Archivo del mes: abril 2015

Nafarroan euskara bizirik bada milaka lagunen lanari esker dela erakutsi zuten

konseilu_anaitasuna

konseilu_anaitasuna


Euskarak traba ugari ditu Nafarroan. Hezkuntza arloan eta komunikabideetan normalizazioaren aurka egiten dute. Gogorra da maiz Nafarroan euskalduna izatea. Oztopo horien gainetik, ostera, euskarak bizirik dirau eta aurrera egin du, milaka lagunen lanari esker. Testigantza horiek bildu ziren atzo Anaitasunan. Txalotzeko eta eskertzeko. Eta abian den aldaketak euskara oinarri izatea ezinbestekoa dela ere aldarrikatu zuten.

Emozioa agindu zuten Kontseiluko kideek eta emozioa izan genuen atzo arratsaldean Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Nafarroan ere, oztopo guztien gainetik, euskara bizirik dagoela aldarrikatu zuten. Horretarako, lan eskerga egin behar izan bada ere. Juan Kruz Lakasta Euskalerria Irratiko esatariak Ruper Ordorikaren hitzak hartuta nabarmendu zuenez, «Nafarroan euskalduna izatea gauza ederra da, baina gogorra ere bai».

Nafarroan bizi diren egoera gogorren berri eman zuten atzo Anaitasunan, bai. Baina hizkuntzaren indarraren berri ere izan zen.

Eneko Olasagasti zinema zuzendariak prestatu zuen ekitaldia oso sinbolikoa izan zen. Goitik behera beltzez jantzitako pertsonaia batzuek euskarari trabak jartzen zizkioten behin eta berriz. “Baldorba” abesten zuen talde bat harresi baten atzean utziz, adibidez, Nafarroak pairatzen duen zonifikazioaren isla. Herritarren lanari esker harresi hori bota eta euskararen zutabeak altxatu zituzten. Baina zutabeak zutitutakoan beltzez jantzitakoak bueltatzen ziren egindakoa suntsitzera. Behin eta berriz, ekitaldi osoan zehar. Hamaika bider.

Anaitasunako pistan paraturiko aulkietan eserita zeuden herritarrak altxatu eta harresia osatu zuten arte. Beltzez jantzitakoek ez zuten aukerarik izan eta etorritako bidetik bueltatu behar izan zuten.

Sinbolismoa bai. Publikoaren parte hartzea ere bai. Baina testigantza ugari ere izan genituen atzo Anaitasuna kiroldegian. Bideoz zein zuzenean.

Artaxoa eta Mendigorriako haurren amen testigantza izan zen horietako bat. 1.400 ikaslek bost milioi kilometro egin behar dituzte urtean, euskaraz ikasi ahal izateko. Euren herrietan eskola dute, baina ez euskarazkoa. Euskararen Foru Legeak ezartzen duen muga artifizialak eskubide hori kentzen die.

Eguraldi kaskarra denean gurasoek izaten duten beldurra gertutik ezagutu genuen. Hiru urteko haur bat auto batean sartzea zein neurriko ahalegina den entzun genuen. Esfortzuak gertutik sumatu genituen. Baina horiekin batera, elkartasuna ere badela jakin genuen. Euskararen aldeko jaiak izan direnean herritarrek egindako lanaren berri izan genuen. Elkarte ugarik egindako guztiaz konturatu ginen.

Eta atzo Anaitasunan izan ez bazen ere, Patxi ezagutu genuen. Artaxoa eta Mendigorriatik Garesera ikasleak eramaten dituen taxiaren gidaria. Zonifikazioak bezala ez hanka ez bururik ez duen egoera batek ezohiko harremanak sortzen ditu. Eta euskaraz ikasten duten haur horientzat Patxi ez da taxi gidaria soilik, osaba baizik. Familiakoa ez bada ere.

Zalantzarik gabe, unerik hunkigarriena Adrian Marturet gogoratu zutenekoa izan zen. Bederatzi urte zituen hil zenean. Bere herrian ezin zuen euskaraz ikasi eta Lizarrara joaten zen egunero. Oraindik ere urtean bost milioi kilometro egiten dituzten haur horien antzera. 1999an hil zen Adrian. Eta egoera ez da konpondu. Oraindik ere. Txalo zaparrada ugari izan ziren atzo Anaitasuna kiroldegian, baina Adrianen amak, Arantza Asiainek jaso zuen txalo zarta bero eta hunkigarriena. «Gure seme-alabak ez dira bigarren mailakoak. Lehen mailakoak dira eta eskubide guztiak dituzte», nabarmendu zuen Adrianen amak oholtza gainetik. Eskubide guztiak dituzte, bai. Baina legeak ez dizkie onartzen. Eta errepidea ongi baino hobeto ezagutzen dute.

Euskararen transmisioa bermatzeko ahaleginak egin dituzten gurasoen lanak ere txalo ugari jaso zituen. Fabrikan txandako lana egin eta gero euskaltegirako bidea hartzen zuten gurasoen istorioak entzun genituen. Izan ere, motibazio handia zuten, ikastolara joaten ziren seme-alabekin euskaraz hitz egin ahal izateko, etxeko lanekin lagundu ahal izateko. esfortzu handia egin zuten eta helburua bete zuten. Are gehiago, egun bilobekin euskaraz aritzeko gai dira.

Euskarak Nafarroan etsai ugari baditu ere, hizkuntza honen aldekoak ere asko direla erakutsi zuten atzo Iruñeko Anaitasunan.

Euskara ardatz izango duen aldaketa behar dela nabarmendu du Paul Bilbaok

Euskarak Nafarroan ere aurrera egin duela eta hori ospatu beharra dagoela; horixe adierazi zuen atzo Anaitasunan Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok. «Azken urteotan euskararen benetako historia zertan izan den ikusten ari gara. Izan ere, guztion lanari esker, gizartea aldatzen ari gara», esan zuen.

Gauzak horrela, Nafarroan aldaketa behar dela nabarmendu zuen. «Mezu hori gero eta gehiago ari gara ikusten, entzuten, sentitzen. Aldaketa ezinbestekoa da. Halere, kasu! Aldaketa ez da benetakoa izanen, euskarak ez badu zentralitatea hartzen. Gu ere aldaketaren premian gaude, baina euskara ardatz izango duen aldaketa», zehaztu zuen.

Aldaketa hori egokia izan dadin, euskararen normalizazioaren zutabeak indartu behar dira. Lehena, marko juridikoa da. Egungo zonifikazioa gaindituko duen legea eskatu zuen, bazterkeriarik gabekoa eta eskubide berdintasunarekin. Bigarren zutabea plangintza da, Nafarroako Gobernuak ez baitu euskara normaltzeko planik. Hirugarren zutabea baliabideak dira, euskaran inbertitzea, hain zuzen.

«Hiru zutabe hauek ez daude batere sendo. Zutabe ahulak dira eta aldaketak zutabe hauek sendotu egin beharko ditu. Halere, badugu laugarren zutabe bat. Izan ere, hizkuntza bat berreskuratuko da, baldin eta hori nahi duen komunitate bat badago atzean. Herri gogoa, euskaraz bizi nahi duen herria! Eta zutabe sendoa, zutabe irmoa», erantsi zuen, Anaitasuna indar horren adierazle dela gaineratuz.

Hemendik aurrera, mezu hau nork bere esparruan hedatzeko deia egin zuen. Kontseiluak hamahiru proposamen zehatz duen dokumentua helaraziko die alderdi politikoei.

Gara, 2015/04/27

2015 Baigorrin: «Gure historia nafarra da, gure geroa euskalduna»

baigorri

baigorri


Hirugarren urtez jarraian eguraldi kaxkarra izan zen atzokoan ere baigorrin, eta festa zertxobait zapuztu zuen. Euskal Herri osotik jindako jendearen bizipozak, ordea, aise konpentsatu zuen giro umela.

Kultura guztiek eskubide berak izan behar dituztela nabarmenduta, euskal kulturarentzat errespetua aldarrikatu zuen Basaizeak

Eguna makal samar zabaldu arren, Basaizea elkarteak urtero antolatzen duen festan parte hartzeko gosez hurbildu zirenak goizetik hasi ziren karrikak musikaz eta kolorez betetzen. Esaterako, sortu berri den Les Lourdos (Astunak) txaranga uztariztarra goiztiarrenetakoa izan zen eta gaiteroekin pareko aritu ziren diana jotzen.

Etxauzeko gazteluan, berriz, Herriko Etxeak harrera bikaina egin zien Nafarroa Behere eta Garaiko hainbat hautetsiri eta Udalbiltzako ordezkariei. Zigante eta buruhandiek ere ez zioten kale egin hitzorduari, baina buruak plastikoz babestu zizkieten arren, azkar erretiratu behar izan zituzten euriak kaltetu baino lehen.

Elizako plazako musika eta dantzen emankizunaren ikusgarritasuna zertxobait lausotu bazen ere, Xan Leon Indartek ohore egin zion bere izenari eta indartsu aritu zen ekitaldia animatzen. «Zatozte, biba zuek, aitzina, ez dugu amore emanen» esanez, harrera egin zien trikitilariei, musikariei, herriko dantza taldekoei eta Irurtzun, Otsagabi edota Tuteratik jindakoei ere, denen artean laino grisak uxatuko zituztela ziurtatuz.

Egia esan, goiz parteko ekitaldia amaitzen ari zela, halako etenaldia egin zuen euriak, eta horri esker presoen eskubideak aldarrikatuz egin ohi den manifestazioak beste plazarainoko bidea errazago egin zuen.

Maskaradarik ez

Horren aurretik, Basaizeako Bixente Irigaraik eta Amaia Kastorenak elkartearen mezua zabaldu zieten plazan bildutakoei. Kanpoko kulturak ez dituztela mespretxatzen nabarmenduta, «gurearentzat ere errespetuz» jarduteko eskatu zieten bi gazteek «estatu handiei». «Ez dugu kulturen hierarkizazioa onartzen, kultura guztiek eskubide berdinak izan behar dituzte», esan zuten.

Urte hasieran Charlie Hebdoren kontra Parisen izandako atentatuaren ostean ikusi den «maskarada» ere salatu zuten, gogora ekarriz munduko agintariek adierazpen askatasunaren alde egindako ekitaldian zeudela gobernu frantsesa, hizkuntza gutxituak onartzen ez dituena, eta espainola, “Egunkaria” bezalako hedabideak ixten dituena.

Korrika, Gernikako bonbardaketaren 78. urteurrena, igaro berri diren kantonamenduetako bozak edota folklorismoa ere hizpide izan zituzten. «Kultura naturala nahi dugu, egunerokotasunean erabiltzen den kultura. (…) Gu zuekin, elkarrekin aitzina joateko nahiak du nazioa eraikitzen», nabarmendu zuen Irigaraik.

Bukatzeko, «gure historia nafarra da, gure geroa euskalduna» baieztatu zuen, helburu horrekin bat datozenei bidea elkarrekin egitera gonbidatuz: «Zuek gu izan zaitezten, zuek gabe ez baikara gu».

Ikastolen aldeko bazkariak ehunka pertsona bildu zituen eta karparen inguruan Irrien Lagunek paratutako joko eta animazioez gozatu ahal izan zuten haurrek. Euria tarteko, ez nahi beste, halere. Arrazoi berberagatik, arratsalde parteko emankizun batzuk, Etorkizuna Kontzeptuak-en “Leihotik” ikusgarria esaterako, bertan behera geratu ziren.

Euria gorabehera, euskal kultura, hizkuntza eta Nafarroa bizirik mantentzeko nahi eta grinari tinko eutsiko diotela argiki erakutsi zuten, beste behin ere, Baigorrin.

Gara, 2015/04/27