Baigorrin, Nafarroaren Egunean 2014, euskal kulturak izango du leku nagusia

Nafarroaren eguna eta kulturaldia

Nafarroaren eguna eta kulturaldia
Apirilaren 27an ospatuko da aurten Nafarroaren Eguna, Baigorrin. Euskal kultura eta euskara nagusi izango direla azaldu zuen atzo Basaizea elkarteak. Egun hori Nafarroa osoaren festa dela adierazi zuen, «Nafarroa Garaia eta Baxenabarre bereizi gabe».

Iruñean egindako prentsaurrekoan, Ihintza Bidart, Ramuntxo Bidart eta Kaiet Lapeyrade Basaizea elkarteko kideek apirilaren 27an izango diren ekintzen berri eman zuten. Hala, iragarri zutenez, goiz osoan zehar txalapartari, joaldun, dantzari eta ziganteak ikusi ahalko dituzte Baigorrin bildutakoek. Era berean, arratsaldean kirol animazioa, dantza ikusgarria eta dantza jauziak izango direla gaineratu zuten.

Aurretiaz hainbat ekimen ere izango da. Apirilaren 11n, esaterako, Presoen Gaualdia egingo dute Baigorriko Bixentainean. Hurrengo egunean, Les Joyeux Petits Souliers dantza talde ukrainarrak eta Arrola dantza taldeak ere ikuskizuna eskainiko dute. Apirilaren 18an, gogoeta gaualdia izango da, eta 26an, Mikel Laboa protagonista izango duen kantu saioa.

Gara, 27/03/2014