zuen Gaindegiak. Zehaztu zuenez, «2008. urtea abiapuntu hartuta zenbait eskualdek biztanleria galera handiko bilakaera» izan dute. Egoera honetan daude Erronkari-Zaraitzu (Otsagabia eta Izaba dira herri nagusiak) eskualdea (%-14,6), Arabako Mendialdea (Kanpezu herri nagusia) (%-7,4), Salbaterraldea (Bearnoko mugan), Zangozerria, Zuberoa, Ebro Garaiko Erribera edo Tafallaldea. «Despopulazio joera geldiaraztetik urrun, azken urteetan gehientsuenek biztanleria galtzen jarraitu dutela baieztatzen dute datuek», eta «galera horiek Nafarroa Beherean, Zuberoan, Nafarroa Garaian eta Araban metatzen» direla azaldu zuen.

Datuak herrialdeka

Herrialdeei erreparatuta, Bizkaiak du populazio handiena, 1.148.608 biztanlerekin, atzetik Gipuzkoa dago, 719.282rekin; Nafarroa Garaia, 643.234rekin; Araba, 328.415ekin; Lapurdi 256.878rekin, Nafarroa Beherea 31.784rekin eta Zuberoa, 16.781 bizilagunekin.

Bilbo Handiak jarraitzen du populazio handiena duen eskualdea izaten. Hala ere, biztanleria galera ere sumatu da azken urtean, %1,1ekoa.

Hazkunde tasa positiboa izan duten eskualdeen artean, Ultzamaldea (%7,6), Agoitzaldea (%4,7), Iholdi-Oztibarre (%4,6), Arabako Ibarrak (%1,8), Debabarrena (%1,7), Kantauri Arabarra (%1,5), Goierri (%1,2) eta Gernika-Bermeo (%1) daude, besteak beste. Bizilagunak galdu dituztenen artean dago Sakana, oso kopuru handia ez bada ere, %1,3ko jaitsiera izan duelarik.

Gara, 2018/01/20