«Belatxa» hegaldian, kantu tradizionala Bedaxagarren eskutik

Jean Mixel Bedaxagarrek

Jean Mixel Bedaxagarrek


Jean Mixel Bedaxagarrek disko berria argitaratu du, «Belatxa». Tradizioaren berrinterpretazioa da diskoaren oinarria, baina kantu berriek ere badute bere tokia lan «mamitsu» honetan.

«Bizi guztia kosta zait ‘Belatxa’ ematea», baieztatu zuen kantari zuberotarrak bere diskoaren aurkezpenean. Berrogei urte beteko dira martxoan Jean Mixel Bedaxagar kantuan hasi zenetik. Donostian Mikel Laboa, Xabier Lete, Benito Lertxundi, Pantxoa eta Peio… lagun zituela abiatu zen jendaurrean kantari.

Geroztik garai horretako kantuak “tradizionalak” bilakatu dira. Lau hamarkadotan tradiziotik edan du batik bat kantari zuberotarrak, urrunera garamatzaten iturri artistikoetatik. Disko berri honetako kantuetako bat, adibidez “Bereteretxen kantorea” da, euskal kanturik zaharrenetariko bat.

«Zuberoako kantu zaharrenetan ezarri du bere iparra, transmisioa ahalik eta hoberen pasa dadin» hitzekin deskribatu zuen Angel Valdes editoreak Bedaxagarren azken lana. Eta gaineratu zuen: «Transmisioa ahalik eta gardenen iragan dadin lanean ari da 70eko hamarkadatik gaur egun arte».

Diskoa zergatik egin duen irribarre bat ahoan zuela azaldu zuen Bedaxagarrek: «Besteen plazerarendako eta nire plazerarendako egin dut, eta gazteei sedukzioa egiteko». Horri buruz honakoa nabarmendu zuen Valdesek: «Xedea gure kulturaren sinbologiaren bitartez hurrengo belaunaldiak janztea da».

Belatxa eta usoa

Diskoari izenburua ematen dion “Belatxa” kantua «performance bat bezala» eman duela azpimarratu zuen kantariak, «biziki gora» joanez, txoria bera bezala. «Aitzina joateko, nondik heldu garen jakin behar dugu», gaineratu zuen kantuari helduz.

Lagunak gonbidatu ditu artistak berarekin lanean aritzera. Horrela “Agur Maria” zuberotarrez kantatu du, Mixel Etxekoparren txirularen laguntzarekin, eta Sacha Carlos Standenen arrabita eta pianoarekin.

Sebastian Iradierren “Urzoa” Bedaxagarrek lagun zuen Nestor Basterretxea eskultorearen ohoretan egina izan da. “La Paloma” kantuaren 2.000 bertsio inguru existitzen dira, eta zuberotarrari esker habanera estiloan entzun daiteke orain berri bat, diskoari bukaera emanez.

Gara, 23/10/2015