Aberri Eguna Iruñean ospatzeko deia egiten du Independentistak sareak

Iruñean_aberri_eguna_2014
Iruñean_aberri_eguna_2014Apirilaren 5ean Aberri Eguna Iruñean ospatzeko deia egiten die Independentistak sareak euskal herritarrei. Ohikoa den moduan, egun osoko egitaraua izango da: eguerdian martxa edo manifestazioa eta ekitaldi politikoa egingo dira eta, ondoren, ospakizunak segida izango du gauera arte Iruñeako kaleetan zehar.

Aberri Eguna, Euskal Herriaren eguna da. Gure herriak munduko herri guztien artean bere naziotasuna aitortu eta bere tokia izan behar duela aldarrikatzeko eguna. Inolako kanpo imposaketa eta injerentziarik gabe, geure etorkizuna askatasunean, demokrazian, justizia sozialean eta berdintasunean oinarrituz eraiki nahi dugula, eta horretarako burujabetza osoa behar dugula adierazi behar diogu mundu osoari Aberri Egunean.

Edozein herriri nazioartean aitortua izateko eta edozein estametu edo erakundetan onartua izateko estatu estatusa exijitzen zaio. Ez du nazio izateak balio, inposatzen diguten estatuen mundu honetan. Beraz, aitortuak izateko eta geure buruaren jabe izateko, nazio-estatuen pareko burujabetza estatusa lortzeko behintzat, aukera bakarra daukagu: euskal Estatua eraiki eta Euskal Errepublika independientea aldarrikatzea.

Hemen herri bat bizi-bizirik dagoela eta munduan bere tokia nahi duela erakutsi behar dugu. Aurrera begira gaudela geure etorkizuna eraikitzeko prest, eta asko daukagula munduko herri guztiekin partekatzeko, askatasuna eta elkartasuna oinarri hartuta.

Baina honek guztiak bere indarra galtzen du zatikatuta adierazten badugu, bakoitzak bere aldetik. Eragile politiko bakoitzak urte osoa dauka bere diskurtso eta proiektu politiko zehatzak kaleratzeko. Baina, Aberri Egunak, munduaren aurrean herri gisa agertzea eskatzen du, eta, sigla eta familia politikoetatik harago, euskal herritarrok elkarturik ospatzeko eguna da. Horrexegatik, aurten ere, aldarrikapena eta jaia uztartuz, Aberri Egun zabal eta partehartzailea antolatzen ari gara, gure herriaren etorkizuna era libre eta demokratikoan eraiki nahi duten herritar guztiei, aniztasunean elkarturik ospatzeko eukera eskaini nahi diegulako.

Apirilaren 5ean Iruñeara joateko deia egiten diegu euskal herritar guztiei eta, aldi berean, munduan zehar zabaldurik dagoen euskal diaspora –euskal etxe, elkarte, talde eta abar– tokian tokiko Aberri Egunak egitera animatzen dugu. Hain zuzen ere, munduko toki askotan Independentistak sareko kideek bultzatzen ari dira, jadanik, urtetik urtera gora doazen ospakizunak.

Hemendik gutxira kaleratuko ditugu 2015eko Aberri Egunaren inguruko hausnarketa politiko zabalagoa, egitaraua eta gainetiko zehaztasunak.