Archivo del mes: enero 2019

Barañaingo Auditorioan: Euskarazko Programazioa

Bertso-eguna

Bertso-eguna


BERTSO EGUNA 2019
EUSKAL HERRIKO BERTSOZALE ELKARTEA

Bertso Eguneko ekitaldia.

Bertsolariak:
Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi, Julio Soto, Maddalen Arzallus eta Xabat Galletebeitia.

Iraupena: 120‘

SINOPSIA
Urtero ospatzen dugun Bertso Eguna Barañainen ospatuko dugu aurtengoan. Egun osoko egitaraua prestatu dugu Bertso Eskolei lotuta. Izan ere, aurtengoan elkarrekin ospatuko ditugu Bertso Eguna eta Bertso Eskolen Eguna.

Arratsaldeko ekitaldia Barañaingo Auditorioan egingo dugu.

XEHETASUNAK

EGUNA: urtarrila 26, larunbata.
ORDUA: 19:00
ARETOA: Auditorio Aretoa.

GOMENDATUTAKO ADINA: Ikusle guztientzako.

Iraupena: 120′

ENEKANTAK


SATORJATOR
LURRAREN BIHOTZERA BIDAIA
ENE KANTAK

FITXA ARTISTIKOA

Konpainia: Ene Kantak
Zuzendaritza: Urko Oskoz

Aktoreak: Oiane Yarza, Urko Oskoz, Aitziber Fernandez, Uxue Rodriguez eta Xabi Akerreta

Zuzendaritza musikala: Nerea Urbizu
Koreografiak: Urko Oskoz, Oiane Yarza eta Nerea Urbizu
Argien diseinua: Oscar Valoria
Soinu diseinua: Roberto Irisarri
Ilustrazioak: Mikel Santos
Produkzioa: Jesús Irujo
Diseinu grafikoa eta webgunea: Mikel Mendibil
Kontratazioa: Mikel Mendibil – antzerkia@enekantak.com

SINOPSIA
“Satorjeitor” Nere eta Eneko pertsonaien bidai berri bat da. Aurreko abenturatan liburu majiko baten bitartez basora, itsaspera eta espaziora bidaiatu zuten. Honako honetan Lurraren erdiguneraino barneratuko dira. Bertan altxor preziatu bat bilatu beharko dute; urre txanponik ez eta familia eta lagunekin jolasteko denboraz beteta dagoena. Abenturan zehar, denbora ordezkatzen duen Krono pertsonaia azalduko da. Nerek eta Enekok tablet edota mugikorrarekin euren denbora alferrik galtzen duten bakoitzean, Kronok denbora kenduko die, abentura bukatu gabe uzteko arriskuan gelditzeraino. Euren helburua betetzen lagunduko dieten pertsonai berriak ezagutuko dituzte: Satorjeitor eta Armiarma. Beraiekin beldurrak eta ziurtasun ezak gaindituko dituzte, beti bezala ingurugiroa eta lagunak zaintzen.

Iraupena: 80‘

GOMENDATUTAKO ADINA: 16 urtetik aurrera.
PREZIOA: (+ 0,30 € sarrerako) – Aldez aurretik 10€. Egun berean 12€

XEHETASUNAK

EGUNA: martxoa 30, larunbata.
ORDUA: 20:30
ARETOA: Auditorio Aretoa.

7AK-BAT


7AK BAT
ATX TEATROA

Egilea: Atx Teatroa
Zuzendaria: Atx Teatroa
Musika: Zarzaparrilla
Antzezleak: -Mirian K. Martxante -Estibaliz Villa -Aiora Sedano
Argi diseinua: Atx Teatroa
Eszenografia: Atx Teatroa
Teknikoa: Atx Teatroa

SINOPSIA
Nondik dator gizakiaren gaiztakeria? Berezkoa da? Ekidinezina da?

Gure kulturako zazpi pekatu kapitalak eta orokorrean pekatuaren ideia hartu eta, Victor Frankensteinek egin eban moduan, gizaki barri bati bizia emongo deutsagu, groteskoa, basatia, gupidabakoa….

Komeria, satira eta sarkasmoaren lengoaiagaz, guztiok alfonbra azpian ezkutatu ohi doguna, agerian geratuko da.

Iraupena: 70‘

XEHETASUNAK

EGUNA:  martxoa 30, larunbata.
ORDUA: 20:30
ARETOA: Auditorio Aretoa.

GOMENDATUTAKO ADINA: 16 urtetik aurrera.


 

Euskararen gibelatze

Patxi Saez

Patxi Saez


Euskarari hizkuntzakeriaren pozoitik eman izan zaizkion eztenkada mingarrienak inperialismo linguistikoaren botere egituretatik etorri izan zaizkio. Eztenkada horiek etengabeak izan dira historiaren joan-etorrian, baita gaur egun ere.1234-1239koa da agirietan agertzen den euskararen aurkako hizkuntzakeriari buruzko testigantzarik zaharrena. Sasoi hartan Errioxako Ojacastro herrian, eta baita eskualde osoan ere, euskara zen egunerokoan herritarrek hitz-jario bizian erabiltzen zuten hizkuntza. Herritar haietako asko eta asko euskaldun elebakarrak ziren. Baina, Gaztelako merioak, erregearen izenean lurralde hartan epaile lanak egiten zituenak, epaiketetan euskaraz egiteko debekua ezarri zien. Erabakiarekin suminduta, haserrearen haserrez, alkateak eta Ojacastroko bizilagunek bat hartuta, merioari ikusarazi zioten epaiketetan euskaraz egitearena aitortuta zeukaten eskubidea zela. Alkateak Gaztelako merio nagusia zen on Morial jaunari frogatu zion lurralde hartako herritarrei Ojacastroko foru edo lege zaharrak aitortu egiten ziela euskaraz egiteko eskubidea. La fazanya de Ojacastro du izena herri usadio zaharrean oinarri zuen epai historiko hark. Euskarak lurralde batean legez aitortutako ofizialtasunaren lehen testigantza dugu Ojacastrokoa.

1349. urtetik hasita, Aragoiko koroaren mendean zegoen Oska hirian argitaratutako udal agindu edo ordenantzetan, herriko azokan pertsonen arteko salerosketetan artekaritza lana egiten zutenei, arabiera, hebraiera eta euskara erabiltzea debekatu zieten eta garai hartako kristautasunaren hizkuntza zen aragoitar erromantzea erabiltzera derrigortu zituzten. Aldi hartan, artekariek, iruzurrik ez gertatzeko, pertsonen arteko salerosketak egiaztatzen zituzten.

Oska hiriko ordenantzetatik, denbora igaro ahala, arabieraren eta hebraieraren debekua kendu bazuten ere, hizkuntza haiek lurralde hartatik desagertu egin zirelako, euskararen debekuak hirurehun urtez iraun zuen, XVII. mendera arte.

1768 eta 1770. urteetan hartutako erabakien bidez, Espainiako Carlos III.a erregeak inperioko eskola guztietan, baita Amerikakoetan ere, gaztelania derrigorrezko ezarri zuen eta gainontzeko hizkuntza guztiak erabiltzea debekatu eta zigortu egin zuen Borboi etxeko errege glotofobo hark.

Frantziako iraultzaren garaian, 1794. urtean, Frantzia osoan hizkuntza bakarra ezartzearen aldeko Barère txostena gailendu zen. Jakobino iraultzaileek frantsesa estatu-nazioaren hizkuntza bakar eta nagusi bihurtu nahi zuten garai hartan, Henri Grégoire abade iraultzaileak, 1794ko ekainaren 4an, Frantziako Lehen Errepublika sortu zuen batzar konstituziogilearen aurrean, “Dialektoak suntsitzeko eta Frantziako hizkuntzaren erabilera orokor-tzeko, behar eta baliabideei buruz” aurkeztu zuen txostenean zioenez, Frantziako biztanleen % 11k besterik ez zuen hitz egiten Napoleonek ere ikasi beharra izan zuen hizkuntza. 28 milioi biztanleetatik 3 baino gutxiagok egiten zuen frantsesez. Frantzia iraultzaile hartako 83 departamentuetatik 15etan bakarrik egiten zen frantsesez. Garai hartako errealismo linguistikotik oso urrun zegoen Frantziaren luze-zabalean iraultzaren agintetik ezarri zuten hizkuntza.

Frantzian ere, iraultza handiaren ondoren, XIX. mendean barrena, hainbat legeren bidez eskolako hizkuntza bakartzat ezarri zuten frantsesa (1833ko Guizot legea, 1850eko Falloux legea, 1882ko Ferry legea…).

1876an, Bigarren Karlistaldiko gerratearen ondoren, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan Foruak galdu zirenean, gaztelania ezarri zen hizkuntza bakar. Gerra galtzeak herrigintzarako ahalmena, erabakimena eta ekimena galtzea ekarri zuen eta hortik berebiziko atzerakada etorri zen euskararentzat. Garai hartako Madrilgo El Imparcialegunkariak hauxe argitaratu zuen bere editorialean:

“Quitarles los Fueros no es suficiente, ahora tenemos que quitarles la lengua…”.

1914an, Lehen Mundu Gerra piztu zenean, Ipar Euskal Herriko baserriak -Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberokoak- hustu egin ziren gazte-jendez. Lau urte iraun zuen gerra luze eta odoltsu hartara joan ziren gazte euskaldunak frantsestuta itzuli ziren lubakietatik, Frantziaren aldeko herritartasun atxikimenduz beterik. Borrokaren lehen lerroan ziren euskaldun anitz frantsesa ez jakiteagatik hil ziren, aginduak ez ulertzeagatik. Kantuak dioen bezala, “Euskara baizik ez zekiten haiek, morts pour la patrie”. Armak hartzera deitutako euskaldun frankok gerra latz hartan euskara soilik jakitea trabarako eta kalterako zutela iritzi zioten eta, horregatik, frantsestu egin ziren. Frantziaren alde bokorratzeak herritartasun lokarri sendoak sortu zituen euskaldun anitzengan. Eskolak eta armadak funtsezko funtzioa izan zuten frantses nazioaren sorkuntzan, nazio kontzientzia horren errotzean. Eta Euskal Herrian ere eragina izan zuten.

Gerrek on guztia eraman eta txar guztia ekar-tzen dute. Hala, beste gerra batek ekarri zuen euskara Hego Euskal Herriko karriketatik, dendetatik, aldizkarietatik, egunkarietatik, liburuetatik, irratietatik, disketatik, antzokietatik, elizetako ponteetatik eta bizitza publikotik desagerrarazteko agindua. Baina, batez ere, hitza mintzo bihurtzeko debekua eta zigorra ekarri zuen. Falangisten fusilen aurrean zigortutako euskaldunekin herri askotako hormak tiroz zulatu eta odolez gorritu zituen erregimen frankistak ekarri zuen euskararen erabateko debeku eta jazarpena. 1938an, esate baterako, haur jaioberriei euskarazko ponte-izena jartzea debekatu zuen 40 urte iraun zuen Frankoren diktadura glotofobo hark. 1944an, berriz, idazki publiko guztietan debekatu zuen euskara, baita hildakoen hilobietan ere. Euskaraz jaio, bizi eta hiltzea debeku eta zigorra zen Generalísimoaren diktadura hartan.

Baina euskararen galera inondik etorri bazen, modernizazioak ekarritako lan egiteko moldearen aldaketatik etorri zen. Industrializazioak ordura arteko gizartearen antolaketa irauli egin baitzuen. Familia asko eta asko mendi-mendian belardiz inguratutako baserri-etxe zabaletan bizitzetik, etxe-ilarez osatutako kalezuloetara joan ziren bizitzera, izenik eta izanik gabeko etxe estuetara, ke beltza zerien lantegien altzora. Industrializazioak euskararen lurraldea kolonizatu eta urbanizatu egin zuen, bereziki Espainiatik saldoka etorritako langile erdaldunekin. Erdaraz lan egiten zuten fabrika haietan soldatapeko langile bihurtzeko ezinbestekoa zen euskara bazter uztea, baita erdaldunez jositako hiri, herri eta auzoetan bizitzeko ere. Biztanleriaren hazkunderik handiena 1950 eta 1975. urteen artean gertatu zen: % 93 hazi zen biztanleen kopurua Hego Euskal Herrian. Ia bikoiztu egin zen biztanleria: 1950. urtean 1.443.472 biztanle izatetik, 1975 urtean 2.783.352 biztanle izatera igaro zen biztanleria Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan, 1.300.000 herritar gehiago hogeita bost urtean.

Baserri-etxeetan oinarritutako familiaren egitura sozialak eta ekonomikoak bere azken arnasa eman zuen industrializazioarekin. Baserriak mendeetan hezur-mamitutako burujabetza ekonomikoa galdu egin zen, lantegi handien menpekotasun ekonomikoaren gatibu bihurtzeko.

Eta gaur egun, euskararekin ere, horretan gaude. Gizakia gizaki denetik biziraupena eta garapena lanean ardaztuta dituen gizarteak nola bihurtuko du euskara bere hizkuntza nagusi, lanerako baliorik ematen ez dion bitartean? Euskara lan egiteko hizkuntza izaten dugunean, orduan bihurtuko dugu euskaldunez osatutako gizartearen ardatz-hizkuntza. Azken batean, gizakiaren hiru oinarri funtsezkoenak euskaratik eraikitzea da gakoa: familia, lagunartea eta lana. Horiek azken mila urteotan etxetik eta euskaratik eraiki ditugu. Eta aurrerantzean ere, euskaratik eraiki beharko ditugu euskaldunon mintzoa, morrontzarik gabe, bere buruaren jabe izatea nahi badugu.

Patxi Saez Beloki
Soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea