



22. KORRIKA 2022. urtera atzeratu dugu. Erabaki latza, euskararen aldeko ekitaldirik jendetsuena eta zirraragarriena ez dugulako orain izango, eta badakigulako euskararen aldeko bultzada ezin dela apaldu; gainera, KORRIKAk helburu ekonomiko zehatza dauka (AEKren euskaltegietako lana indartzea) eta atzeratzeak kalte egingo dio lan horri, zalantzarik ez.
Azken hilabeteotan, gauzak ikaragarri aldatu dira. Pandemiak mundu osoa kolpatu du eta ez dirudi epe motz-ertainean erabat kontrolpean izango denik. Egoera uste genuena eta nahi genuena baino askoz okerragoa da orain. Hori dela eta, AEKn hobetsi dugu KORRIKA bezalako ekimena atzeratzea, besteak beste, pandemiaren barruko transmisioa ahalik eta gehien murrizteko. KORRIKAren atzerapenak hutsunea sortuko du, baina KORRIKA bera horren garrantzitsua izanik, beharrezkoagoa da KORRIKA denok desiratzen ditugun baldintza hobeetan egitea. Une honetan, ez dugu KORRIKAren ordezko eskas bat nahi. Izan ere, euskarak bezala, KORRIKAk kalea behar du, bizia, mugimendua. Eta hori errepidera ateratzen direnek ematen digute, kalera ateratzen direnek. Denbora gehiago hartu nahi dugu, normalitate berria nondik nora joango den ikusteko, etorkizuna hobeki ezagutzeko, eta, ondo bidean, egoera hobetzen bada, denok desiratzen dugun KORRIKAra iritsiko gara, 2022. urteko udaberrian.
KORRIKArik ez izateak, baina, ez gaitu geldiaraziko. Hasteko, unea baliatu nahi dugu martxan den 2. EUSKARALDIAN parte har dezagun; Belarriprest edo Ahobizi izan gaitezen animatu nahi dugu Korrikazale oro.
Gainera, hartu behar izan dugun erabakiaren ondorioz, kolpe ekonomiko handia pairatuko dugu. Hori dela eta, KORRIKAren sorreratik, edizio guztietan egiten dugun bezala, azpimarratu nahi dugu ezinbestekoa dela helduen euskalduntzea bizkortzea eta inbertsioak areagotzea, Euskal Herri osoak behar-beharrezkoa du-eta. Administrazioari dagokionez, euskaltegiei bideratutako baliabideak oraindik ez dira nahikoak, urratsak egin badira ere norabide egokian. Alabaina, egoera ekonomiko zailagoan izango baga ere, berretsi nahi ditugu AEKide guztion konpromisoa eta lana. Oso gogorra izan da atzeratzeko erabakia hartzea, zinez, baina ziur gaude goiari helduko diogula eta KORRIKAra inoiz baino indartsuago itzuliko garela.
Bitartean, lanean arituko gara, euskaltegietara hurbiltzen ari zaizkigun milaka lagunek eskolak modurik eragingarrienean ikas ditzaten, eta egunero, goizetik gauera, jarraituko dugu mintzapraktika-egitasmoak abian, normalizazio-planak, itzulpen- eta zuzenketa-lanak, hilero argitaratzen dugun AIZU! Aldizkaria eta abar egiten; lanez lepo ibiliko gara, euskarak toki handiagoa har dezan.
Bidenabar, Euskalgintzako gainerako eragileekin ere elkarlanean segituko dugu 2021 urtean oinarri sendoagoak jar ditzagun herri honen euskalduntze bidean: “Hizkuntza Gutxituen Protokoloa”ren garapena, “Geroa Euskaratik” dinamika, Hizkuntza Gutxituen XVIII. Nazioarteko Biltzarra…
Amaitzeko, txalotu nahi dugu euskara ikastera hurbildu diren herritarren ahalegina, mintzalagun egitasmoetan daudenak, euskara planarekin dabiltzan eragile eta enpresak, AIZU!ko harpidedunak…segi euskaraz bidea egiten, zorionak.
“Herriz herri igaroko gara”, kaleetan eta herrietan elkartuko gara berriro.
AEKn, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! izeneko dinamika jarriko dugu abian, aurten ere euskalduntze-mugimenduaren garrantzia plazaratzeko.
Euskal Herriko herritarren % 55 erdalduna da. Berdintasunean oinarritutako jendartea amets badugu, argi dago herritar helduen euskalduntzea beharrezkoa dugula, guztion eskubideak bermatzeko zubia delako. Beraz, euskaltegi sendoak behar ditugu; bide onetik goaz, urtero-urtero 45.000 herritarretik gora euskara ikasten ari baitira horietan, baita pandemiak eragindako ikasturte ezohiko honetan ere. Bultza ditzagun euskaltegiak! Bultza dezagun euskara!
Hala eta guztiz ere, arlo horren finantzaketa ez da aski, aurrerapausoak eman diren arren. Esate baterako, AEK Euskal Herri osoan aritzen da; herritarrei euskara ikasteko aukera ematen zaie edonon bizi direlarik ere; horregatik, gaur egun, hiru administrazioetatik (EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria) arloari bultzada estrategikoa eman behar zaiolakoan gaude.
Hurrengo hilotan, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! izeneko dinamika jarriko dugu abian, aurten ere euskalduntze-mugimenduaren garrantzia plazaratzeko. Duela 55 urte Rikardo Arregik bidalitako gutun hartan argi islatu zen helduen euskalduntzea ezinbestekoa zela, orduan, euskararen biziberritze osoa lortzeko. Gaur egun, bide oparo eta nekaezina eginda ere (ikerketek diotenez, jendarteak azken hamarkadetan irabazi dituen hiztun berrietatik heren bat euskaltegietatik atera da), bistan da euskaltegiok buru-belarri segitu behar dugula lanean.
Hiru ardatz izango ditu (gehiago irakurri gainean egin klik,eskuinetara):
Eta… Eragileok, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! Mota guztietako eragileekiko lan-ildo amankomun bat ere jorratzen ari gara. KORRIKAren aurreko edizioan, Albaolako/Bastidako ekimena egin genuen, non hainbat eragilek KLIKA egin zuten; konpromiso bat hartu zuten, alegia. Orain, harreman horiek sustatzen segitu nahi dugu, eragileek aurrerapauso gehiago emateko, akuilu-lana ere egin dezaten beren eremuan; gobernuek eta herritarrek jokatzen duten rolaz gain, eragileek ere paper garrantzitsua dutelako.
Laburbildurik, agerian utzi nahi dugu, egun ere, euskaltegion ezinbesteko rola Euskal Herri euskalduna izango badugu; eta, bide horretan, herritarron nahiz eragileen babesaz gain, administrazioen laguntza ere behar-beharrezkoa zaigu.
Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!