Euskera

Iruñeko Udalak Euskara baztertu du lan deialdi batean, jendaurreko postuetakarako

Bandera Navarra - Euskera

Iruñeko gobernu aldaketa egin zenetik, Iruñeko Udalak bere administrazioan sartzeko lehenbiziko lan deialdia egin du (Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2024ko martxoaren 26an).

Deialdiaren helburua da ofizial administrarien bi zerrenda osatzea, lanpostuak aldi baterako betetzea behar denerako (zerrenda bat da barrukoa eta bestea kanpoko jendearentzat).

Estreinaldia ezin okerragoa izan du; izan ere, jendaurreko harremanak izatea eskatzen duten lanpostuak izanik, euskara jakitea ez da baloratu (ez asko, ez gutxi; ezer ez).

Horrelako lanpostuetarako ez badu baloratu, noiz baloratuko du?

Iruñeko Udalean badira lanpostu batzuk profil elebiduna dutenak, baina oso gutxi dira, eta, gainera, batzuetan euskara ez dakitenek okupatzen dituzte (langile horiek erretiroa hartzean beteko dituzte elebidunek, ustez). Eta, gainera, euskara jakitea baloratu ere egiten ez bada…

Borrokan segituko dugu, profil elebidunak jar daitezen, eta bestela, gutxienez, euskara jakitea balora dadin.

ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA


 

Euskal Herrian Euskarazek ‘Euskararen Errepublikaren Plaza’ izendatu du Iruñean

Euskararen Errepublikaren Plaza

Euskararen Errepublikaren Plaza


Joan den igandean, Euskararen Nazioarteko Eguna izanik, ‘Euskararen Errepublikaren Plaza’ izendatu zuen Euskal Herrian Euskarazek Iruñeko erdigunean, «orain arteko ‘Constitución’ delako plaza arrotza atzean utziz».

Euskal Herrian Euskarazek ‘Euskararen Errepublikaren Plaza’ izendatu zuen joan den igandean Iruñean, «orain arteko ‘Constitución’ delako plaza arrotza atzean utziz».

Ohar batean gogoratu duenez, Iruñeko Udalak 1978ko Espainiar Konstituzioaren omenezko ‘Constitución’ izeneko plaka jarri zuen iazko urtarrilean. Helegite bat tarteko, Nafarroako Administrazio Auzitegiak gaztelera hutsean errotulatu zitekeela ebatzi zuen urtebete geroago, hala argudiatuz: «Constitución izen propioa da, letra larriz hasita beste arauetatik bereizten duelako. Hortaz, izendapen hori ezin da euskarara itzuli, itzulpenik onartzen ez duen izen propio berria delako». Duela bi aste, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiak erabaki hori berretsi zuen, 22/2023 epaiaren bidez.

«Euskararen aurkako oldarraldi betean gauden honetan, hau da, euskaldunon hizkuntza eskubideen aurkako erabaki judizialen kate luze baten testuinguruan, eraso bat gehiago da hau. Gure kaleetan euskararik ikusi eta entzun nahi ez dutenen aldetik erasoaldi luzea jasaten ari gara euskaldunok azken aldian, eta horiei erantzun irmoa eman genien pasa den azaroaren 4ean, Bilbon, 70.000tik gora euskaltzalek. Baina, ia oharkabean pasa den azken eraso hau lehen lerrora ekarri nahi dugu, oldarraldiaren muinera eramaten baikaitu. Espainiar Konstituzioak Hegoaldean, Frantziakoak Iparraldean bezala, gure hizkuntza, eta beraz, gure hiztun-komunitatea beti bigarren mailako izan gaitezen bermatzen du», azpimarratu du.

Dioenez, «kasu honetan, euskararen ofizialtasun formala gure lurraldearen zatirik handienean ukatzeaz gain, Espainiar Konstituzioak, beste lege guztien gainetik, gaztelera ezagutzeko derrigortasuna ezartzen digu euskaldunoi. Horrela, derrigortasun hori normalitate gisa saldu eta gainontzeko hizkuntzak ‘hautazko’ edo ‘ez beharrezko’ gisa hartzen du. Ondorioz, Euskal Herrian euskara ezagutzea betebehar izatetik urrun, eskubide ere ez da, izan ere, derrigorrezko hezkuntzatik euskarazko gutxieneko mailarik gabe ateratzera bideratzen da ikasleen erdia, eta beste erdia gero eta maila kaxkarragoarekin ateratzen da ustezko hezkuntza euskaldunetik».

«Gainera, gazteleraz bizitzeko eskubidea legez eta praktikan aitortua den bezala, euskararen kasuan ez da inondik inora horrela, eta gero eta gehiago ari dizkigute murrizten geure hizkuntzan bizi ahal izateko eremuak: zerbitzu publikoetan, lan-eremuan, aisialdian, kalean…», gaineratu du.

«Euskararen Errepublika behar dugu»

EHEren esanetan «ez da kasualitatea oldarraldi judizialaren baitan Iruñeko kale-izendegian atzerakada plaza zehatz honen izenarekin abiatzea, erasoaldiaren muinean baitago Espainiar Estatuaren Konstituzioa bera. Haien Estatu-proiektua gure hizkuntza eta herria zapalduz, mespretxatuz, gutxietsiz… eraiki dute hasieratik eta berdin jarraitzen dute. Haien Estatu-proiektuan ez dugu euskaraz bizitzeko, ikasteko, gozatzeko, gaixotzeko, sendatzeko… arnasteko eremurik, eta haren pean, beti erresistentzian eta bigarren maila batean bizitzera kondenatuta gaude».

«Horregatik, aldarrikatzen dugu gaur hemen, 2023ko Euskararen Nazioarteko Egunean, Euskararen Errepublika. Euskaldunok gure hizkuntzan bizitzeko eta garatzeko eskubidea egikaritu nahi badugu, independentzia lortu beharko dugula argi dugu. Euskal Herrian Euskarazetik, kontzientziak piztu eta bide hori hartzeko deia luzatzen dugu. Euskararen Errepublika behar dugu eta eraginez, lortuko dugu! Gora Euskararen Errepublika!», amaitu

Gara