Bixente Serrano Izko zendu da. Historialaria eta historiagilea

Bixente Serrano Izko
Bixente Serrano Izko

Historialaria, idazlea eta politikaria. 72 urte zituela zendu da Serrano Izko. ETAko kidea izatea egotzita atxilotu zuten frankismoaren amaieran, eta Geroa Bai alderdian jardun da azken urteetan. BERRIAko blogari izan da 2006tik.

Bixente Serrano Izko idazle, politikari eta historialaria (Saratsa, Nafarroa, 1948) hil zen atzo arratsaldean. Gaixorik zegoen, eta ebakuntza bat egin behar izan zioten orain dela egun batzuk. Haren egoerak okerrera egin zuen, ordea, eta atzo zendu zen, erietxean. 72 urte zeuzkan.

Hainbat arlotan jardun zen Serrano Izko; frankismo amaieran, 1973an, preso hartu zuten, ETAko kide izatea egotzita, eta 1976an Segoviako espetxeko ihesaldian parte hartu zutenetako bat izan zen —atzeman egin zuten ondoren—. ETApm-k armak utzi zituenean, Euskadiko Ezkerran sartu zen Serrano Izko, baina, alderdia PSErekin elkartu ondoren, utzi egin zuen politikaren esparrua. 1982ko azaroan utzi zuen EE, eta historia irakasle hasi zen Iruñean.

2004an itzuli zen politikaren lehen lerrora; urte horretan eta 2008an, Nafarroa Bairen hautagaia izan zen Espainiako Senaturako, eta diputatu izan zen Espainiako Kongresuan 2015eko ekainetik abendura bitartean, Uxue Barkosek utzitako lekua betetzeko. «Subjektu gisa, Nafarroan zentratu behar dugu apustua», esan zuen orduan BERRIAn egindako elkarrizketa batean.

Hain justu ere, Serrano Izkok urteak eman ditu BERRIAn iritziak argitaratzen. Nafar periferiatik bloga elikatu du 2006az geroztik; duela ia hiru aste egin zuen azken idatzia blogean, maiatzaren 16an.

Historiari buruzko hainbat lan ere utzi ditu Serrano Izkok; besteak beste, 2005ean argitaratutako Nafarroa. Historiaren hariak liburua. Beste hainbat saiakera ere idatzi zituen, baita narrazio eta aforismo liburuak ere, hala nola 1987an argitaratutako Onkoteak narrazio liburua eta Jauzika aforismo liburua, 2010ean. Azken urteetan, berriz, Euskokultur fundazioko lehendakari izan da Serrano Izko.

Koldo Martinez Geroa Baiko kideak eman zuen albistearen berri atzo arratsean, sare sozialetan: «Pena handiz, Bixente Serrano Izko bihotzeko laguna, euskaltzale porrokatua, militante sutsua, idazlea, pentsalaria, historialaria, irakaslea, diputatua, Geroa Baiko kidea eta batez ere pertsona bikaina zendu dela esan behar dizuet. Beti gure gogoan!». BERRIAk galdetuta, Martinezek azaldu du «hainbat borrokatako kide» izan zuela Serrano Izko, eta nabarmendu du «laguna, umila, apala, hurbilekoa» izan zela: «Historialaria eta historiagilea izan zen».

Esker oneko hitzak

Atsekabea eragin du Serrano Izkoren heriotzak, eta hainbat izan dira sare sozialetan zabaldu diren mezuak. Geroa Baik adierazi du «pertsona handia» zela, alderdiaren balioekin konprometitua: «Bazoaz, baina zure oroimena eta ondarea gurekin izanen da betiko. Agur, Bixente». Nafarroako EAJk pertsona eta alderdikide «aparta» izan dela azaldu du, eta familiari babesa helarazi dio. Baita Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramaileak ere. Pernando Barrena EH Bilduko eurodiputatuak ere Serrano Izkoren ibilbidea azpimarratu du: «Pertsona ona, abertzale zentzuduna eta herri honen historia handiaren protagonista. Lurra arin bekizu, Bixente».

Politikariek ez ezik, arlo desberdinetan aritzen diren zenbait ezagunek ere hitz batzuk eskaini dizkiote. Gaizka Aranguren kazetariak «abertzale, euskaltzale, historiazale, militante eta pertsona on» gisa deskribatu du Serrano Izko. Xabier Euzkitzek, berriz, aitortu du haren heriotzak «sekulako tristura» eragin diola: «Hain txiki izanik, itzal handiko pertsona zen. Zinez miresten eta eskertzen ditut haren lana, ausardia, bidea. Bego gugan».

Berria, 2020/06/05


Vixente Serrano Izko colaboró con Orreaga al comienzo de la andadura. Desde Orreaga Fundazioa queremos despedirle recordando que fue un luchador por la libertad de Euskalerria y además como una buena persona.