‘Enneco, haritzaren memoria’ proiektuaren lehen harria jarri dute

enneko

enneko


 

Etxarri Arantzen kokatuko den ‘Enneco, haritzaren memoria’ egitasmoak urrats berria eman du gaur, lehen harriaren kokapenarekin. Esanahi sinbolikoa emateaz gain, historia eta memoria ardatz izango dituen egitasmoaren fase berri baten hasiera irudikatu nahi izan dute sustatzaileek.

Ekainaren 21ean Enneco basoaren lurren behin betiko esleipena jaso zuen Nafarroa Bizirik Fundazioak Etxarriko Udalaren partetik. Era horretan, hurrengo 35 urteetarako eremua bere esku izango du ‘Haritzaren memoria’ proiektua aurrera eramateko. Elkarte eta norbanako ezberdinak auzolanean garatzen ari diren ekimenak historia eta memoria ditu oinarri. Helburua, «Nafarroako Erreinuko esperientzia sozial, kultural politiko eta instituzional guztia bilduko lukeen memoriaren espazioa sortzea» dela azaldu dute sustatzaileek.

Danbolintxulo parajean kokatuko da parkea eta bertan jarritako lehen harrian hainbat objektu sartu dituzte, egitasmoaren izaera irudikatzen dutenak: Nafarroako bandera bat, Jose Antonio Artzeren poesia bat eta Pello Etxartek Nafarroako historiari buruz idatzitako liburuak, besteak beste. Lehen harria jarri ostean, bisita gidatua egin dute parketik proiektuaren nondik norakoak azaltzeko. Bertan bi astez boluntario lanetan arituko diren 18 gazte ere egon dira, bederatzi herrialdetatik etorritakoak.

Parkean tematika ezberdinak dituzten eraikinak egongo dira. Eraikitzen lehena harrera gunea izango da, eta gainerakoak egin bitartean bertan egitasmoaren berri jasotzeko aukera izango dute bisitariek. Kastro baskoi bat ere eraikiko dute, eta dagoeneko 60 tona harri jarri dituzte. Beste eraikinetan euskara eta mitologia landuko dira, eta haurrentzako jolas gunea ere egingo dute.

Irailetik aurrera eraikuntza lanetan erabiliko duten garabia egiteari ekingo diote eta, behin hori amaituta, lehenengo eraikinarekin hasiko dira. Patxi Abasolo fundazioaren lehendakariak azaldu duenez, auzolana eta parte hartzea bultzatu nahi dituzte, eta data zehatza ematea zaila den arren, udaberrian lehen bisitak egin ahal izatea espero dute.

Naiz|2016/07/05