‘Amaiur! Libera State’ komikia aurkeztuko dute Amaiurren apirilaren 16an

Amaiur Libera State

amaiur_jauregia


Asisko Urmenetaren komiki berria Sarako Idazleen Biltzarrean izanen da igandean eta Amaiurren hurrengo larunbatean.

Amaiurko gazteluaren erorketaren 500. urteurrena (1522-2022) ospatzeko, Gaztelu elkarteak hainbat ekimen eginen ditu aurten. Asisko Urmenetarekin egindako ‘Amaiur! Libera State’ komikia aurkezteko unea dute orain. Horretarako, apirilaren 10ean aurre-aurkezpena eginen dute Sarako Idazleen Biltzarrean 16:45ean eta aurkezpen ekitaldia Amaiurko plazan hilaren 16an 12:00etan.
Sinopsia

«Gu guztiok hilen gara. Belatzekin batera gaztelu hura defenditzearren». Johanes Agirre, Etxalarko notarioa, 1522-07-11.

Orain dela 500 urte ehun nafartar librek gogor egin diote sei mila gizoneko armada inperialaren oldarraldiari aste oso batez. Erdiak hil dira bertan, eta bertze erdiak preso eraman dituzte, katez kargaturik.

«Jaun Jakue Belatz, zuk eta gure nazioko eta leinuko zaldun jaun horiek guztiek irabaziko duzue ezein naziok sekula irabazi ez duen ohorerik behinena». Antso Esa, Erresumako altxorzaina, Baionatik 1522-07-12.

Gutun hura da gazteluan sartzeko azkena, biharamunean hasiko baita erasoa. Hasiko… edo jarraituko, zeren Amaiurko balentrian itxi baita hamar urteko zikloa.

«Gerla hilka, Nafarroakoa: Independentzia, bidegabekeriaren aurka, Herioa, Biziaren aurka, Leialtasuna, Perfidiaren aurka». Migel Orreaga, 1923.

Album honetan, aztertu ditugu konkista-gerla haren kronologia eta okupazioaren makineria 1512tik 1522ra bitarte, bai eta inbasioaren kontrako erresistentzia epikoa ere, izen eta deiturekin: Jakue Belatz Medrano, Maria Hozta, Johanes Arremiritz Bakedao, Johanikot Arberoa…

«Populuak bota ditu Espainiako armarriak eta [Iruñeko] hiria gelditu da bere buruaren jabe». Antonio Villalobos, 1521.

Dokumentazio ugari aztertu eta destilatu egin dugu, eta orain Herriari eskaini, baliagarri izanen zaiolakoan bost mende bete diren honetan. Amaiur, euskaldunon zoru epikoa.