Angel Aintziburu, ezagutzaren iturri

ANJEL_AINCIBURU
ANJEL_AINCIBURU
Luzaideko semeak biziki maite du bere sorterriaren iragana ikertzea eta une honetan herriko etxeen historia bilduko duen liburua idazten ari da.

“Garrantzia handia du norberak bere herriaren historia ezagutzea”

Ilusioa borborka du Angel Aintziburu Kaminok (Luzaide, 1930). Egun 85 urte ditu, eta 20 urteko gazte baten grina du. Erretiroa hartu zuenetik, herriko historia iker-tzen ibili da, eta une honetan Luzaideko etxeen istorioak bilduko dituen liburua osa-tzen ari da; ezagutzaren arra ezin ase dabil. Euskara du ama hizkuntza, eta urte hauetan zehar euskal hizkuntzaren aldeko hamaika lan egin ditu. Hori dela eta, iazkoan Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen, euskararen alde egin duen lana aitortzeko xedearekin.

Etxe bakoitzek gordetzen dituzte istorio interesgarriak bere barnean. Hala mintzo da Angel Aintziburu egiten ari den lanaren inguruan. Zahartzaroan sartu berritan hasi zen herriko historia ikertzen, eta une honetan herriaren hastapenetara jo du, Luzaideren bilakaera ezagutzeko ilusioarekin. Antza, hasierako herriak 14 etxe zituen, eta dagoeneko zein-tzuk diren identifikatu ditu historialariak. Aintzibururen sortetxeak ere biltzen ditu kontu bitxiak: “Ene familiaren etxea Buruxuri zen, egungo etxetik airezko bidean kilometro batera dago. Oso aspaldikoa da. Garai batean, bordak eta pentzeak zituen Ondarrolako aldean eta 1530ean, Karlos V.ak Espainia eta Frantziaren arteko muga marraztu zuenean, etxea Espainiako aldean geratu zen eta bordak… Frantziako lurretan. Anitz etxetan geratu zen hori”, nabarmentzen du.

Halere, ez da idazteko makina zaharrean sortu duen lan bakarra. Aurretik beste lan askok ikusi dute argia Luzaideko semearen etxeko liburutegian. Orduak eta orduak ematen ditu bere txokoan. 2002an, esaterako, Luzaiden Gaindi liburua argitaratu zuen Jean Baptiste Etxarren idazle baxenabartarrarekin elkarlanean. “Askotan elkartzen ginen, bertako kontuen inguruan hitz egiteko, eta, halako batean, liburu bat idaztea bururatu zitzaigun”. Handik urte gutxira, 2009an, Luzaiden Gaindi 2 lana argitaratu zuen (azken hau bakarrik idatzi zuen). Biek ala biek, herriko ohitura zaharrak, istorioak, kontakizun bitxiak, bizilagun esangura-tsuak, zein pasarte ezezagunak zituzten ardatz. “Garrantzia handia du norberak bere herriaren historia ezagutzea” dio irribarre-tsu etxeko egongelako eserlekuan eserita dagoen bitartean. Lan horiekin batera, pilotari buruzko ikerketa bat ere egin zuen.

Euskarak eta euskal kulturak ematen diote bizipoza. Bizitzan zehar, hamaika abesti eta bertso ikasi ditu buruz, eta beste hainbeste bildu ditu ahanzturaren sasietatik berreskuratzeko helburuarekin. Luzaidar peto gisa, pazko igandea iristen denean, odolak bor-bor egiten dio Bolantak ikustean. Azaldu legez, egun horretan kanpoan bizi diren luzaidar gehienak itzultzen dira herrira dantzan egitera. “Ni ere ibili nintzen dan-tzan. Lehen, 18 urtetik gorakoek zuten dantzatzeko aukera, baina nik 15 urterekin hasi nintzen” dio pozaren pozez.

Euskal hizkuntzari dagokionez, Aintziburuk dio euskara dezente galdu zela kanpoko jendea herrira bizitzera joan zenean. Hark etxeko hizkuntza du, eta biziki maite du. Hori dela eta, hizkuntza bera iker-tzen ibili da, eta gaurko egunean ere horrela dihardu. “Egungo euskara garbituko balitz, anitz aberastuko litzateke gure mintzamoldea. Bada hitz bat lehenik behar dela kendu, euskaldun zintzoek erabiltzen duten hitza: emakumea. Gurean emaztea dugu. Emakume hitzaren esanahia da izaki bat umea egiten duena. Gure aldean emazteek ez dituzte umeak egiten, haurrak baizik”, azaltzen du. Hala, hizkun-tzaren alde egindako lanarengatik, ohorezko euskaltzain izendatu zuten 2014an. “Nik egiten nuen lana ez zen Euskaltzaindiak estimatzeko adina, baina estimatu nuen anitz”.

Euskara hitzetik hortzera, Luzaideko semeak Iparraldeko Irulegi Irratian eta Pirinioko Irati Irratian parte hartzen du. Azken honetan, garai bateko kontuak zein gaurkoak izaten ditu min-tzagai, eta beti amaitzen du saioa bertso edo abesti ezezagun batekin, entzuleen belarria goxatzeko xedearekin.

Urteak joan eta urteak etorri, aspaldiko joera izan dute herriko seme-alaba askok etxea atzean utzita, ogiaren bila joatea. Aintziburuk, berriz, irmo jarraitu du bere sustraietara loturik , biziki maite baitu bere herria. Orain, bere liburuaren azken ukituak ematen ari da eta guztia aurreikusi bezala irteten bada, udazkenerako ikusiko du argia historialariaren azken lanak. Bien bitartean, euskal hizkuntza aztertzen jarraitiko du. Ahaztuak edo erabiltzen ez diren hitzak hartu eta euskaldunen mintzamoldean txertatuz. Guztia euskaldunen bihotzak, euskarak, luzaroan osasun-tsu egin dezan taupaka.

Diario de Noticias, 27 de Marzo de 2015