Biak bat
Beñi Agirre. Askok uste dugu Nafarroako bandera eta ikurrina elkarren ondoan eta Euskal Herri osoan jarri behar direla. Nafarroa Garaian ahalegin handia egin da ikurrina instituzioetan jartzeko; kostatzen ari da, baina badoa. Eta gainerako lurraldeetan traba gutxiago beharko luke ikurrina bezain gurea den bandera gorria balkoietan zintzilikatzeko.
Euskal herritar ororen memorian beharko luke abuztuaren 15eko data; 778koa, zehazki. Egun horretan, baskoiek sekulako garaipena erdietsi zuten Karlomagnoren aurrean. Hain justu ere, egun horretan eman zuten euskal herritar haiek guztiok bilduko gintuen estatu subiranoa sortzeko lehenengo urratsa, gero Nafarroako bandera ikur nagusitzat izango zuena. Auzoko inperioek suntsitu egin zuten Nafarroa, eta XX. mendean euskal herritarrek ikurrina ikusi zuten independentzia berreskuratzeko ikurra. Hortaz, euskal herritarrok bi bandera ditugu? Ez, ez dira bi, gauza bera baizik.
Hori guztia gogoratzeko eta garaipena ospatzeko asmoz, abuztuaren 15ean bilduko gara Orreagan. Ibañetan jokatuko da bataila gogoratzen duen antzezpena, eta, ondoren, anaiarteko bazkarian elkartuko gara aurretik izena eman dugunok.
Oraindik askok pentsatzen dute Orreaga oso urruti dagoela eta beste herri baten auzia izan zela. Baina ez, ez gara bi herri, bakarra baizik. Jarri lasai bi banderak.