Etxarri Aranatzko Andra Mari ikastolak, antolatuko du 2023ko Nafarroa Oinez

hotsein
Andra Mari ikastolako ordezkariak Nafarroa Oinezeko lekukoa jaso berritan.

Tafallan lekukoa jaso zuen atzo. Dagoeneko batzordeak lanean hasi dira.

Garces de los Fayos ikastolak antolatuta, Tafallak Nafarroa Oinez hartu zuen atzo. Eguraldia lagun, milaka euskaltzale elkartu ziren Nafarroako ikastolen festan. Balorazio zehatzagoa egin zain, antolatzaileek ″egunaren arrakasta″ nabarmendu zuten eta eskerrak eman zizkien euskara eta ikastolak bultzatzera Tafallara joan ziren guztiei, baita laguntzera joan zirenei ere. Atzo Tafallan Nafarroa Oinez-en lekuko eskuz aldatu zen, Tafallatik Etxarri Aranatzera. Gotzon Perezek eta Iñigo Orellak, Andra Mari Ikastolako lehendakariak eta zuzendariak, jaso zuten Nafarroako Ikastolen Elkarteko ordezkarien eskutik.

Andra Mari ikastolak gaur aurkeztu du heldu den urteko Nafarroa Oinezko leloa: hotsein! 

Tafallan lekuko aldaketa egin zuten lastailaren 16an. Baina gaur hedabideen aurrera atera dira Garces de los Fayos eta Andra Mari ikastoletako ordezkariak. Aurrenak aurtengo Nafarroa Oinezen balorazioa egiteko. Atzenak heldu den urtekoaren berri emateko. Andra Mari ikastolako zuzendari Iñigo Orella Alzueta eta lehendakari orde Izakun Errazkin Beltza izan dira aurkezpenean.

2023ko Nafarroa Oinezek hotsein! leloa izanen du. Azaldu dutenez, leloaren bidez zera adierazi nahi dute: ″entzun gure hotsa eta gure ahotsa!″ Biek gaineratu dutenez, ″gure laugarren Nafarroa Oinez festarekin, 53 urteotan bultzatu dugun hezkuntza proiektua zabaldu nahi dugu, baina gaur egungo erronka berriei helduz. Gure festa, euskaltzaleon topagune paregabea izateaz gain, aldarrikapen batzuk egiteko bozgorailua izango da″. Horretaz aparte, jakinarazi dutenez, Nafarroa Oinezen lortzen denarekin, berritze lan batzuk ere eginen dituzte.

Guaixe