Behingoz euskara Nafarroa osoan ofiziala izatea eskatuko da urriaren 27ko mobilizazioan

BEHIGOZ. Eskara Ofiziala

BEHIGOZ. Eskara Ofiziala


Kalera irteteko deia egin du Kontseiluak. Urriaren 27an mobilizazio handia egingo da, 17:00etan hasita, nafar guztiei euskaraz bizitzeko eskubidea bermatuko dien ofizialtasuna eskatzeko.


WhatsApp Image 2018-09-05 at 10.08.27-2

Hizkuntza-politikaren alorrean Nafarroan bizitzen ari den egoerak bultzada berria emateko aukera zabaldu duela uste du Kontseiluak. Une honetan, “behingoz, euskaldun guztiak bereizkeriarik gabe, berdin hartuko dituen egoera sortzeko aukera ikusten dugu. Nafarroako Parlamentuan Euskararentzat Lege berria lantzen den abagunea probestuta, euskaldunok indar egingo dugu herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatuko dituen egoera sortzeko”, esan du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.

1986tik hona, Nafarroako euskaldunok, beren hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoa pairatu dute. Vascuencearen Foru Legeak Nafarroa hirutan banatu zuen, eta, ondorioz, lurraldearen zati handi bat eskubidez gabetu zuten, euskaraz bizitzeko aukerarik gabe. Ñabardurak ñabardura eta aldaketak aldaketa, Nafarroak hirutan zatituta jarraitzen du.

Euskararen Foru Legeak eskubideak bermatu baino mugatu egiten ditu. Euskaraz bizitzeko eskubidea soilik eremu euskalduneko herritarrei aitortzen zaie; gainerakoei, ez.

“Egoera horren aurrean, euskaraz bizitzeko proiektuetan buru-belarri aritu beharra sentitu du Kontseiluak, euskararen garapenaren aurkako politikei aurre egiteko beharra izan dugu”, azaldu du Paul Bilbaok .”Beraz, oztopoak oztopo, bidea egitea lortu dugu Nafarroako herritarrekin batera”, gaineratu du.

Aurten, esaterako, euskararen garapenaren aldeko aukera leihoa zabaldu da Nafarroako Parlamentuan eta aukera hori baliatu du Kontseiluak Euskararen Lege berria egiteko herritarrekin elkarlanean. Behin lanketa hori eginda, alderdiei dagokie oinarri berri eta sendoak jartzea, lege berriak herritarren beharrei erantzun diezaien. Gogora dezagun Parlamentuak lege berria proposatzeko agindua eman duela hiru irizpideren arabera: nafarren hizkuntza-eskubideen bermea, hizkuntza-zonifikazioa eta euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan.

“Orain ikusten dugu aukera euskaldunontzat egokia izango den egoera bermatzeko. Lege berria, hizkuntza-eskubideak aitortuko dituena, egin behar da. Lortu daitekeen zerbait dela uste dugu eta aukera hau pasatzen uzten baldin badugu, eragina epe luzekoa izango dela uste dugu”, esan du Bilbaok. “Bada garaia urtetan egindako kaltea erreparatzeko”.

Euskaldunon eskubidea da euskaraz bizi ahal izatea. Horretarako, zonifikazioarekin amaitu behar da, pertsonen arteko bereizkeria eragiten duen egoera irauli egin behar da.

Egoera berrira igarotzeko bidea elkarlanean eta guztiok elkarrekin egin beharra nabarmendu du Kontseiluko eledunak. “Guztioi eragiten digun zerbait den neurrian, guztioi dagokigu, bakoitzari bere lekutik, dagokiona egitea. Eragileekin partekatuko dugu egoera eta haiek ere honen parte izatea nahi dugu. Ildo horretan egingo dugu lan”.

Alderdi politikoei dei zehatza ere egin die Bilbaok: “neurri batean haien esku dago aldaketa. Euskaraz bizi nahi duten herritarrei erantzun egokia eman behar diete. Erantzukizunez jardutea dagokie, haien ardura baita. 2011n izandako jarrera errepikatu dezatela eskatzen diegu. Oposizioan zeudenean erakutsitako irmotasuna izan dezatela benetako aldaketa lortu ahal izateko”.

Xedea lortzeko orain zabaldu den aukera baliatu beharra daukagu, berandu izan aurretik. Hortaz, mobilizazio handia urriaren 27an izango da, Iruñean. Kontseiluak eta bertako bazkideek euskal herritarrei eta, bereziki, nafarrei dei egite die mobilizazioarekin bat egiteko eta behingoz zonifikazioarekin amaitu eta ofizialtasuna Nafarroa guztian lortzeko. Mobilizazioaren ezaugarritzeak aurrerago aurkeztuko badira ere, Bilbaok aurreratu du hainbat gauza irudikatuko direla bertan; zonifikazioa gainditu beharra, elkarlana…