Agenda / Ekimenak

20/10/16. Xalbadorren eguna 2018.

xalbador

xalbador


Aurtengo Xalbadorren eguna, 2018ko urriaren 20an eta 21ean egingo da Urepelen, Deiadarra taldeak antolatuta, 2004 urteaz geroztik beti egin den bezala.


Xalbador bertsularia ez ezik, bertsulariak eta euskal kultura munduko beste pertsona ezagun asko gogoratu eta omendu izan da hamalau urte horietan, eta hamabostgarren honetan omenduko dira:

–Joanes Arrosagaray (Aintzile, 1949 – 1998)

–Ernest Alkat (Iholdi, 1951 – 2008)

–Fermin Mihura (Azkaine, 1946 –2013)

Bat-bateko bertsulariak ziren, eta bertso idatzi asko irakurleari emanak. Besteak beste, hor dira Auspoa sailean, Bihotz barneko solasak (Auspoa 303, Arrosagaray), Ene ezkilen dangak (Auspoa 307, Alkat), eta Bertsuaren eremua (Auspoa 335, Mihura).

    Gazterik hil ziren hirurak ere, baina fruitu onak emanik.

DEIADARRA ELKARTEA

2004ko urriaren 1ean sortu zen, Xalbadorren eguna urteoroz antolatzeko asmoz, aitzineko urteetan egin zen bezala, euskal izpiritu berdin berdinez.

Gure lehenengo lana 2004ko Xalbadorren egunaren antolaketa izan zen, eta hamaborzgarrenurtez egingo dugu aurten.

Deiadarra elkartearen helburuak berdin jarraitzen dute orai ere: Euskal nortasuna eta Xalbadorrek utzi zaukun mezua bizirik atxikitzea nahi dugu Euskal Herri osoan.

Deiadarra elkartea, Xalbadorren “Ama Euskal Herria” bertsuetan oinarrituz sortu zen besteak beste, eta elkartearen izena hortik dator:

Baditaike seme hok noizbait orroitzea,
ama, zu ganik izan dugula sortzea;
guhaurek bilaturik zure ehorztea,
jasan beharra dugu gaztigu dorpea.

Hil hobi huntan noizbait norbait balabila
zure izaitearen herrestoen bila,
lurpetik entzunen du deiadar bipila:

Hemen dago ama bat bere haurrek hila!


2018ko Xalbadorren eguna – Egitaraua

Xalbador eta gai berezi bat hartu dugu urteoro, berarekin kantatu edo loturaren izan duena. 2005ean, “Xalbador eta mendia” gaia hartuta antolatu genuen asteburua. Beste batean, “Xalbador eta diaspora”; “Xalbador eta Mattin”; “Xalbador eta Zavala” “Xalbador eta Xanpun”, “Xalbador eta Xavier Lete”, “Xalbador eta Etxahun Iruri”, “Xalbador eta Emile Larre eta Teodoro Hernandorena, Jon Azpillaga…

Aurten, esan bezala iparraldeko hiru bertsulari omendu nahi ditugu Xalbadorrekin batera, bertsularitza eta Euskal kulturaren alde hainbat lan egin baitzuten. Hori dela-eta asteburu hunkigarria antolatu dugu aurten ere Urepelen, urriaren 20 eta 21erako.

Egitaraua:

Urriak 21, larunabata

21:00: Kontzertua, Urepeleko elizan, Baigorriko Lagun Alai koruaren emanaldia.

22:30 ondotik afaria eta euskal musika, ezker paretan.

Urriak 22, igandea

09:00: Xalbadorren etxolara mendi ibilaldia, etxola eta Urepel ezagutuz

10:30: Meza

11:15: Hitzaldia, Ernest Alkat, Joanes Arrosagaray eta Fermin Mihura gogoratuz, Urepeleko eskolan.

11:30tik goiti:  Bilboko SALBATZAILE dantza taldearen saioa

13:00 Herri kirolak. Herriko plazan zoin gehiagoka Donazaharre (Baxe Nafarroa) eta Mutrikuko (Gipuzkoa) taldeak.

Ikusgarria: sokatira, sega, orga altxatzea eta lasto altxatzea

14:00: Bazkaria eta bertsoak, pilotalekuan

15:30 Haurren txokoa: aurpegi-pintatzeko taillerak.

Ondotik bertsulariak: Amets Arzallus, Xebastian Lizaso, Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe, Jose Luis Gorrotxategi eta Xan Alkat gaztea

17:30: Erromeria, trikitilariekin.

Nahi duenarentzat kanping zerbitzua izango da Urepelen bertan, edo hoteleletan. Erreserba egiteko gurekin harremanetan jarri 0033624332995 telefonora deituz.

Laguntzaileak

Gure laguntzaileak eskertu nahi ditugu behin eta berriro, egun hau ezingo bailitzake antolatu bere laguntzarik gabe:

Urepeleko herriko etxea.       Bizkaiko Aldundia.        Euskadi irradia.

 

2018 ko Irailaren 29ean

DEIADARRA elkartea

Tel: 0033 6.24.33.29.95

E-mail:itxabe@yahoo.fr

Behingoz euskara Nafarroa osoan ofiziala izatea eskatuko da urriaren 27ko mobilizazioan

BEHIGOZ. Eskara Ofiziala

BEHIGOZ. Eskara Ofiziala


Kalera irteteko deia egin du Kontseiluak. Urriaren 27an mobilizazio handia egingo da, 17:00etan hasita, nafar guztiei euskaraz bizitzeko eskubidea bermatuko dien ofizialtasuna eskatzeko.


WhatsApp Image 2018-09-05 at 10.08.27-2

Hizkuntza-politikaren alorrean Nafarroan bizitzen ari den egoerak bultzada berria emateko aukera zabaldu duela uste du Kontseiluak. Une honetan, “behingoz, euskaldun guztiak bereizkeriarik gabe, berdin hartuko dituen egoera sortzeko aukera ikusten dugu. Nafarroako Parlamentuan Euskararentzat Lege berria lantzen den abagunea probestuta, euskaldunok indar egingo dugu herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatuko dituen egoera sortzeko”, esan du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.

1986tik hona, Nafarroako euskaldunok, beren hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoa pairatu dute. Vascuencearen Foru Legeak Nafarroa hirutan banatu zuen, eta, ondorioz, lurraldearen zati handi bat eskubidez gabetu zuten, euskaraz bizitzeko aukerarik gabe. Ñabardurak ñabardura eta aldaketak aldaketa, Nafarroak hirutan zatituta jarraitzen du.

Euskararen Foru Legeak eskubideak bermatu baino mugatu egiten ditu. Euskaraz bizitzeko eskubidea soilik eremu euskalduneko herritarrei aitortzen zaie; gainerakoei, ez.

“Egoera horren aurrean, euskaraz bizitzeko proiektuetan buru-belarri aritu beharra sentitu du Kontseiluak, euskararen garapenaren aurkako politikei aurre egiteko beharra izan dugu”, azaldu du Paul Bilbaok .”Beraz, oztopoak oztopo, bidea egitea lortu dugu Nafarroako herritarrekin batera”, gaineratu du.

Aurten, esaterako, euskararen garapenaren aldeko aukera leihoa zabaldu da Nafarroako Parlamentuan eta aukera hori baliatu du Kontseiluak Euskararen Lege berria egiteko herritarrekin elkarlanean. Behin lanketa hori eginda, alderdiei dagokie oinarri berri eta sendoak jartzea, lege berriak herritarren beharrei erantzun diezaien. Gogora dezagun Parlamentuak lege berria proposatzeko agindua eman duela hiru irizpideren arabera: nafarren hizkuntza-eskubideen bermea, hizkuntza-zonifikazioa eta euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan.

“Orain ikusten dugu aukera euskaldunontzat egokia izango den egoera bermatzeko. Lege berria, hizkuntza-eskubideak aitortuko dituena, egin behar da. Lortu daitekeen zerbait dela uste dugu eta aukera hau pasatzen uzten baldin badugu, eragina epe luzekoa izango dela uste dugu”, esan du Bilbaok. “Bada garaia urtetan egindako kaltea erreparatzeko”.

Euskaldunon eskubidea da euskaraz bizi ahal izatea. Horretarako, zonifikazioarekin amaitu behar da, pertsonen arteko bereizkeria eragiten duen egoera irauli egin behar da.

Egoera berrira igarotzeko bidea elkarlanean eta guztiok elkarrekin egin beharra nabarmendu du Kontseiluko eledunak. “Guztioi eragiten digun zerbait den neurrian, guztioi dagokigu, bakoitzari bere lekutik, dagokiona egitea. Eragileekin partekatuko dugu egoera eta haiek ere honen parte izatea nahi dugu. Ildo horretan egingo dugu lan”.

Alderdi politikoei dei zehatza ere egin die Bilbaok: “neurri batean haien esku dago aldaketa. Euskaraz bizi nahi duten herritarrei erantzun egokia eman behar diete. Erantzukizunez jardutea dagokie, haien ardura baita. 2011n izandako jarrera errepikatu dezatela eskatzen diegu. Oposizioan zeudenean erakutsitako irmotasuna izan dezatela benetako aldaketa lortu ahal izateko”.

Xedea lortzeko orain zabaldu den aukera baliatu beharra daukagu, berandu izan aurretik. Hortaz, mobilizazio handia urriaren 27an izango da, Iruñean. Kontseiluak eta bertako bazkideek euskal herritarrei eta, bereziki, nafarrei dei egite die mobilizazioarekin bat egiteko eta behingoz zonifikazioarekin amaitu eta ofizialtasuna Nafarroa guztian lortzeko. Mobilizazioaren ezaugarritzeak aurrerago aurkeztuko badira ere, Bilbaok aurreratu du hainbat gauza irudikatuko direla bertan; zonifikazioa gainditu beharra, elkarlana…